Hobe xume izan jakintsu baino (Mateo 11,25-30)

Urteko 14. igandea A (2020-07-05)

Ebanjelioaren testuingurua

Gaurko honen aurreko hiru igandeetan (11—13), Jesusek apostoluei zuzendutako diskurtsoaren zati bat irakurri dugu, misiora bidali dituenean (Mateo 10). Mateok ez digu adierazi, ez ikasleen itzulera, ez beraien jardueraren emaitza. Segidako kapituluetan (Mateo 11—12 kap.), pasadizo oso desberdinak datoz; Jesusen irudia zehazten lagunduko digute; gainera, Jesusek berak eta beraren jarduerak eragin dituen erreakzioak deskribatzen dituzte.

Benetan al da Jesus espero zuten Mesias? Bere dudak ditu Joan Bataiatzaileak, eta bere ikasleak bidali dizkio Jesusi, beste baten zain jarraitu behar ote duten galdetzera. Korozain eta Betsaida hirikoek ez dute aintzat hartu Jesusen predikua, uko egin diote konbertitzeari. Fariseuek legea eta zapatua haustea leporatu diote Jesusi, bera hiltzea erabaki dute, eta deabruak hartua dela diote.

Halaz guztiz, Jesusez mesfidati, axolagabe edo aurkari diren hauen guztien artean, bada talde bat Jesus onartzen duena, bi arrazoi oso desberdinengatik: Jainkoak agertu dielako, eta, ikuspegi erlijioso batetik, estuturik eta zamaturik gertatu, eta Jesusengan eta beronen mezuan arintzea aurkitu dutelako. Azkenean, talde hau Jesusen familia bezala azalduko da, beraren anaia, arreba eta ama bezala.

Jende jakintsua eta jende xumea (Mateo 11,25-30)

Igandeko honetako pasarteak hiru ekintza ditu: esker otoitz bat, irakaspen bat eta gonbit bat.

Esker otoitza. Jesusek jendea berari dagokionez banaturik dakusa, eta bi taldetan sailkatu du. Alde batetik, «jakintsu eta adituena»: giza jakinduria dute; horregatik, eskandalizatu egin dira Jesusez edo uko egin diote. Bereziki, lege-maisuak dira; Liburu Santuetan adituak, urte asko ikasten emanik; hor dira fariseuak ere, oso elkarturik lege-maisuekin, berauen irakaspenen jarraitzaile, eta Jainkoaren borondatearen ezagutzaile bete-betekotzat dute beren burua. Baina, hor daude giza ikuspegitik «jakintsu eta aditu» direnak ere; Joan Bataiatzailea eta Jesus kritikatzeko gai sentitzen direnak, teologiarik ikasi ez duten arren.

Bestetik, «jende xumearen taldea» dago: aurreiritzirik gabea da, Jainkoak gauza berririk agertzen ahal dio, ez baitu uste den-dena dakienik. Arrantzale, zerga-biltzaile bat, prostituituak, gaixoak… Jende honek onartu du Jesus Mesias dela, nahiz eta ez duen ezarri erlijiorik su eta gar; onartu du Jainkoak bidalia dela, nahiz eta jan eta edaten duen eta izen txarreko jendearekin ibiltzen den; bere hitzaz interpela dezan uzten dio Jesusi, eta jokabidea aldatzera eragin diezaion. Hau guztia, Pedroren geroagoko aitorpena bezala, Jainkoaren dohaina da. Ongia, baikortasuna, eraikitzen duena ikusteko gaitasuna da. Jakintsuak eta adituak Jesusekiko hika-mika eztabaidatsuetan nahasten dira, ñabardura eta analisietan gelditzen dira, azkenean Jesus bera onartu gabe geratzeko.

Irakaspena. Hitz gutxitan, kristologiako tratatu txiki bat dugu begi aurrean. Jesusek duena du ardatz eta errebelatzen ahal diguna. Duen hori, Aitak emana du. Iruzkinik hobena laugarren ebanjelioan dator, esaten baitu Aitak Jesusi bi ahalmenik handienak eman dizkiola: juzgatzekoa eta bizia ematekoa. Bi ahalmen hauei beste hau gehitu die Mateok hemen: Aita agertu ahal izatekoa. Jende xume honek, Jesus tarteko dela, Jainkoa Aita dela ezagutuko du, ez izaki ahalguztidun eta epaile zorrotz bezala. Jesusek agertuko dio dio; berak bakarrik egin dezakeelako.

Gonbita. Baina Aitaren agerpen hau ez da gauza abstraktu bat, gauza teoriko bat. Arnasa da agintari erlijiosoek ezarri dizkieten uztarpean eta araupean lur jota eta akiturik daudenentzat. Rabinoak «legearen uztarriaz» mintzatu ohi ziren, zeinak israeldarrek gustura hartu behar baitzituzten, Jainkoari atsegin izateko. Alabaina, uztarri hori batzuetan jasanezineko bihurtu ohi zen berekin zituen agindu eta debeku-piloarengatik, eta agertu ohi zuten Jainko ankerraren ideia zela medio. Aitzitik, Jesusen uztarriak pertsona jartzen du legearen gainetik, ondoren segidan datozen bi kontakizunek, zapatua betetzeari dagozkionek, azaltzen dutenez

Laburpena. Txatal hauek dinamismo oso bitxi bat dute: Aitak Semea agertzen du, Semeak Aita agertzen du, baina agerpen hori onartzen duen gizakia da onuradun handia; aske nabari du bere burua Jainkoari eta erlijioari buruzko irudi legalista, gogor eta estugarritik. Bere pietatea, jainkotiarrago bihurturik, gizatiarrago nabari du.

Errege xume bat, baina biziki ahalduna (Lehen irakurgaia: Zakarias 9.9-10)

Jesus «otzan eta apal» agertu izanak, Zakarias profetak iragarritako errege hura dakarkigu gogora: «zuzen eta garaile dator, apal eta asto baten gainean, astakume baten gainean». Segur aski, K.a. IV. mendearen azken aldekoa da, Alexandro Handia, Egiptora bidean, Palestinatik igaro eta geroxeagokoa. Buzefalo bere zaldi gainean handios igaro den Mazedoniar monarkaren irudi puztu horri, beste irudi bat kontrajarri dio profetak: itxura soileko errege batena; asto gainean dator, baina egundoko ahalmena du, beste profeta batzuek Jainkoari berari egotzi ziotena egiteko gai da: gudaroste baten beharrik gabe (desegingo ditu Efraimgo gudu-gurdiak eta Jerusalemgo zalditeria, txikituko ditu gerlarien arkuak) berreratuko du bakea eta jaun izango da Eufratesetik munduaren azkena arte. Errege berezi-berezia, jainkozkoa kasik.

Ebanjelariek Jesus Jerusalemen sartzearekin erlazionatu dute testu hau. Igande honetako testuinguruan, Jesus otzan eta apalaren irudia indartu nahi du, zeinak ez baitu bakea nazioetan berrezartzen, baizik eta bihotzetan.

«Goratuko zaitut, ene Jainko, ene errege» (Sal 144)

Igande honetarako aukeratutako salmoak egoki uztartzen ditu bi irakurgaiak. Erregearen irudia jaso du, baina ez du nabarmendu, ez beraren botere militarra, ez beraren nagusitasun orokorra, baizik eta beraren gupida, beraren errukia, beraren pietatea, beraren onberatasuna. «Ona da guztientzat, txeratsua bere sorkari guztientzat». Jesusek bezala, nekatuak eta estutuak arintzen baititu, hitzemandako errege hori «euskarri da erortzear direnentzat, zuzentzaile gorputz okertuentzat». Horregatik, ebanjelioko hitza entzuteari eman behar geniokeen erantzuna Jesus Jauna bedeinkatzeko izan beharko genuke, eguna joan eguna etorri, beti.

José Luis Sicre