AXOLAGABETASUN HAZKORRA Marcos 7,1-8.14-15.21-23
Urteko 22. Igandea B 2021-08-29
Krisialdi erlijiosoa axolagabetasunerako joera hartzen ari da apurka-apurka. Eskuarki ezin hitz egin dugu propioki ateismoaz, ezta agnostizismoaz ere. Askoren jarrera hobekienik definitzen duena axolagabetasun erlijiosoa da, zeinetan ez baitago jadanik, ez galderarik, ez duda-mudarik, ez krisirik.

Ez da gauza erraza axolagabetasun hau definitzea. Nabari den lehenengo gauza kezka erlijiosoaren absentzia da. Jainkoa ez zaio interesatzen jende horri. Ardurarik gabe bizi da, nostalgiarik gabe, inolako zeruertz edo horizonte erlijiosorik gabe. Ez da ideologia-kontua. Aitzitik, «atmosfera inguratzaile bat» da, zeinetan Jainkoarekiko harremanak urturik, lainoturik eta barreiaturik gelditzen baitira.

Askotariko axolagabetasun-motak daude. Jende batek urruntze hazkorra, handituz doana, bizi du une honetan; fedetik gero eta gehiago aldentzen ari den jendea da, arlo erlijiosoarekiko loturak eteten ari dena, praktika bertan behera uzten ari dena; pixkana Jainkoa itzaliz doakio bihotzean. Beste jende bat soil-soil egunean eguneko gauzek harrapaturik bizi da; ez dira axolatu Jainkoaz inoiz ere; segur aski, heziketa erlijioso ahul eta eskasa jaso zuten; gaur den-denaz ahazturik bizi dira.

Batzuengan, axolagabetasuna zenbaitetan gorderik bizi izan duten gatazka erlijioso baten emaitza da; beldurra edo esperientzia huts egilea jasan dute; ez dute gorde oroitzapen onik haurtzaroan edo nerabezaroan bizi izan zutenaz; ez dute entzun ere nahi Jainkoaz hitz egiten, kalte egiten die-eta; hartaz ahaztuaz defendatzen dira.

Beste batzuen axolagabetasuna, gehiago da askotariko inguruabarren emaitza. Txikitan irten da herritik eta gaur egun beste era batean bizi da hiritar ingurumenean; arlo erlijiosoarekiko oso sentibera ez den batekin ezkondu da eta aldatu egin ditu ohiturak; lehenengo ezkontideagandik apartatu eta Elizak «bedeinkatu» gabeko bikote-eran bizi da. Ez da esan nahi jende honek Jainkoa bertan behera uzteko berariazko erabakia hartu duela, baina izatez harengandik urrunduz doa.

Bada beste axolagabetasun-mota bat ere, jainko-zaletasun erlijiosopean ezkutatua. Erlijioa «kanpoko jarduera» bezala edo «ohikeriazko tradizio» bezala bizitzen ohitu den jendearena da. Guztiok beharko genuke entzun Jainkoaren lantua. Jesusek gogoraziko digu Isaias profetagandik hartutako hitzez: «Herri honek mihiaz ohoratzen nau, baina bihotza nigandik urrun du».
Jose Antonio Pagola