URTEKO 21. IGANDEA-1 C (2019-08-25)

SARRERA

Senideok, urteko 21garren igandea ospatzen dugu gaur. Ate estuaren izena eman ohi zaio; ebanjelioan irudi hori ageri delako. Nolanahi ere, ate estu estuaren irudi hori baino askoz gehiago da gaurko ebanjelioa, eta aberatsagoa. Ate estu hori ez da Jainkoak ezarri nahi digun zigorra; ez da propioki apalak izateko deia. Bizitzan izaten ditugun zailtasunei aurpegi eman beharra esan nahi, zailtasunei aurre egin beharra.
Itun Zaharrean onartua zegoen, hein batean, gizon-emakume guztiak salbatuko garen ustea. Baina beti zentzu estuan hartzen zuten salbazioa; uste zuten, salbatzeko, guztiek behar zutela onartu Israel herria; ezinbesteko baldintza izango zen Israel herriarekin bat egitea.
Jesus, ordea, uste hori baino harago doa. Ez da aski, esaten du, Abrahamen jatorrikoa izatea, ez da aski bizitzan gauza handiak egina izatea. Inporta duena, nork bere burua Jainkoaren seme edo alaba dela uste izatea da.

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (66,18-21)

Gaitz eta oker handia da munduan bizi dugun zatiketa. Ez da oraingoxea gaitz hori. Jainkoak maite gaituen seinaleetako bat da hau: gizadia elkarte bat eginik ikusi nahi du. Eta elkarte horren erdigunetzat, bere burua eskaini digu. Horixe esaten digu entzutera goazen Isaiasen pasarte honetan ere: «Ni neu etorriko naiz hizkuntza guztietako herriak elkartzera».
Nahi dezala Jainkoak, gizakiok onartzea Jainkoaren asmo hori. Nahi dezala Jainkoak, gizakiok geure baitan ez ixtea trikua bezala; nahi dezala Jainkoak, guztiok leiho bat irekirik uztea, mundu hau baino haragotik distira dezakeen argiari.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (12,3-7.11-13)

Jainkoa misterio handi bat da. Misterioa esatean, munduari begira asmo handi bat duela esan nahi dugu. Asmo handi bat. Asmoa ez ezik egintza handi bat egin du: bere Semea bidali digu: gauza ikusgarria. Alabaina, pasarte honen egileak argi adierazi nahi du, Jainkoak ez duela jokatzen apetaz edo kapritxoz, ez duela jokatzen bere probetxuari begira, ez duela jokatzen inori kalte egiteko.
Jainkoa maitasun da. Jainkoak norbait zigortzen duela esatean, oso oker ari ohi gara: Jainkoak ez du inor zigortzen. Gehiago oraindik: emanik ere Jainkoak norbait zigortzen edo zentzarazten duela, orduan ere Jainkoak maitasunez jokatuko luke.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (13,22-30)

Lukas, bere ebanjelioko 13garren kapituluan, gai desberdin askoz mintzo da. Gaurko pasarte hau, Jesusi norbaitek egindako galderaz ari da: «Gutxi al dira salbatzen direnak?»
Jesusek, beste askotan bezala, bere ateraldi batez erantzun dio. Esango balio bezala: Zer axola zaizu hori? Axola duena, salbaziora nola prestatu da. Nola prestatu. Kopuruarena ez zaizu axola.
Bestela esateko, beste bat da Jesusentzat arazoa. Kontua ez da agiriko ekintza bat edo beste egitea; adibidez, herri hautatu bateko kide izatea, Elizako kide izatea, eskapularioa lepotik zintzilik eramatea. Ekintza horiek ukatu gabe, inporta duena, Jainkoari irekirik bizitzea da, apal-apal eta damuz.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Jaunak eman diezagula ikuspegi baikor eta alai bat, gizon-emakume guztien salbazioaz. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Erlijio guztietako teologo eta irakasle guztien alde: jakin dezatela jendeari ikusarazten, bide zuzena eta egokia elkarrizketa eginez bizitzea dela eta elkarrekin maitasunez bizitzea. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Beren buruan mundu honetako bizitza hau besterik ez dutenen alde; haragoko biziaz ezer entzun nahi ez dutenen alde: beren bihotz hondora begiratzeko gai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Pobretasun ekonomikoa eta pobretasun kulturala gertuagotik jasaten ari direnen alde: beren bizitzan argi-izpi bat ikus dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.