Bi erregalu, baldintza baten pean (Mateo 25,31-46)
Kristo Erregearen Jaia, Urteko 34. igandea (2017-11-26)

Urte liturgiko honen azken igande honek Jaunaren garaipena ospatzera gonbidatzen gaitu, beraren bizitzako memento zail eta gogorrak gogoratu ondoren. Alabaina, irakurgaiak ez dira mintzo kanpaiak joz eta zeremonia distiratsuz ospatzeaz. Kristo Erregeak gurekin zein ondo jokatzen ari den eta gugandik zer espero duen esaten digute.

Lehen erregalua: Jaunaren arreta gurekiko (Ezekiel profeta 34,11-12.15-17)

Antzinako Ekialdean, erregeaz hitz egitean erabili ohi zuten irudia artzainarena zuten. Erregeak bere herriaz zituen ardura eta sakrifizioa sinbolizatzen zituen irudi horrek: artzain batek bere artaldeaz bezala jokatzen zuen erregeak. Izatez, ordea, ez zen beti horrela gertatzen. Ezekiel profetaren 34. kapitulua judu-erregeez mintzo da: artzain txar dira, beren herriaz baliatu dira eta, gero, ardurarik ez diote agertu eta bertan behera utzi dute Jerusalem erori eta jendea Babiloniara deportatu dutenean.

Baina Jainkoa ez da izan axolagabe: errege txar horiek baztertuko ditu eta beraien lekua hartuko du bi gauza eginez: 1) Errege-Artzain gisa, bere ardien bila ibiliko da, zainduko ditu, etab., 2) Errege-Epaile gisa, bere artaldea juzkatuko du, ardiak defendituz eta akerretatik onik ateraz (horregatik deitu ohi diegu «kabroi» besteekin gaizki jokatzen dutenei).

Ebanjelioaren testua (Azken Auzia) bigarren gai horrekin uztartzen da. Baina liturgiak lehena hartu du nagusitzat, Jainkoak bere herriarekiko duen ardura azpimarratuz. Interesgarria da erreparatzea Jaunaren maitasuna eta ardura azpimarratzen dituzten ekintza-multzoari: «jarraituko diot nire ardien arrastoari, askatuko ditut, larratuko, loaraziko, bilatuko, bilduko, bendatuko zaurituak, sendatuko gaixoak». Gaurko jai honen testuinguruan, esaldi hauek Jesusi aplikatu beharko genizkioke: Kristo Erregearena ez bezalako irudia eskaintzen digute; ez diote ematen ezaugarritzat Jesusi, ez distira, ez aintza, baizik eta gu guztiokiko dituen hurbiltasuna eta buru-eskaintza. Aukera ona gogoratzeko, nola jokatu duen Jesusek gutako bakoitzarekin, bila ibiliz, askatuz, sendatuz…

Bigarren erregalua: garaipena heriotzaren gain (1 Korintoarrei gutuna 15,20-26.28)

Paulok, bere garaiko erromatar kanpainek eraginik, Jainko Aita enperadore handi bezala aurkeztu digu, garaile atera eta dena bere esku jarri duena. Baina Aitaren izenean borroka dagiena Kristo da, etsai askori aurre egin beharra izan diona. Haietan azkena, arriskutsuena, heriotza izan da: berpizteko unean garaitu du hau Jesusek herioa. Heriotzaren gaineko garaipen horretan partaide gara gu guztiok ere. Urte liturgikoaren azken hau, lurreko gure bizitzaren azkena gogorarazten digularik, une egokia dugu heriotzari buruzko ziurtasun-eza eta larria gainditzeko, eta piztueraren esperantza eskertzeko.

Baldintza bat (ebanjelioa: Mateo 25,31-46)

Ebanjelioak ez du aurkeztu ardaztzat Kristoren garaipena, jakindakotzat ematen du, baizik eta, haren Erreinuan partaide izateko, guk izan behar dugu jokabidea. Parabola hain ezaguna eta argia da, non ez baitu iruzkin edo komentario beharrik; soilik, bizitzen saiatzea da beharrezkoa. Adieraz ditzadan xehetasun jakingarri batzuk.

1.-Juduen Apokaliptikan Azken Auziaz ageri diren beste aurkezpen batzuetan ez bezala, Auzia garatzen duena, gauzatzen duena, ez da Jainkoa, baizik Gizonaren Semea, Jesus. Berau da eseriko errege-tronuan, berau da errege bezala diharduena, sarituz eta zigortuz.

2.-Saritzeko eta zigortzeko irizpideak ahulenei laguntzearen aldekoak dira soil-soilik: gose eta egarri direnei, atzerritarrei, biluzik direnei, gaixoei eta presoei laguntzea. Formula hauek oso antzinakoa dute beren jatorria. Egipton, Hildakoen Liburuko 125. kapituluan antzeko zerbait dakusagu: «Nik ogia eman nion gose zenari eta ura egarri zenari; jantzia eman nion biluzik zen gizonari eta ontzi bat itsasoan galdua zenari». Itun Zaharrean, formulaziorik antzekoena Isaiasen 58. kapituluan dator: «Hau da nik nahi dudan baraua: zure ogia gose denarekin partekatzea, etxerik gabeko pobreak etxean hartzea, biluzik ikusi duzuna janztea eta ez ixtea zeure haragiari». Juzkatuko gaituenean, Jesusek kontuan izango duen gauza bakarra, geure bizitzan ekintza nagusi hauek gauzatu ditugun ala ez izango da. Beste gauza batzuk, batzuetan halako garrantzia ematen diegunak (sineskizunak, jarduera erlijiosoak, otoitz-bizitza…) ez dira aipatu ere egiten.

3.-Jesusen planteamenduaren berritasun erabatekoa honetan datza: jende ahulari egin izan zaiona berari egina izan dela. Baieztapen txundigarria, bai gaitzetsientzat, bai salbatuentzat. Haietako inork ez du jokatu edota ez dio jokatzeari utzi, Jesus kontuan hartuz; hori, ordea, bigarren mailako gauza da.

José Luis Sicre