Ikasle trakets, beldurti eta handinahi (Markos 9,30-37)
Urteko 25. igandea B 2018-09-23

Pedroren aitorpenak («Zu Mesias zara»), joan den igandean irakurri genuenak, Markosen ebanjelioaren lehen zatiaren bukaera markatzen du. Bigarren zatia, Jesusek hiru aldiz iragarritako bere heriotzaren eta piztueraren inguruan egituratu du Markosek; hiru iragarpen horiei hiru kontaerek jarraitzen diete, ikasleen ezin ulertua agerian ipini dutenek. Joan den igandean lehen iragarpena eta Pedroren erreakzioa irakurri genituen: Pedrok ezin jasan du Jesusek sufritu eta hil behar izatearen ideia. Gaur bigarren iragarpena irakurri dugu, guztien ezin ulertuak jarraitzen diola.

Nekaldiaren eta piztueraren bigarren iragarpena

Jesusen jarduerak beste etapa bati ekin dio: Galilean barna ibiltzen jarraitu du, baina ez da ari jendeari berri ona hots egiten, baizik eta ikasleen formazioa du ardatz. Eta eman dien lehen ikasgaia ez da gai berria, baizik jada esana dien zerbait errepikatu die; oso labur, argi eta garbi geldi dadin: « Gizonaren Semea gizakien eskuetara emango dute; hilko dute, baina hil eta hiru egunera piztuko da». Lehen iragarpenean ez bezala, honetan ez du zehaztu zein izango diren arerioak; apaiz nagusien, lege-maisuen eta senatarien ordez «gizakiak» aipatzen ditu, besterik gabe. Ez ditu aipatzen irainak eta sufrimenak ere. Guztiaren ardatz, heriotza-piztuera binomioa da. Nekaldia eta piztuera Aste Santuarekin erlazionatzen ohituak gaudenontzat, garrantzizkoa da gogoan izatea, Jesusek bere bizitza guztian izan dituela gogoan. Jesusentzat egun bakoitza da Ostiral Santu eta Piztuera Igande.

Ezin ulertuaren bigarren agerpena

Lehen iragarpena entzutean, Pedrok Jesusi haserre eginez erreakzionatu du, eta Jesusen erantzun zakarra entzun behar izan du. Ez da, beraz, harritzekoa oraingoan ikasle guztiak isilik gelditu izana, nahiz eta Jesusi ezin ulertuz jarraitzen duten: «ikasleek ez zuten ulertzen esaten ari zitzaiena eta beldur ziren galderarik egiteko» (Markos 9,32). Markos da gehienik azpimarratu duena ikasleen ezin ulertua; hori guk kontsolamendu txiki izan beharko genuke Jesusek esaten eta egiten duena, edota bizitzak aurkezten dizkigun misterioak, ezin ulertu ditugunean. Jesus ulertzen duela ozenki esaten duenak garbi agertzen du ez dela oso buru-argi.

Ikasleek ez ulertu izanaren frogarik argiena, Kafarnaumera bidekoa da: beren artean garrantzizkoena zein den eztabaidatu dute. Hobeto esan, zerbait ulertu dute. Izan ere, eztabaida zertaz izan duten Jesusek galdetu dienean, isilik geratu dira; lotsa eman die aitortzeak, beren solaseko gaia Jesusek bere heriotzaz eta piztueraz esan dienaren kontrakoa izan dela

Irakaspen labur bat eta ekintza sinboliko bat ez batere erromatikoa

Beraien artean garrantzizkoena zein denaz egindako eztabaida, azpi-azpian, mespretxu bat da, inportantea gutxienez. Horrenbestez, Jesusek beste irakaspen bat emango die ikasleei, era handitsuan. Ez da mugatu hitz egitera, besterik gabe. Baizik eta, eseri, hamabiei dei egin eta gauza iraultzaile bat esan die, Qumraneko doktrinaren aldean oso iraultzailea: «Lehena izan nahi duena izan bedi azkena eta guztien zerbitzari». (Joanen ebanjelioak, Jesus ikasleei oinak garbitzen jarriz bistaratu du irakaspen hori)

Ikasleen eztabaida eta Jesusen jarreraren izaera iraultzailea ulertzeko, komeni da gogoratzea Qumraneko jarduera. Elkarte hartan arau hau dute erabakia: «Apaizak joango dira lehenengo, beren deiaren hurrenkeraren arabera. Haien segidan lebitarrak joango dira, eta herria joango da hirugarren (…) Israeldar orok ezagutu behar du bere zerbitzu-postua Jainkoaren elkartean, betiereko planaren arabera. Inor ez dadila beheratu dagokion lekutik, ezta goratu ere dagokion postutik» (Kongregazioaren Araudia II, 19-23).

Qumraneko izaera hierarkizatu hau ageri da beste pasarte batean ere, bilerak direla-eta: «Denak nor bere postuan direla, eser daitezela lehenik apaizak; bigarren, zaharrak; hirugarren, gainerako herria. Nor bere lekuan» (VI,8-9).

Segidan, keinu sinboliko bat egin du Jesusek, antzinako profeten estilokoa: haur bat hartu eta besoetan estutu du. Norbaitek har lezake hau keinu erromatikotzat, baina Jesusek jaulki dituen hitzak beste alde batetik doaz, oso desberdinetik: «Txiki hauetako bat nire izenean onartuko duenak ni neu onartuko nau, eta ni onartuko nauenak, ez nau ni onartuko, baizik eta ni bidali nauena». Jesus ez da ari haurrak txeratsu onartzeaz, baizik eta beraren izenean onartzeaz, kristau-elkartean onartzeaz. Eta handiena izateaz eta zerbitzari izateaz esan duena bezain iraultzaile da hau.

Israelen estimatuena zen talde erlijiosoa, kurioski ebanjelioetan aipatzen ez dena, esenioena zen. Baina ez ziren haur zale. Alexandriako Filonek, bere Hebrearren Apologia liburuan, dio, «esenioen artean ez dela, ez haurrik, ez gaztetxorik, ez gazterik, adin horretako izaera oinarririk gabea eta berrikeriei emana delako, heldutasun-falta dela eta. Badira, aldiz, gizon helduak, zahartzarotik hurbileko, gorputzaren aldaketak dominatzen ez dituenak, ezta arrastatzen ere grinek, aitzitik egiazko eta bakarra den askatasunaren jabe oso direnak».

Dosa ben Arkinos rabik ere ez zuen estimu handirik haurrekiko. «Goizeko loak, eguerdiko ardoak, haurrekin hizketan jarduteak eta herri xehea biltzen den lekuetan luzatzeak mundutik ateratzen dute gizona» (Abot, 3,14).

Jesusek, aldiz, dio, beraren izenean onartzen dituenak bera onartzen duela, eta, beraren bidez, Aita. Ezin esan ezer handiagorik haurrez. Ebanjelioan, inon ere ez du esan Jesusek pertsona inportante bat onartzen duenak bera onartzen duenik. Daitekeena da, pasadizo honek, ikasleentzat jarraibide izateaz gain, zuzentzat eman nahi izana haurren presentzia kristau-batzarretan (batzuetan modu berritsu edo jasanezinekoan portatuko badira ere).

Onartu, eta ez bortxatu

Elizak gaur egun bizi duen kinkan, haurrak onartze horrek beste gauza bat iradokitzen du, ez batere teologikoa eta bai oso tristea. Mendeetan barna, Jesusen izenean onartuak, elikatuak, zainduak eta heziak izan diren milaka, agian milioika, haurren ondoan, milaka (ez ahal dira milioika izango!) haur bortxaturik eta umiliaturik dakusagu. Bigarren talde honetaz, honela parafrasea genezake ebanjeliokoa: «Haur hauetako bat bortxatuko duenak, ni neu bortxatuko nau, eta ni bortxatuko nauenak, bidali nauena bortxatuko du».

[Jesusen eta haurren gai hau berriro agertuko da, geroago, Markosen ebanjelioan; bedeinkatuko eta eredutzat emango dituenean Jainkoaren erreinuan sartu ahal izateko. Pasarte hori, zoritxarrez, ez da irakurtzen igandeetako liturgian.]

Lehen irakurgaia: Zergatik hil nahi dute batzuek Jesus? (Jakinduria 2,12. 17-20)

Jakinduria liburua kasik Itun Berriaren garaikidea da (K.a. I. mendearen eta K.o. I. mendearen artean). Grekoz idatzia delako, juduek ez dute hartu inspiratutakotzat, ezta Luterok eta kanon laburra bakarrik onartzen duten elizek ere. Bigarren kapituluak, judu apostatek Jainkoari leial jarraitu nahi dutenekin bizi duten gerla islatzen du. Testu bikain horretatik, ohi den bezala mutilatuz, txatal bakan batzuk aukeratu dira, Jesusek bere nekaldiaz eta piztueraz egin duen iragarpenarekin erlazionatzeko. Pena da, 12. txataletik 17.era jauzi egin izana, 13-16 pasartea kenduz; nik, ordea,kontuan hartu ditut segidako neure iruzkinean.

Ebanjelioan Jesusek iragarri du: «Gizonaren Semea gizonen eskuetara emango dute». Zergatik? Markosek ez du esan. Jakinduria liburuko testu hau lagungarri izango dugu hori ulertzeko. Gaiztoen ahoan ipini du zer ikusten duten gogaikarri harengan eta zer egiteko asmoa duten hari. «gogaikarri gertatzen baitzaigu; gure jokaerari aurka egiten dio: legea haustea aurpegiratzen digu eta hartutako heziketari ez jarraitzeaz salatzen. Jainkoa ezagutzen duela dio, eta Jaunaren seme dela bera. Bere bizieraz gure pentsaera du salatzen, zintzoa ikuste hutsa ere jasanezina zaigu. Besteena ez bezalako bizimodua darama, oso bestelakoa du jokabidea. Faltsutzat hartzen gaitu, kutsagarria bailitzan urruntzen da gure jokabidetik, azkenean zintzoak zoriontsu izango direla esaten du eta aitatzat Jainkoa izateaz harrotzen da» (2,12-16). Zer egiteko asmoa duten hari? «Irainak eta torturak egingo dizkiogu, horren lasaitasuna ikusi eta eroapena probatzeko. Heriotza lotsagarrira kondenatuko dugu, berorren esanetan, Jainkoa alde aterako baitzaio. Guk badakigu ez duela horrelakorik izango». Baina oker dabiltza. «Hil ondoren, hirugarren egunean piztuko da».

Bigarren irakurgaia: inbidiak, borrokak eta gatazkak (Santiagoren Gutuna 3,16¬4,3)

Bigarren irakurgai hau erlaziona genezake gaurko ebanjelioaren bigarren zatiarekin. Kasu honetan, kontua ez da zein den handiena edo inportanteena, baizik eta kristau-elkartean sortuko diren gatazkak; gutunaren idazleak plazer-gogoari, diru-goseari eta handinahiari egozten dizkio gatazko horiek. Nahi dena lortzen ez denean, ase-faltak gatazka-mota guztietara eragiten dio gizakiari.

José Luis Sicre