Merezitako atsedena huts eginik (Markos 6,30-34)
Urteko 16. igandea B 2021-07-18

Zer da: ezinezko kontakizun bat ala kontakizun sinboliko bat?

Gaurko ebanjelioa joan den igandekoari lotua dago: Jesusek ikasleak misiora bidaltzeari, alegia.

Lehen begiratu hutsean oso ondo ulertzen da testua, eta lotsa ere ematen du komentatzen hasteak. Baina bada xehetasun garrantzizko eta argiezineko bat: Jesus eta ikasleak ontziratu direnean, leku bakarti baten bila, Markosek dio, jende askok ikusi zituela joaten, eta jende hori korrika hasi eta Jesus eta ikasleak baino lehen iritsi zela leku hartara.

Daitekeena al da jendea korrika irtetea Kafarnaumdik, Betsaidatik, Magdalatik, eta ontzia baino lehen iristea zein den inork ez dakien lekura. Ezinezkoa. Honek adierazten du, kontakizuna (egun hartan gertatua) ez dela irakurri behar ikuspuntu historiko hutsetik, baizik sinbolikotik.

Markosek azpimarratu duen lehen alderdia, Jesusek ikasleekiko agertu duen ardura da. Burutu duten lan apostolikoaren ondoren, merezi dute atsedenalditxo bat, bina ezin, hainbat eta hainbat jende dabilelako Jesusen jira-bira. Alderdi oso gizatarra agertu digu Jesusek; ez da ageri Mateoren eta Lukasen testu paraleloetan.

Irtenbidea «basamortu-leku» baten bila joatea da. Basamortuari egindako erreferentzia hori funtsezkoa da kontaeran, Israel herriak Egiptotik agindutako lurraldera egindako bidea iradokitzen baitu. Orduan, basamortuan, Jainkoak elikatu zuen herria. Orain, basamortu-leku batean, Jainkoaren herri berria Jesusek elikatuko du.

Jendeak Jesusekiko duen egundoko ardura argi eta garbi ageri da testuaren hasieran; esaten da, hainbat eta hainbat zirela joan eta etorri zebiltzanak beraren bila, non Jesusek eta ikasleek ez baitzuten astirik otordu bat egiteko. Eta gauza bera errepikatzen da: «herrixka guztietatik joan ziren korrika lurrez, haiei aurrea hartuz».

Ertzera hurbildu direnean eta jendea pilatua ikusi duenean, ez dio esan Jesusek Pedrori itsas zabalera arraunean egin eta beste leku bat bilatzeko. Baizik eta errukitu egin da jende hartaz, bertan behera utzirik ikusi du, artzainik gabeko artalde gisa. Baina ez da hasi mirariak egiten, baizik eta irakasten. Geroago emango die jaten.

Markosek testu hau bere elkartean irakurri zuenean, gertatu bide zen jendea galdera egitera beharturik: ardura bera sentitzen al dugu guk Jesusez? Korrika egiten al dugu beraren ondoren, ala nahiago izaten dugu etxean patxadan gelditu?

Baina kontaerak balio digu elkarte-arduradunoi ere nork bere azterketa egiteko. Sentitzen al dut gupidarik jendeaz, ala bakean utz nazaten saiatzen naiz merezitako neure atsedena hondatzera datozkidanean?

Misiolari eta katekista askorentzat izango litzateke kontsolagarri ikustea, ezen, nahiz ezin egin duten miraririk Jesusek bezala, posible dutela gauza asko irakasten saiatzea.

Artzain gaiztoak, artzain onak, Daviden ondorengoa (1. irakurgaia: Jeremias 23,1-6)

Lehen irakurgai honek, K.a. VI. mendean, Babiloniako erbestealdikoan, tipikoak diren ideiak bildu ditu. Esku hartze profetiko asko, oso laburrak eta aldi desberdinetan gertatuak, batzearen ondorioa da testu hau. Jesus jendea «artzainik gabeko ardiak bezala dabilelako» gupidatu delako ideiak eragin die testu hau aukeratzera gaurko liturgiarako. Hain zuzen, lehen irakurgai horrek askotariko pasarte profetiko asko, oso laburrak eta une desberdinetan izanak, biltzen ditu.

Garai hartan, ohikoa zen erregeak, artzainak alegia, salatzea, herriaz arduratu gabe bizi zirela eta, gainera, beraiek eragin zutela herria erbestera eramatea. Jainkoaren lehen esku hartzeak erregeak zigortzea izango du ardatz.

Baina zigorra ez da izango nahikoa. Israeldarrak barreiaturik badaude, Jainkoaren hurrengo esku hartzea haiek alde guztietatik biltzea izango da.

Gero zer gertatuko den? Testu profetikoak aski desberdinak dira puntu honetan, eta hiru joera bereiz daitezke: 1) Jainkoa bera izango da Israelen errege; Gure Aita-n gorde den ikusmoldea da, eskatzen dugunean: «Etor bedi zure erreinua». 2) Monarkia berregina izango da, hainbat errege onekin, aurrekoak ez bezalakoekin. 3) Jainkoak errege miresgarri bat sustatuko du.

Liturgiak aukeratu duen testuak azken bi ideiak nahasi ditu: lehenik monarkia berregiteaz mintzo da, «artzain-sail» batez, pluralean.

Baina azken promesak Daviden oinordeko bakar bat aipatzen du, zuzen gobernatuko duena, zuzenbidea eta zuzentasuna praktikatuz.

Edozein kasutan, monarkia eraberritzea, nahiz errege-sail batez nahiz errege bakar batez burutua izan, promes profetiko hauetan israeldarrek errege boteretsu eta aintzat hartu bat imajinatzen zuten, zuzenbidea ezartzeko eta ongizatea ekartzeko gai zena.

Mezako lehen irakurgai hau ebanjelioarekin duen erlazioagatik aukeratua izan denez, garrantzizkoa da erreparatzea nola aldatzen den irudia. Jesus ez da tronu batean eseri den errege bat; ez da beldurgarria, antzinako errege gehienak bezala; landa-jendearen eta arrantzaleen ingurumen xume eta apal batean mugitzen da; eta bere misio nagusia ez du zuzenbidea kudeatzea, baizik irakastea. Ustea galtzera eraman dezakeen zerbait da hau agian, baina bere garaikideak gogoberotu dituena, alde guztietatik berari segitzeraino.

Galileatik eta mundu osotik (2. irakurgaia: Efesoarrei 2,13-18)

Ebanjelioaren arabera, galilearrek alde guztietatik jarraitu zioten Jesusi. Urteak geroago, Jesusi jarraitzea lurralde askotan gauzatu zen, eta Elizak itxura berria hartu zuen, jatorri juduko eta jatorri paganoko jendeaz eratu zenean. Migratzaileez Ameriketako Estatu Batuek eta Europak gaur egun duten esperientzia lagungarri gerta daiteke zein zaila izango den ulertzeko herri desberdinetako jendea baturik, elkarren pareko eta anai-arreba sentitzea.

Ikuspegi erlijiosotik, lehen mendean, gatazka-arrazoi nagusiena Moisesen Legea izan zuten, beraren agindu eta dekretuekin. Betetzen zituen juduak «Jainkoaren hurbileko» sentitzen zuen bere burua. Paganoa, ez ezagutzen eta ez betetzen zituena, «urrun» zegoen. Nola lortzen ahal zen juduen eta paganoen elkartasuna? Jesusen eta Pauloren judu garaikideentzat, argia zen erantzuna: paganoa erdaindu dadila eta bete dezala Moisesen Legea. Baina, eskutitzaren arabera, Jesusek egin duena, gauza iraultzailea izan da: Legea betetzera behartu ordez, ezabatu egin du Legea, beraren agindu, dekretu eta guzti. Guztiengatik hiltzearekin, suntsitu egin du etsaigoa, eta guztioi, urruneko eta hurbileko, eman digu Aitaganako irispidea Espiritu bat beragan.

Zoritxarrez, idazle honek dioena ez da betetzen beti. Gatazka politiko, ekonomiko, sozial askotan, kristauen artean, nagusi izaten dena ez da izaten bakea, baizik etsaigoa. Ez gara «gizadi berri bat», baizik eta gizatasunik gabeko jende-piloa. Jesusen bila ibili beharra dugu, berak irakats diezagun.

Jose Luis Sicre