Bi erregalu, baldintza baten pean (Mateo 25,31-46)
Kristo Erregearen Jaia, Urteko 34. igandea (2020-11-22)

Elizak beti bere bidea egiten du; horrenbestez, datorren larunbatean urte liturgiko honen bukaera izango du, herri-urtearen azkena baino hilabete bat pasa lehenago. Abendu hilabeteko igandeak (abendualdia) Eguberriak prestatzeari eta ospatzeari emango dizkiegu. Orain, dena den, urtea amaitzea dagokigu, eta Kristo Erregearen jai honekin egiten dugu Elizan.

Jai honen zergatia eta zentzua

Ez da oso aspaldiko jaia; Pio XI.ak eratu zuen 1925ean. Zer asmo zuen? Hori ulertzeko, garai hartako gertaera nagusienak hartu behar dira gogoan. Lehen Mundu Gerratea bukatua zen zazpi urte lehenago. Alemaniak, Frantziak, Italiak, Errusiak, Ingalaterrak. Austriak, Ameriketako Estatu Batuek berek, milioika hildako izan zituzten. Ondorengo krisialdi ekonomiko eta soziala oso latza izan zen; Errusian tsarra erortzea eragin zuen eta errejimen komunista ezartzea 1917an; Italian faxismoa agertzea, Mussolinik 1922an Erroma hartzean, eta Alemanian nazismoa, 1923an, Hitlerren Putsch edo estatu-kolpearekin. Ameriketako Estatu Batuetan euforia ekonomikoaren aroa, mundua 1929ko hondamendira eramango zuena, bizi zuten bitartean, Europan egoera izugarri txarra bizi zuten: langabezia, gosetea eta tirandura soziala.

Egoera honen aurrean, Pio XI.ak ez zuen egin analisi sozio-politiko-ekonomiko sinpleenik. Maila goragokora begira jarri zen, eta uste izan zuen gaitz guztien, gerlaren eta ondorengo guztiaren kausa honako hau zela: «norberaren bizitzatik, familiatik eta gizartetik Kristo eta beronen legea urrundu izana», eta «ezin zela espero bake iraunkorrik herrien artean, gizabanakoek eta nazioek Kristo Salbatzailearen inperioari uko eta aurka egiten zioten bitartean». Horregatik, uste izan zuen, berak, Pontifize gisa, bakea berregin eta sendotzeko egiten ahal zuen gauzarik hobena «Gure Jaunaren Erreinua berrezartzea» zela. Komatxo arteko hitzak jaia eratzeko argitara eman zuen Quam primus entziklikaren hasieratik hartu ditut.

Balizko objekzioa bistakoa da: konpondu ote daitezke horrenbeste problema Kristo Erregearen ohoretan jai bat eratzearekin?, lortuko al du jai batek jendearen bihotza aldaraztea? Ordudanik igaro diren laurogeita hamar urteek agerian utzi dute ezina.

Horregatik, 1970ean jai honen zentzua aldatu egin zuten. Pio XI.ak urrian ospatzeko agindua zuen, Santu Guztien aurreko igandean. Urte liturgikoaren azken igandera aldatu zuten 1970ean, Urte osoan Jesusez eta beronen mezuaz oroitu izan denaren gailur gisa.

Orain, beraz, ospakizunaren asmo nagusia ez da bakea berregin eta sendotzea, baizik eta Kristo zoriontzea, lortu duen garaipenagatik. Bere bizitzan heriotza arte besteen alde egindako ahaleginagatik eta buru-eskaintzagatik saririk handiena eman nahi balitzaio bezala.

Irakurgaiak, alabaina, ez zaizkigu ari lau haizeetarako irrintziaz eta zeremonia liluragarriez. Soilik, Kristo Erregea gure alde zein ondo ari den esaten digute eta gure aldetik espero duen erantzunaz.

Lehen erregalua: Jaunaren arreta gurekiko (Ezekiel profeta 34,11-12.15-17)

Antzinako Ekialdean, erregeaz hitz egitean erabili ohi zuten irudia artzainarena zuten. Erregeak bere herriaz zituen ardura eta sakrifizioa sinbolizatzen zituen irudi horrek, artzain batek bere artaldeaz izan ohi dituenak. Izatez, ordea, ez zen beti horrela gertatzen. Ezekiel profetaren 34. kapitulua judu-erregeez mintzo da: artzain txar dira, beren herriaz baliatu dira eta, gero, ardurarik ez diote agertu eta bertan behera utzi dute Jerusalem erori eta jendea Babiloniara deportatu dutenean.

Baina Jainkoa ez da izan axolagabe: errege txar horiek baztertuko ditu eta beraien lekua hartuko du bi gauza eginez: 1) Errege-Artzain gisa, bere ardien bila ibiliko da, zainduko ditu, etab. 2) Errege-Epaile gisa, bere artaldea juzkatuko du, ardiak defendituz eta akerretatik onik ateraz (horregatik deitu ohi diegu «kabroi» besteekin gaizki jokatzen dutenei).

Ebanjelioaren testua (Azken Auzia) bigarren gai horrekin uztartzen da. Baina liturgiak lehena hartu du nagusitzat, Jainkoak bere herriarekiko duen ardura azpimarratuz. Interesgarria da erreparatzea Jaunaren maitasuna eta ardura azpimarratzen dituzten ekintza-multzoari: «jarraituko diot nire ardien arrastoari, askatuko ditut, larratuko, loaraziko, bilatuko, bilduko, bendatuko zaurituak, sendatuko gaixoak». Gaurko jai honen testuinguruan, esaldi hauek Jesusi aplikatu beharko genizkioke; Kristo Erregearenak ez bezalako irudia eskaintzen digute; ez diote ematen ezaugarritzat Jesusi, ez distira, ez aintza, baizik eta gu guztiokiko dituen hurbiltasuna eta buru-eskaintza. Aukera ona gogoratzeko, nola jokatu duen Jesusek gutako bakoitzarekin, bila ibiliz, askatuz, sendatuz…

Bigarren erregalua: garaipena heriotzaren gain (Bigarren irakurgaia: 1 Korintoarrei 15,20-26.28)

Paulok, bere garaiko erromatar kanpainek eraginik, Jainko Aita enperadore handi bezala aurkeztu digu, garaile atera eta dena bere esku jarri duena. Baina Aitaren izenean borroka dagiena Kristo da, etsai askori aurre egin beharra izan diona. Haietan azkena, arriskutsuena, heriotza izan da: berpizteko unean garaitu du Jesusek herioa. Herioaren gaineko garaipen horretan partaide gara gu guztiok ere. Urte liturgikoaren azken hau, lurreko gure bizitzaren azkena gogorarazten digun hau, une egokia dugu heriotzari buruzko ziurtasun-eza eta larria gainditzeko, eta piztueraren esperantza eskertzeko.

Baldintza bat (ebanjelioa: Mateo 25,31-46)

Ebanjelioak ez du aurkeztu ardaztzat Kristoren garaipena, jakindakotzat ematen du; haren Erreinuan partaide izateko, guk izan behar dugun jokabidea agertu digu. Parabola hain ezaguna eta argia da, non ez baitu iruzkin edo komentario beharrik; soilik, bizitzen saiatzea da beharrezkoa. Adieraz ditzadan xehetasun jakingarri batzuk.

1.-Juduen Apokaliptikan Azken Auziaz ageri diren beste aurkezpen batzuetan ez bezala, Auzia garatzen duena, gauzatzen duena, ez da Jainkoa, baizik Gizonaren Semea, Jesus. Berau da eseriko errege-tronuan, berau da errege bezala diharduena, sarituz eta zigortuz.

2.-Saritzeko eta zigortzeko irizpideak ahulenei laguntzearen aldekoak dira soil-soilik: gose eta egarri direnei, atzerritarrei, biluzik direnei, gaixoei eta presoei laguntzea. Formula hauek oso antzinakoa dute beren jatorria. Egipton, Hildakoen Liburuko 125. kapituluan, antzeko zerbait dakusagu: «Nik ogia eman nion gose zenari eta ura egarri zenari; jantzia eman nion biluzik zen gizonari eta ontzi bat itsasoan galdua zenari». Itun Zaharrean, formulaziorik antzekoena Isaiasen 58. kapituluan dator: «Hau da nik nahi dudan baraua: zure ogia gose denarekin partekatzea, etxerik gabeko pobreak etxean hartzea, biluzik ikusi duzuna janztea eta ez ixtea zeure burua zeure haragi denari». Juzkatuko gaituenean, Jesusek kontuan izango duen gauza bakarra, geure bizitzan ekintza nagusi hauek gauzatu ditugun ala ez izango da. Beste gauza batzuk, batzuetan halako garrantzia ematen diegunak (sineskizunak, jarduera erlijiosoak, otoitz-bizitza…) ez dira aipatu ere egiten.

3.-Jesusen planteamenduaren erabateko berritasun honetan datza: jende ahulari egin izan zaiona Jesusi berari egina izan dela. Baieztapen txundigarria, bai gaitzetsientzat, bai salbatuentzat. Haietako inork ez du jokatu edota ez dio jokatzeari utzi, Jesus kontuan hartuz; hori, ordea, bigarren mailako gauza da.

José Luis Sicre