Bi jakintsu aberastasunei dagokienez
Urteko 18. igandea C 2019-08-04

Joan den igandean, Lukasentzat garrantzi handia duen gai bati erreparatu zion ebanjelioak: otoitza. Igande honetan bere ebanjelioko gai nagusi batez ari zaigu ebanjelaria: jarrera aberastasunei dagokienez.

Hautapen bitxi bat: Lehen irakurgaia (Kohelet 1,2; 2,21-23)

Itun Zaharrean, aberastasunak, batzuetan, Jainkoaren bedeinkazioaren seinaletzat hartu izan dira (Abrahamen eta Salomonen kasuak); beste batzuetan, arriskutzat, Jainkoaz ahaztera eta harrokeriara eramaten dutelako; profetek, sarritan, zapalkuntzaren eta ustiaketaren fruitutzat hartzen dituzte; jakintsuek, berriz, beraien izaera engainagarri eta saldukeriazkoa salatzen dute. Azken hari honi lotu zaio gaurko lehen irakurgaia; Koheleten, «huskeria hutsa, dena huskeria» delakoaren idazle famatuaren, bi gogoeta dakartza.

Lehen gogoetak dio, ezen bizitzan lortutako guztiaren, erarik zuzenenean eta egokienean lortua denaren beraren, zoria, heriotzako orduan, lanik egin ez duen beste baten eskuetara pasatzea izango dela (segur aski, seme-alabak ditu buruan).

Bigarren gogoeta giza ahaleginaren huskeriaz ari da. Bizitza, beronen bi aldi oinarrizkoenetan bilduz, eguna eta gaua, beltz ikusten du den-dena: Egunez sufritzea eta penatzea du eginkizuna; gauez ez du atsedenik buruak.

Gai biak (bizitzan lortua eta giza ahaleginaren huskeria) ageri dira gaurko ebanjelioko parabolako protagonistaren deskripzioan.

Eskaria, parabola eta irakaspena (Lukas 12,13-21)

Hiru zati bereiz ditzakegu gaurko ebanjelioan: abiapuntua, parabola eta azken irakaspena.

Abiapuntua. Lagun baten eskaria da: Maisu, esaiozu nire anaiari bana dezala ondarea nirekin. Proposamen hori gotzain edo apaiz bati egin balitzaio, berehala sentituko zen parte hartzeko eskubidedun, ondarea partekatzeko aholkua emanez eta hartarako mila arrazoi eskainiz. Jesusek, aitzitik, uste izan du ez duela berak horretarako aginpiderik. Baina diru-gosearen arriskuaz ohartarazteko baliatu da abaguneaz, aberastasunak bizitzeko berme bailiran hartzeko arriskuaz, alegia. Bere irakaspena, sarritan egin ohi duenez, parabola batez argitu du.

Parabola. Koheletek ez bezala, Jesusek ez du aurkeztu aberatsa sufritzen, penatzen eta lo ezin eginik, baizik eta ahaleginik egin gabe lortu duen aberastea lortu duen pertsona bezala; eta pertsona horren ilusioa ez da bere kapitala gerorako estu eta larri pilatzea, baizik eta atsedeteko, jan eta edateko, otorduz otordu bizitzeko.

Baina parabola honetako aberatsa bat dator Koheletekoarekin gauza batean: luzarora, bietan inork ez du gordeko bere aberastasunik. Heriotzak ondorengoetara edo beste norbaitengana pasatzea ekarriko du.

Azken irakaspena. Arazo guztia honetan bukatuko balitz, igande honetako bi irakurgaiak jakintsuen arteko eztabaida hustzat hartzen ahal genituzke.

Kohelet, itxuraz ezkorra (lortutako guztia ahalegin gogor baten fruitua da eta egun batean beste baten eskura igaroko da), benetan baikorra da, pentsatzen baitu beraren ikasleak urteak biziko dela bere ondasunez gozatzeko.

Jesusek, itxuraz baikorra (aberatsa ahalegin handirik gabe aberastu da), eszeptizismo ankerraz heldu dio gaiari, egitasmo guztiak hausten baititu heriotzak.

Baina Jesusen eta Koheleten arteko alderik handiena azken esaldian ageri da: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, beretzat ondasunak pilatzen dituenari». Aberastasunez nork bere gozamen pasiborako baliatzearen aurrez aurre (Kohelet), jarrera praktiko eta baikorra proposatu du Jesusek: Jainkoaren begietarako aberats egitea. Geroago, batez ere 16. kapituluan, garbi utzi du Lukasek nola gauzatu daitekeen hori: aberastasunak besteen zerbitzurako ipiniz.

José Luis Sicre