KONTZIENTZIA GAIZTOA Marcos 12,38-44
Urteko 32. Igandea B 2021-11-07

Teoriaz, Jesusentzat izan zirenak berak dira pobre Elizarentzat: lehenetsiak, gure atentzioa eta ardura erakarri behar duten lehenak. Baina hori teoria hutsa da; izatez ez da horrelakorik. Eta ez da ideia-kontua, baizik eta sentiberatasun-arazoa jende ahularen aurrean. Teoriaz, kristau orok esango du pobreen alde dagoela. Arazoa beste hau da: zein leku dute pobreek egiaz Elizaren eta kristau bakoitzaren bizitzan?

Egia da —eta ozenki esan behar da— Elizan jende asko, talde asko, erakunde asko, kongregazio misiolari asko, boluntario laiko asko dela, ez soilik pobreez kezkatzen dena, baizik eta, Jesusen espirituak berak eraginik, bere bizia eskainiz eta, are gehiago, arriskatuz bizi dena babesgabeenen duintasuna eta eskubidea defendatzeari emanik; baina zein da gure jarrera orokortua lurralde aberatsetako kristau-elkarteetan?

Arazoa laguntzatxo bat eskaintzea edo oparitxo bat ematea denean ez da izaten problema berezirik. Limosnak lasaitu egiten gaitu kontzientzia onarekin bizitzen jarraitzeko. Orduan hasten zaizkigu pobreek kezkarazten: planteatzera behartzen gaituztenean zein bizi-maila bizi dezakegun, jakitean, munduan egunero goseak hiltzen dela ez hirurogeita hamar mila lagun baino gutxiago.

Eskuarki, gure artean ez dira hain bistako gosea eta miseria. Agerikoena pobreen bizitza zuzengabeki marjinatua eta duintasun eskasekoa da. Praktikan, gure gizarteko pobreek gainerakook bizi ditugun eskubideen gabezia bizi dute; ez dute merezi beste edozein pertsona arruntak merezi ohi duen errespeturik; ez dute ordezkatzen ezer ganorazkorik kasik inorentzat. Halakoekin topo egiteak kezka edo ondoeza eragiten digu. Pobreek desmozorrotu egiten dituzte aurrerapenaz botatzen ditugun geure diskurtso handi-mandiak, eta agerian ipintzen dute gure karitatearen zekenkeria. Ez digute uzten kontzientzia onez bizitzen.

Ebanjelioko pasadizoak, zeinetan Jesusek goretsi egin baitu emakume alargun pobrea, lotsaturik uzten gaitu geure ongizatean eroso eta aserik bizi garenok. Guk, agian, sobera dugunetik ematen dugu zerbait; «premia jasaten duen» emakume honek, berriz, badaki «bizitzeko duen guztia ematen». Zenbat bider izaten diren pobreak hobekienik erakusten digutenak era duinean eta bihotz handiz eta zabalez bizitzen!

Jose Antonio Pagola