Inkesta, azterketa teorikoa, eta ariketa praktikoa (Mk 8,27-35)
Urteko 24. igandea B 2021-09-12

Filiporen Zesarea, Jordan ibaiaren sorburu ingurua, Israelgo lekurik ederrenetakoa da. Gaur egungo erromesak, eskuarki Nazarenetik abiatzen denak, ordubete eta ezer gutxi gehiago behar izaten du autobus eroso batean aire girotuzkoan. Jesusek eta ikasleek oinez egin behar izan zuten bide hori, 800 m inguruko desnibela gaindituz: itsaso-mailaz beheko 200etik (Galileako Aintzira) 500-600 goikora (Hermon mendiaren oina). Ez da edozelako ibilaldi bat. Izaten da isilik ibiltzeko astirik eta hitz egitekorik.

Inkesta (Marcos 8,27-28)

Komunikazio-une horietako batean, Jesusek galdetu die ikasleei: «Nor naizela dio jendeak?»

Une hori arte, Markosen ebanjelioa Jesus zein denaren enigma planteatuz joan da. Pertsonaia nahasgarri bat, aginpidez irakasten duena eta espiritu likitsen gain ahalmena duena (1,27), bekatuak barkatzen dituena Jainkoa bailitzan (2,7), eskandalizatzen duena zerga-biltzaileekin eta bekatariekin otorduak eginez (2,16), eta larunbat-agindua hausteko eskubidedun sentitzen dena (2,27; 3,4). Fariseuek eta herodestarrek oso garaiz erabaki dute hil beharra duela (3,6), familiartekoek uste dute burutik egina dela (3,21), lege-maisuek deabrudun dela (3,22), eta Nazaretarrek ez dute sinetsi beragan eta herriko aroztzat emanez jarraitu dute (6,1-6). Eta ikasleek, nahasirik, elkarri galdetzen diote: «Zein da hau, haizeak eta aintzirak obeditzen baitiote?» (4,41). Orain, Markosen ebanjelioaren erdi aldera iristean, Jesusek berak egin du galdera nagusia: nor da bera?

Jendearentzat, Jesus ez da egiazko pertsonaia bat, baizik eta hildako bat, bizira itzulia, Joan Bataiatzailea da, edo Elias, edo beste profetaren bat. Iritzi hauetatik, «teologikoena» eta oinarririk handienekoa Eliasena izango litzateke, espero dutena baita haren itzulera, Malakias profetaren 3,23aren arabera: «Nik Elias profeta bidaliko dizuet, Jaunaren eguna, handia eta izugarria, iritsi aurretik; adiskidetuko ditu gurasoak seme-alabekin, seme-alabak gurasoekin, eta, hartara, ez naiz etorriko lurra hondatzera». Nolanahi den, interesgarri da herriak Jesus antzinako profeten ildokotzat hartu izana. Horretan alde askok eragin bide dute: Jesusen ahalmenak (Moisesen, Eliasen eta Eliseoren kasuan bezalakoa), jendaurreko beraren jarduerak (oso kritikoa erakunde ofizialarekiko), beraren hizkuntza argi eta zuzenekoak, beraren jarduera-lekuak (ez mugatua kultuaren esparru estura).

Galdera Jesusek gure egunotan egin izan balu, inkesta askoz askotarikoagoa izango zen eta askoz nahasgarriagoa: Jainkoaren Semea, Magdalenaren senarra, dinastia merovingiarraren aurrekaria…

Azterketa teorikoa (8,29)

Ikasleek zer uste duten jakin nahi du Jesusek: jendearen ustea bera duten ala beste bat: «Eta zuek, nor naizela diozue?» Pena da, Pedro berehala oldartu izana erantzutera; oso interesgarria izango zen beste ikasleen iritzia jakitea. Markosen arabera, Pedroren erantzuna hitz hauetara mugatu da: «Zu, Mesias zara».

Baina zer esan nahi zuen titulu horrek? Itun Zaharrean eskuarki Israelgo erregeari ematen zitzaion; Jainkoak hautatutako pertsonaiatzat ematen zuten Mesias hori, Jainkoak semetzat hartua, baina normala eta arrunta, krimenik handienak egiteko gai. Alabaina, juduen arteko monarkia galdua zen K.a. VI. mendeaz gero, eta Daviden dinastiaren biziberritzea espero zutenek gero eta ezaugarri miresgarriagoak leporatuz joan ziren espero zuten mesiasi.

Salomonen Salmoek -jatorri fariseuko otoitzak, K.a. I. mendean sortuak- astiro deskribatzen dute Mesiasen egitekoa: Juda askatuko du erromatarren uztarpetik, desegingo ditu haien sostengu diren judu ustelak, garbituko du Jerusalem idolo-jarduera orotatik, zuzenbidez eta zuzen gobernatuko du, eta beraren nagusitza nazio guztietara ere hedatuko da. Errege ideal bat da; horregatik, 17. salmoaren idazleak honela bukatu du: «Zorionekoak egun haietan jaioko direnak».

Jesusen taldea imajinatzen badugu, limosnaz bizi dena, alde batetik bestera erromes burua non ezarri ez duela, etengabe eztabaidan agintari erlijiosoekin: orduan, Jesus Mesias dela esateak pertsonaia horrekiko fede handia eskatzen du edota benetako zorakeria dela.

Jesusek zer uste duen bere buruaz

Espero zitekeenaren kontra, zorrotz debekatu die Jesusek hori inori esatea. Eta bere buruari Mesias titulua eman ordez, beste bat erabili du: «Gizonaren Semea»; ematen duenez, Ezekiel profetagan arnastua (zeini Jainkoak «Adamen Seme» esaten baitio beti) eta Danielengan. Inporta duena ez da tituluaren jatorria, baizik eta Jesusek nola interpretatu duen: Gizonaren Semearen zoria asko sufritzea izango da, agintari politiko, erlijioso eta intelektualek ukatua izatea, erailtzea eta piztea. Mesiasen ikusmolde herrikoi batentzat, Pedrok eta bestek izan zezaketenarentzat bezala, gauza inoiz entzun gabea da Jesusen hizkera hau. Halaz guztiz, pertsonaia baten ideia, bere herria salbatu eta sufrimenaren eta heriotzaren bidez garaile irtengo denarena, ez da ezezaguna judu-herriarentzat. Profeta anonimo batek Yahveren Zerbitzariaren pertsonaian haragitu zuen ideia hori (Isaias 53).

Pedroren gutxiegia

Isaiasen liburuko poemak bezala, piztueraz hitz eginez bukatu du Jesusek. Pedro, ordea, sufrimenarekin gelditu da. Jesus bereiz harturik, gogor aurpegiratu dio; Markosek ez dakar zer esan dion.

Jesusek zakar erantzun dio. Pedrok bereiz hartu du Jesus, baina hau ikasleei mintzo zaie, denek jakin dezaten nahi du Pedrori esan nahi diona: «Hoa, Satanas! Gizakiek bezala pentsatzen duk hik, eta ez Jainkoak bezala!» Satanas aipatze honek bataioaren ondoren gertatua dakarkigu gogora, Satanasek Jesus tentaziopean ipini zuenekoa. Deabruaren lekua oraingoan Pedrok hartu du, Jesus gehiena maite duen ikasleak, Jesusengan konfiantzarik handiena duenak, Jesusekiko eta haren mezuarekiko gogotsuena denak. Jesusek ez du ikusi arriskurik bataioaren ondoren Satanasen tentazioetan; bai, ordea, oraingo honetan. Horregatik ez dio erantzun patxadatsu, baizik indarkeriaz eta zakar.

Ariketa praktikoa (8,34-35)

Bat-batean, ugaldu egin dira entzuleak, eta ikasleei jendetza gehitu zaie. Jesusek nahasgarri izan litezkeen hitzak jaulki ditu, ukoa eragiten ahal luketenak. Imajinatzen al du inork politiko bat esaten: «Botoa eman nahi didana egon dadila prest hauteskundeak galtzeko eta kartzelara joateko?» Baina Jesusen ikuspuntua ez da politikoena. Ez du amesten hauteskundeak irabaztea mundu honetan, hurrengoan baizik. Jesusentzat geroko mundua bost izarreko hotel bat bezala da; mundu hau, txabola nazkagarri bat, imajina daitekeen ingurumen degradatuenean kokatua. Guztiok utzi dezakegu txabola eta sar gaitezke hotelean. Bidea, ordea, latza da, aldapatsua. Jesus prest dago aurretik joateko, eta geure esku utzi digu erabakitzea: txabolari atxikitzen zaiona, hartan hilko da; hura utzi eta Jesusi jarraituko dionak, bide latza egin beharko du baina hotelaz gozatuko du.

Eta zuk, zein dela diozu Jesus?

Gaurko ebanjelioa ezin irakurri da iraganaren oroigarri huts bezala. Jesusek gutako bakoitzari galdetzen jarraitzen du, eta astiro hausnartuko beharko genuke erantzuna. Ez du balio kristau-ikasbidera jotzeak («Hirutasun Santu-santuaren bigarren pertsona»), ezta Kredora jotzeak ere («Jainkoa Jainkoagandik, argia argiagandik…»). Gogoeta pertsonal baten fruitu izan behar du erantzunak. Joanen ebanjelioaren ildokoa: «Bidea, egia eta bizia». Baina dena dela erantzuna, are garrantzizkoagoa da Jesusi ondorio guztiekin jarraitzeko erabakia.

Sufrimena onartzea eta garaipenaren ziurtasuna (Lehen irakurgaia: Isaias 50,5-10)

Jainko Jaunak hitz egiteko trebatu nau, bihotz-eroriak adore-hitzez bizkor ditzadan. Goizero dit belarria ernearazten, ikasle onak bezala entzun diezaiodan. Jainko Jaunak belarria zabaldu dit, eta nik ez diot aurka egin, ez atzera jo. Bizkarra eskaini nien zigorkatzen nindutenei, eta masailak, bizarretik tiraka ari zitzaizkidanei. Ez nien aurpegia saihestu iraintzen eta listua botatzen zidatenei. Baina Jauna dut laguntzaile: horregatik ez didate irainek etsiarazten; horregatik gogortu dut aurpegia harkaitza bezala, bai baitakit ez didala usteak huts egingo. Ondoan dut defendatzailea: nork du zerbait nire kontra? Goazen elkarrekin auzitara! Nork salatuko nau? Datorrela! Jainko Jauna dut laguntzaile: nork kondenatuko nau? Sitsak jandako arropak bezala galduko dira nire etsai guztiak. Zuek, Jaunari begirune diozuen eta haren zerbitzariaren ahotsa entzuten duzuenok, ilunpetan eta argi-izpirik gabe bizi baldin bazarete ere, jarri konfiantza Jaunarengan, hartu Jainkoa euskarri.

Bernhard Duhm-ek XIX. mendean zabaldu zuen ikusmoldearen arabera, zati hau Yahveren Zerbitzariari eskainitako hirugarren kantika izango litzateke, bere sufrimenaz eta heriotzaz bere herria salbatzen duen pertsonaia misteriotsu bati eskainia. Arrazoizkoa da kristauek zerbitzari horrengan Jesus bera ikusi izana (laugarren kantika, Isaias 53, Ostiral Santuan irakurri ohi dugu).

Jesusek esana du ebanjelioan: «Gizonaren Semeak sufritu beharra du, mespretxatua izan beharra». Gaurko zati labur honek aurreratu egin ditu irain horiek: zartakoak, isekak, irainak, txistukadak, zuzengabetzat emandako auziaren aurretik jasanak. Gaurko zati labur honetan bi xehetasun dira nabarmen: Jainkoaren jarduera eta Zerbitzariaren erreakzioa.

Jainkoaren jarduera zerbitzariari agertzean datza zenbat eta zenbat sufritu beharko duen («belarria ireki dit»), baina segurtatu diolarik bere ondoan izango duela bera: «Ene Jaunak laguntzen zidan», «Hurbil dut ene defendatzailea», «Jaunak laguntzen dit». Honek berritasun handi bat dakar berekin; izan ere, Antzinako Ekialdeko ohiko teologian (eta gaur egungo jende askorengan), Jainkoaren zigortzat hartu ohi da sufrimendua. Aitzitik, Zerbitzaria konbentziturik dago gauzak ez direla horrela: sufrimenduak izan lezake bere lekua Jainkoaren egitasmoan, garaipenaren aurreko urrats gisa, baina Jainkoak ez dio uzten ez presente egoteari, ez laguntzeari.

Horregatik, Zerbitzariaren erreakzioa erabateko buru-eskaintza da: ez du kontra egingo, ez du atzera egingo, bizkarra eskainiko die eta matraila zartakoei, ez die saihestuko aurpegia masailekoei eta txistukadei.

Pedro, Isaiasen testua ezagutu eta ulertu balu, ez zen haserretuko Jesusen hitzekin: Jainkoaren ikuspuntua agertzen dute; bera, berriz, giza sentimendu hutsei atxiki zaie. Dena den, aitortu beharrean gara, gure pentsaerak Pedroren pentsaeraren antz handiagoa duela, Jesusenarena baino.

José Luis Sicre