EZ EGIN EZIKUSIARENIK (Lukas 10, 25-37)
Urteko 15. igandea C 2019-07-14

«Eta izan errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala». Hau da Jesusek gizadiari utzi dion ondarea. Historian txertatu nahi izan duen iraultza ulertzeko, arretaz irakurri beharra dugu «samariar onaren» kontakizuna. Hartan deskribatu digu sustatu behar dugun jarrera, gure ustekeriak eta jarrera ideologiko edo erlijiosoak baino harago, mundu gizakoiago bat eraikitzeko.

Bide bakarti baten ertzean gizaki batek datza, ostu egin diote, eraso, dena kendu, erdi hilik utzi, bere zorira utzi. Izenik eta aberririk gabeko zauritu honengan laburbildu du Jesusek hainbat eta hainbat biktima errugaberen egoera, zuzengabeki tratatuak eta historiako hainbat bide-ertzetan utziak izan direnen egoera.

Ingurumari horretan, bi bidaiari ageri dira: lehena apaiz bat, bestea lebitar bat. Biak dira Jerusalemeko erlijio ofizialean errespetuz hartutako mundukoak. Biek modu berean jokatu dute: «zauritua ikusi, bidetik saihestu eta ezikusiarena egin». Biek itxi dituzte begiak eta bihotza, gizon hura ez da inor haientzat, aurrera egin dute gelditu gabe. Hau da Jesusek egiten dion errotiko kritika bere kideengan bihotz errukitsu bat sortzeko gai ez den erlijio orori. Zer zentzu du halako gizatasun eskasa duen erlijio batek?

Bide beretik badator hirugarren pertsonaia bat ere. Ez da apaiza, ezta lebitarra ere. Ezta Tenpluko erlijioko kide ere. Halaz guztiz, iristean, «zauritua ikusi du, hunkitu da eta hurbildu zaio». Berehala, ezezagun harentzat ahal duen guztia egin du, bizirik ateratzeko eta haren duintasuna berreskuratzeko. Hau da Jesusek munduan txertatu nahi duen dinamika.

Lehenik eta behin, ezikusiarenik ez egin. Sufritzen ari denari arretaz eta erantzukizunez begiratu. Begiratu honek aska gaitzake egoismotik eta axolagabekeriatik, hainbat eta hainbat biktima errugaberen artean bizi izanik kontzientzia lasaiaz eta errugabetasun-ilusioaz bizitzen uzten diguten jarrera horietatik. Aldi berean, begiratu horrek eragin diezaguke «hunkitzera; baita halakoen sufrimendua geure sufrimendu egitera ere».

Erreakzionatzea da funtsezko gauza, eta sufritzen ari den harengana «hurbiltzea; ez, noski, halakoari laguntzera beharturik ote nagoen ala ez galdetzeko, baizik eta jabetzeko premian dagoen pertsona dela, ondo-ondoan behar gaituena dela. Geure jarduera zehatzak agertuko digu geure gizatasun-kalitatea.

Hau guztia ez da teoria hutsa. Gaurko kontakizuneko samariarra ez da pentsatzen jarri kode erlijioso edo moral bat bete beharra duen ala ez. Soil-soilik, zaurituaren egoerari erantzun dio, burura etorritako guztia egin du, haren sufrimena arindu eta haren bizitza eta duintasuna beren onera ekartzeko. Konklusio-moduan, hitz hauek esan dizkio Jesusek: «Zoaz eta egin zeuk ere gauza bera».

Jose Antonio Pagola