Urteko 2. igandea A (2017-01-15)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko irakurgaiek Jainkoaren erreinua eraikitzeko egitasmoan parte hartzeko gonbida eta proposamena egin digute.

Lehenengo irakurgaian, Babiloniako erbestealdian bere fedeari irmo eutsi dion taldetxoa du buruan idazleak: taldetxo hura izango da argia, ez bakarrik Israel herriarentzat, baizik eta herri guztientzat.

Bigarren irakurgaian, Paulok, Korintoko kristau-taldeari idaztean, mundu osoa du gogoan.

Ebanjelioan, Joan Bataiatzailearen arabera, mundu guztia salbatzeko, bere burua eskaini duen bildotsa da Jesus.

Gogoan izan behar dugu, hizkuntza erlijiosoa, bai Bibliakoa, bai liturgiakoa, hizkuntza metaforikoa dela beti, sinbolikoa dela. Poesian bezala gertatzen da: haurrak amari «ogia» esaten dionean, badaki amak zer gauza zehatz eman; «gizakia ez da ogitik bakarrik bizi» esaten dugunean, beste zerbait ulertzen dugu.

«Hau da Jainkoaren bildotsa, munduko bekatua kentzen duena» hots egin zuen Joan Bataiatzaileak Jesus ikus zuen batean.

Baina Jesus ez da arkume bat, ez da bildots bat. Zer esan nahi du Joanek hitz hori Jesusez esatean? Jesusen garaiko jendearentzat, «bildotsak» sentimendu eta tradizio asko iradokitzen zituen.

Bildotsak Biblian gauza askori egiten dio erreferentzia. Juduek, Egiptoko esklabutzatik irten ziren gauean, bildotsa jan zuten; askapen hura gogoratzeko, urtero Pazkoan arkumea jango zuten. Isaias profetaren laugarren kantikak hau dio besteen onagatik sufritzen ari den zerbitzariaz: «hiltzera daramaten arkumeak bezala» (Is 53,7); guretzat salbagarri den zerbitzariaz ari da. Apokalipsi liburuan, berriz: «Borroka egingo diote Bildotsari, baina honek garaitu egingo ditu… eta berarekin batera garaile izango dira Jainkoak deitu eta aukeratu dituenak eta leial izan zaizkionak» (Ap 17,14).

Eta Joan Bataiatzailearen hitzak berriro: «bildotsa, munduko bekatua kentzen duena». Munduko bekatua. Zer da mundu bekatua? Noizbait, «egiturazko bekatua» bezala itzuli edo azaldu izan da. Ez du ematen hain gauza sinplea denik.

Gutxi-asko, honelako zerbait izango litzateke: «behin batean, jendetzak pertsona baten kontra egin zuen, itsu-itsuan, nik banekien ez zela hura erruduna, baina ez nintzen ausartu hitz egitera, ez zidaten kasurik egingo, segur aski neure kontra hasiko ziren; errudun sentitzen naiz, baina errua ez zen nirea».

Hori ote da «munduko bekatua»? Joan Bataiatzailea bezala, Jainkoaren maitasunaren testigu izateko deia jaso du fededunak. Ez da aski «hori gaizki dago» esatea. Joan Bataiatzailearen hitzetan, «munduko bekatua KENTZEN DUEN BILDOTZA» da Jesus. Fedeak konpromisoa esan nahi du. Fededun izateak, testigu izateak arriskua onartzea da. Bekatua kentzen, desegiten saiatu behar du fededunak.

Aukera ona dugu gogoeta egiteko, ez bakarrik bekatu pertsonalaz; baita munduko bekatuaz ere. Egun hauetan gure arteko apaiz baten pederastiaz asko eta asko hitz egin da. Krimen hori handia eta izugarria izanik ere, hori al da gaur egungo munduko bekatua? Gaur, hain zuzen, migratzaileen eta aterpetuen eguna ospatzen da Elizan, lema honen pean: «Adin txikiko migratzaileak, zaurgarri (zaurigarri) eta ahotsik gabeko». Presoen aldeko manifestazioa egin da atzo (gaur) Euskal Herrian. Ireki ditzagun begiak. Saia gaitzen munduan egiaren, zuzentasunaren, bakearen ARGI izaten; honetarako gonbita egin digu, lehen irakurgaian, Isaias profetak.

DIONISIO AMUNDARAIN

MENSAJE DEL SANTO PADRE FRANCISCO
PARA LA JORNADA MUNDIAL DEL MIGRANTE Y DEL REFUGIADO 2017
[15 de enero de 2017]

«Emigrantes menores de edad, vulnerables y sin voz»