Bi parabola Jainkoaren erreinuaz
Urteko 11. igandea B 2021-06-13

Jesusen inguruan elkarte koxkor bat nola eratu ohi zen kontatu ondoren, parabola-sail bat dakar Markosek. Irakurleak aspaditxotik espero zuen zerbait da; izan ere, ebanjelariak esan du, behin eta berriz, Jesus irakasten ari zela, baina ez zuen esaten zer irakasten zuen. Hitzaldi luze horretatik (34 txatal), liturgiak bi parabola hautatu ditu eta hitzaldiaren azkena (gainerakoa komentatua dut El evangelio de Marcos-en, Verbo Divino, Lizarra 2020, 363-367).

Laboraria eta lurra (Mk 4,26-29)

Lehenengo parabola honetan datorrenak txorakeria dela ematen du: laborariak erein, eta gero ahaztu egiten da erein duenaz, uzta-garaia iritsi arte; lurra da lanean ari dena, lurrak hazarazten ditu landarea, burua eta alea. Jesusi entzuten dioten galilear guztiek dute horren berri. Zein da parabola honen berritasuna? Laborariaren jarduera Jainkoaren erreinuan gertatzen denarekin konparatzen duela Jesusek. Erreinuan ere, laborariak lanik egin gabe, lo dagoela, ematen du haziak fruitua.

Orduan sortzen dira galderak: zein da laboraria? Jesus bera? Ez du ematen horrek itxurazkoa den, parabolako laborariak ez baitaki zer ari den gertatzen. Ebanjelioa hots egiten ari diren apostoluak eta misiolariak ote dira, beroriek jakin gabe fruitua ebanjelioak berak ematen duela? Zein da lurra? Kristau bakoitza ote, harengan haziak fruitua ematen duelarik, ereilea lo dagoela? Ematen du, ildo pertsonal hau duela liturgiak buruan, eta horregatik aukeratu duela 91. salmoa, azkenean adieraziko dudanez.

Daitekeena da beste azalpen bat: Jainkoaren erreinua, kristau-elkartea, laborariak parte hartu gabe eta konturatu gabe haziz doan haziaren antzeko baita, egiten ari den hazte prozesu misteriotsuaz mintzo da parabola. Pentsatzen jartzen zarenean, Jesusek eta haren ikasleek Erromatar inperioaren urruneko eta garrantzirik gabeko lurralde batean erein zuten hazia fruitua ematera nola iritsi zen, argiagoa gertatzen zaigu parabolaren esanahia. Gonbit bat da konfiantza jartzera Jainkoak Elizan eta gutako bakoitzarengan ari duen jardueran, uko eginez, bai geure burua historiaren protagonistatzat jartzeari, bai den-dena geuk egiten dugunaren baitan dagoela uste izateari.

Halere, ematen du, parabola arrotzegi eta ulertzeko zailegi gertatu zela, eta, agian, horregatik ez zuela kopiatu Mateok. Lukasengan ere falta da parabola hau, nahiz eta batzuek uste duten Lukas Markosen lehen edizioaz baliatu zela, zeinetan ez baitzetorren parabola hau.

Ziapea (mostaza) (Markos 4,30-32) eta zedroa (Ezekiel 17,22-24)

Bigarren konparazioa argiagoa da eta gaurkotasun handikoa, batez ere mendebaleko lurralde askotan, kristautasuna gainbehera ari dela ematen duenetan. Kristau-elkartea, Jainkoaren erreinua lurrean, mostaza haziarekin konparatu du Jesusek; gauza txikia da hazi hori, baina denborarekin arbola bihurtzen da, zeruko txorientzat jarleku izateraino. Horrenbestez, ez da zertan ustea galdu eliza arbola txiki bat baldin bada, barazkiak baino zerbait handixeago bat.

Itun Zaharra ezagutzen duena, jabetzen da, parabola honek Ezekiel profetaren konparazio bat (17,22-24) jaso duela, baina errotik aldaturik. Bere garaiko juduei ari zaie Ezekiel profeta, bihotz eroriak baitira, hainbat zoritxar politiko, ekonomiko eta erlijioso jasaten ari direla eta. Esperantza eragiteko, arbola batekin konparatu du Israel herria Ezekielek. Baina ez mostaza-arbola txiki batekin, baizik zedro arranditsu batekin, eta esaten du, Jainkoak aldaxka bat kendu diola zedro arbola horri, «mendi-goi batean, Israelgo mendirik altuenean» aldatzeko.

Dena da handitsu Ezekielengan; ebanjelioan, berriz, dena da apal. Emaitza, ordea, bat bera da; bietan egin dezakete habia txoriek. Ezekielen konparazioak eliza unibertsal dominatzaile baten irudia gogoratzen du, eliza handiosa, guztiek errespetatua eta miretsia. Jesusenak, berriz, moduzko elkarte baten irudia dakarkigu, handinahirik gabea, baina premia duenari harrera egin ahal izateagatik alai bizi dena.

Laburtuz, bi parabola hauek elkar osatzen dute. Lehena erreinuaren hazte misteriotsuaz ari da; ohartarazten digu ezen, beraren haziera eta guzti, ez dugula itxaro behar zerbait handioz bihurtzea. Baina, mostaza-hazia bezala oso apala izan arren, bete ahalko du bere egitekoa, zeruko txoriei jarlekua eskaintzekoa.

Hitzaldiaren bukaera (Mk 4,33-34)

Markosek ohar batekin bukatu nahi izan du bere hitzaldia, Jesusen irakasteko moduaz, kontraesanean erori dela konturatu gabe. Esanez hasi da ezen Jesusek parabola bidez hitz egiten zuela bere entzuleen ulermenari egokitzeko. Baina jendeak ez bide zituen ulertzen; izan ere, ikasleek Jesusek pribatuan argitu ziezazkien beharra izan zuten. Esan genezake, asko laburtuz, Jesus bi parabola-motaz baliatzen zela: oso ulerterraz zirenak (seme hondatzailearena, samariar onarena…) eta jendeari pentsarazten ziotenak; ikasleek berek erantzunik topatzen ez bazuten, Jesusek berak argitzen zizkien (gehiengoa dira hauek).

«On da, Jauna, zuri eskerrak ematea» (Sal 91)

Hazia gutako bakoitzarengan edo Eliza osoan horrenbeste hazten bada eta fruitu ematen, ebanjelioari eman beharreko erantzuna esker ona da. Salmoak ere landare-irudi bat darabil, zedroaz eta mostazaz ez, baizik palmondoaz mintzo bada ere. Berorrekin, zintzoak «zahartzaroan fruitu ematen jarraituko du eta adartsu eta hostotsu egongo da».

José Luis Sicre