JENDE XUMEAGANDIK IKASI (Mateo 11,25-30)

Urteko 14. igandea A 2020-07-05

Jesusek ez zuen izan arazorik herriko jende xumearekin. Bazekien ulertzen ziotela. Jesus kezkatzen zuena beste hau zen: beraren mezua ulertuko ote zuten egunen batean lider erlijiosoek, Legean adituek, Israelgo maisu handiek. Bistakoagoa zen egunetik egunera: jende xumea pozten zuenak beste hauek axolagabe uzten zituela.

Gosearen eta lurjabe handien kontra nola defendituko bizi ziren landa-jende hark oso ondo ulertzen zion Jesusi: Jainkoak zoriontsu ikusi nahi zituen, goserik eta zapaltzailerik gabe. Gaixoek konfiantza zuten beragan, eta, beren fedeak animaturik, biziaren Jainkoagan sinestera bihurtzen ziren. Berari entzuteko etxetik irtetera ausartzen ziren emakumeek sumatzen zuten Jainkoak maite zituela Jesus esaten ari zitzaien bezala: ama baten bihotzez. Herriko jende xumea bat-bat zetorren berarekin. Berak iragartzen zien Jainko hura antsiatzen eta behar zuten.

Beste bat zen adituen jarrera. Kaifasek eta Jerusalemgo apaizek arriskutzat hartua zuten bera. Lege-maisuek ezin ulertu zuten, berak jendearen sufrimenduaz hartaraino arduratu eta erlijioaren eskakizunez axolarik ez izatea. Horregatik, Jesusen jarraitzaile hurbilekoenen artean ez zen agiri, ez apaizik, ez eskriba edo lege-maisurik.

Egun batean, agertu zien Jesusek guztiei bere bihotzean sentitzen zuena. Pozez blai, Jainkoari otoitz egin zion: «Eskerrak zuri, Aita, zeruko eta lurreko Jauna, gauza hauek jakintsuei eta adituek ezkutatu eta jende xumeari agertu dizkiozulako».

Gauza bera gertatu ohi da beti. Jende xumearen begiak, eskuarki, garbiago izaten dira. Ez du izaten bere bihotzean asmo makurrik. Funtsezkora jotzen du. Badaki zer den sufritzea, zer den gaizki sentitzea eta segurantzarik gabe bizitzea. Berak dira lehenak ebanjelioa ulertzen.

Jende xume hau dugu Elizan den alderik onena. Jende honengatik ikasi behar dugu gotzainek, teologoek, moralistek eta erlijioan adituek. Berari agertzen dio Jainkoak besteoi ihes egiten diguna. Eklesiastikoek arriskua dugu fedearen inguruan gehiegi arrazionalizatzeko, gehiegi teorizatzeko eta «korapilatzeko».

Soilik, bi galdera: zergatik daude gure hitzak hain urrun jendearen bizitzatik?, zergatik gertatzen da gure mezua, kasik beti, Jesusena baino ilunago eta nahasiago?

Jose Antonio Pagola