Otoitza, munduaren azkena eta zuzengabekeriak
Urteko 29. igandea C 2016-10-16

Otoitzaz beste ikuspegi bat

Lukasek bere ebanjelioa idatzi zien kristauak ez zeuden oso ohituak otoitz egitera; izan ere, haietako gehienak berrikitan kristau egindako paganoak ziren. Gaur egungo kristau askoren antzera, trumoiak jotzean bakarrik jotzen zuten Santa Barbaragana. Otoitzaren garrantzia adierazten saiatu zen Lukas; hainbat jende aurkeztu du: Elisabet, Maria, aingeruak, Zakarias, Simeon; guztiak ere, gorespen- eta esker-forma desberdinenak jaulkitzen; batez ere, ordea, Jesus bera agertu zien, leku bakartira bera bakarrik joaten, otoitz egitera, bere bizitzako unerik garrantzizkoenetan.
Igande honetako ebanjelioaren hasierak (Lukas 18,1-8) joera bera duela ematen du: «Aldi hartan, Jesusek parabola hau proposatu zien ikasleei, azaltzeko, eten gabe egin behar zutela otoitz, beti, desanimatu gabe». Halaz guztiz, ezusteko handi batekin egingo dugu topo bukaeran. Indarra, zuzentasunaren gaiari ematen dio, salba dezala Jainkoari eskatzen dion eta estutasunean bizi den elkarte bat. Krisialdi larri batean egiten den otoitza da.

Gau eta egun oihu egiten duten aukeratuak

Izan dezagun gogoan, Lukasek 1. mendearen 80-90 urteetan idatzi zuela bere ebanjelioa. Testua hobeto ulertzen laguntzen du batzuetan datak.
62. urtea: Santiago, Jaunaren anaia, eraila.
64. urtea: Neronek su eman Erromari. Horren errua kristauei leporatu; geroago pertsekuzioa piztu, zeinetan, beste askoren artean, eta tradizioaren arabera, Pedro eta Paulo erail.
66. urtea: juduak Erromaren aurka matxinatu. Jerusalemgo kristau-elkarteak, matxinadarekin eta gerlarekin ados ez eta, Pella-ra ihes egin.
70. urtea: erromatarrek Jerusalem konkistatu eta tenplua suntsitu.
81. urtea: Domiziano tronuratu, eta krudelki pertsegitu kristauak eta lege hau aldarrikatu: «Kristau bakar bat ere, behin auzi-mahaira ekarria delarik, ez da geldituko zigorrik gabe, bere erlijioari uko egiten ez badio».
Larriaren eta pertsekuzioaren testuinguru honetan, oso bidezko ageri da elkarteak Jainkoari gau eta egun oihu egitea, eta parabolak hitz ematea zuzentasuna egingo duela pertsegitzaileen zuzengabekerien aurka.
Halere, esaldi nahasgarri bat dakar Lukasek bukatzeko: «Baina, gizonaren Semea etorriko denean, aurkituko al du federik lurrean?»

Gizonaren Semearen etorrera

Zer dela-eta historiaren azkenaz egindako aipamen hau, lekuz kanpokoa dela ematen baitu? Hori ulertzeko, komeni da irakurtzea Jesusen diskurtso luze bat, Lukasek emakume alargunaren eta epailearen parabolaren aurre-aurretik (Lukas 17,20-37) ipintzen duena. Diskurtso horretako pasarte batzuk, ematen du, 79. urtean gertatu zena kontuan izanik idatzi zirela: Vesubio sua botatzen hasi baitzen urte hartan, Ponpeia eta Herkulano hiriak kiskaliz. Gertaera hori munduaren azkenaren eta Jesus itzultzearen seinale aurrekaritzat hartu bide zuen kristau askok. Gai hori bera bildu du Lukasek parabolaren bukaeran, pertsekuzio-garaiko otoitza Jesusen bigarren etorrerarekin erlazionatzeko.

Otoitz iraunkor bateko fedea

Jesus itzultzearen gaia funtsezkoa da Lukasen ebanjelioa ulertzeko, nahiz eta azpimarratzen duen inork ez dakiela, ez eguna, ez ordua, eta zentzugabekeria dela kalkulu alferretan denbora galtzea. Inporta duena, kristauak gogoan izatea da geroa, historiaren azken helmuga, Jesusen etorrerarekin beteko dena eta pertsekuzio zuzengabeen azkena izango dena.
Baina ez zen hori orduan kristauen ohiko jarrera, ezta orain ere. Ohikoa oraina bizitzea da, geroa gogoan izan gabe; askoz gutxiago behin betiko geroa, gaur egungo gizon-emakumeoi lehen mendekoei baino urrunagoko iruditzen zaiguna.
Horixe gogorarazi nahi digu ebanjelioak, erronka hau botaz bukatzen duenean: Baina gizonaren Semea etorriko denean, aurkituko al du federik lurrean? Gure fedea ez dadila muga bost minutura edota iruzkin bat egitera, baizik eta eragin diezagula Jainkoari gau eta egun oihu egitera.

Lehen irakurgaia

Amalektarrek, herri nomada hark, sarritan egiten zien eraso israeldarrei Agindutako Lurralderantz basamortuan erromes zihoazela. Erromatarrengandik kristauek jasan zuten pertsekuzioaren antzekoa izan zuten hura israeldarrek. Baina Moises ez zen egon, salbatzeko, Jainkoak parte hartuko zuen esperoan; haiei eraso egiteko agindu zion Josueri. Kontakizunean gauza interesagarri bat dator: Moisesek, eskuak gora, otoitz-jarrera duenean, israeldarrak garaile izaten dira, eta jaisten dituenean, galtzaile. Eta nekatzen bada? Juduei ez zaie falta izan sekula ideia praktikorik arazoa konpontzeko.
Ebanjelioaren harikoa delako aukeratu dute testu hau: otoitz egin beti desanimatu gabe. Alabaina, amalezitak hiltzeko otoitz egiteak ez du ematen ideia ebanjelikoa denik.

José Luis Sicre