Jesusek diskurtso bat prestatu bizi-ogiaz (Joan 6,1-18)
Urteko 17. igandea B 2018-07-29

Segidako bost igandeetan San Joanen ebanjelioko pasarteak izango ditugu irakurgai liturgian; zehazki, bizi-ogiaren diskurtsokoak, aurretik ogiak eta arrainak ugaltzearen seinale bat datorrelarik.

Kasu bitxi bat

Gauza bakana da Joan kontakizun batean bat etortzea Sinoptikoekin (Mateo, Markos, Lukas). Ogiak eta arrainak ugaltzearen hau da kasu bakanetako bat, baina komeni da erreparatzea Joanen nabardura bereziei. Lehenengoa, datarena da: «Hurbil zen Pazkoa, juduen jaia». Sinoptikoetako bakar batek ere ez dakar Joanentzat garrantzizkoa den argibide hau: Jesusen heriotza-uneari egiten dio erreferentzia. Joanek ez du kontatu Eukaristiaren eratzea, baina seinale honek, jaian bertan gertatuak, Jesusek bere herria elikatzen duelako ideia sinbolizatzen du.

Jesus eta Eliseo

Mirari-egile handietako bat, Itun Zaharrean, Eliseo profeta da. Lehen irakurgaiak (2 Erregeak 4,42-44) kontatu du, hogei garagar-ogiz ehun lagun elikatu zituela (antzina hartako ogien tamaina kontuan izanik, ez zen zailegia bakoitzarentzat ogi-puska bat ateratzea). Eliseoren morroiaren duda-mudak eta guzti, denek jan zuten eta sobera ere izan zen.

Ogiak eta arrainak ugaltzearen seinalea, Joanena, Eliseoren mirari horretan kalkatua dago, baina handiagoak dira zailtasunak. Ehun lagun ordez, bost mila dira (Sinoptikoek «emakumeak eta haurrak kontuan hartu gabe» diote; Joanek gizonezkoak bakarrik aipatu ditu). Eta hogei ogi ordez, Jesusek bost bakarrik ditu eskura. Zailtasuna argiago uzteko, jende hori elikatzeak zer kostu izango lukeen adierazi digu Joanek: 200 denario. Denarioa landa-jendearen eguneko soldata zen; beraz, 200 denario oso kantitate handia zen limosnaz bizi zen talde batentzat, Jesusena adibidez.

Halaz guztiz, Eliseok esan zuen bezala: «jango dute eta sobera izango da», Jesusen mahaikoek «nahi beste jan zuten»; eta, ugaritasuna azaltzeko, hamabi otarre bete ziren sobera geldituarekin.

Jesusen seinalearen eta Eliseoren mirariaren arteko erlazioa bereziki argi gelditu da Joanen ebanjelioan; izan ere, Sinoptikoek soilik «bost ogi» aipatzen dituztenean, Joanek zehazten du «garagar-ogi» zirela, Eliseori erregalu emandakoak bezala.

Sinbolismo eukaristikoa

Mateok, mirari hau kontatzean, alde batera utzi ditu ugaltze horretan arrainak; hain justu, ogiaren garrantzia azpimarratzeko, Eukaristiaren sinbolo gisa.

Joanek beste era batean iradoki du hori bera. Jesusen agindua: «Bildu sobera gelditu diren puskak, ezer gal ez dadin», ogiez bakarrik esandakotzat hartu dute ikasleek, ez dira arduratu arrainez. Izan daiteke, Jesusen hitz hauek geroagoko jarduera liturgikoa islatzea, pentsatu zutenekoa, Eukaristia-ogia ezin erabili zela edozein ogi bezala.

Herriaren erreakzioa eta Jesusen erreakzioa

Sinoptikoetan, jendea ez da ohartu gertatu den mirariaz. Joanengan, berriz, jendea harriturik gerditu da Jesusek egindakoarekin, eta Jesus espero zuten profeta dela atera dute, Moisesen antzekoa, zeinak basamortuan elikatu baitzuen herria. Lehen begiratuan, harritzekoa da nola «identifikatu duten mundura etortzekoa zen profeta hori» Israelgo etorkizuneko erregearekin. Baina hor dago Flavio Josefo: lehen mendean errege-ustearekin, mesias-ustearekin, aurkezten ziren profetaz mintzo da.

Herriaren asmoa argiro iraultzailea da: erromatar Zesar ez den errege bat izendatu nahi dute goberna ditzan, askatuko dituen errege bat. Jesus, ordea, ez dator bat ikuspegi horrekin eta ihes egin du. «Nire erreinua ez da mundu honetakoa», esango dio Pilatori.

Diskurtso bat jarraipen duen seinale bat

Sinoptikoetan, miraria bera da guztia. Joanengan, ordea, seinalea abiapuntu bat da segidako igandeetan irakurriko dugun diskurtso luze batentzat. Garrantzizkoa da xehetasun honi erreparatzea, testua komentatzean: azpimarratzen ahal da Jesusek jendeaz agertu du ardura, baita Eliseorena, baita mugagabeki handiagoa den Jesusen ahalmena, baita sinbolismo eukaristikoa, baita Jesusen ukoa ere mesianismo politikoari…; baina argi jarri behar da kontakizuna diskurtso baten atarikoa dela soilik. «Orain dator alde ona». Ogiak ugaltzea Jesus aurkezteko da, egiazko bizi-ogi bezala.

Joanek, Jesusen diskurtsoak idaztean, irakurlearentzat erronkatzat ematen ditu: ez dira lehen begiratuan ulertzekoak, baizik eta behin eta berriz irakurri behar izaten dira eta etengabe hausnartu behar. Zoritxarrez, fededun gehienak, gure artean bederen, ez dira egoten enbido asko hartzeko prest abuztuan.

Batasuna lortzeko errezeta (2. irakurgaia: Efesoarrei 4,1-6)

Joan den igandean, Efesoarrei gutunak gogoratu zigun, Jainkoak adiskidetu egin dituela juduak eta paganoak, Jesusen heriotzaren bidez. Alabaina, batasun hori aise hautsi daiteke. Ez bi herri horien artekoa bakarrik, baita jatorri bereko elkarteen baitakoa ere. Hor dago hogei mendeko esperientzia testigu. Paulok, kartzelatik, batasunari eusteko zein jarrera izan azaltzen digu: apaltasuna, maitagarritasuna, ulermena, batak bestea jasatea, bakearen lokarria zaintzen saiatzea. Horrela iritsi gintezke gorputz bakar bat eta espiritu bakar bat izatea, «Jaun batean, fede batean, bataio batean» oinarriturik. Testu honek, hitz oso desberdinez, Jesusek bere agur-diskurtsoan azaldutako desira handia gogoratzen digu: «Aita, guztiak bat izan daitezela, zu nigan eta ni zugan bezala». Eta, ebanjelioari dagokionez, gogoratzen digu, ogi bera jaten dugun guztiok bat garela.

José Luis Sicre