Loiolako Ignazio santua
XXI. mendeko kristau mistikoaren eredu bizia

1.- Kristau-bizitzan biak dira elkarren osagarri: Kristori atxikitzea eta, Kristoren izenean, munduari atxikitzea, mundua Jainkoaren erreinu bihurtzeko. Nabarmen dakusagu hori Loiolako Ignaziogan. Gaurkoz, lotu gakizkion, nagusiki, Jainkoak, Kristok, Ignazio nola liluratu duen ikusteari.
2.-Loiolan Iruñeko zauriez sendatzen ari dela, bi liburu irakurri ditu. Amesten zituen zalduneriako beste liburuek ez bezala ukitu eta hunkitu dute: Zergatik ez nik egin Domingo santuak eta Frantzisko santuak bezalako egintzak? Jainkoaganako hurbilketa soila da.
3.-Sendatu denean, sakondua du ordu arteko biziera utzi eta Jesusen bila hasteko asmoa. Jerusalemera joatea du helburu. Artean, Erdi Aroko kristau arrunt baten formazio hutsa du, Kristoz eta Kristoren ebanjelioaz: hutsa.
4.-Montserraten espiritu-beroaldi bat izan du. Kristo pobre ikusi du. Kristo pobrearekin pobre egitea erabaki du. Soinean daraman noblezia eta militar hornidura guztia utzirik, Manresarantz jo du, buruan beti Jerusalem duela.
5.-Manresan nahi baino denbora gehiago egin behar izan du. Nahi gabe irten zaio Kristoren testigantza egitea. Behin batean, elizara bidean, Cardoner erreka ondoan eseri da. Bere bizitza guztian «goizeko izar» izango duen esperientzia bizi izan du.
6.- Begiak zabal-zabal ireki zaizkio: «uste du beste gizon bat dela, beste adimen bat duela, lehen ez bezalakoa dela»; «gauza guztiak beste era bateko iruditzen zaizkio».
7. Ordudanik, Jainkoa ikusten du gauza eta alde guztietan. Jainkoarekiko harremanak «mundutar» bihurtu zaizkio. Jainkoarekiko lotura edo atxikimendua «poz mundutar» (R. Rahner) bihurtu zaio.
8.- Esperientzia berezia izan du Jainkoaz. Ez du bakarra izango. Nola ba? Baina Manresakoa «artizar», «egunsentiko artizar», izango du bizitza guztian.
9.- Artean, Ignazio, kristau-dotrinaren ezagutzari dagokionez, Erdi Aroko mutil arrunt bat da. Halere, teologo handi batek baino sakonago ikusi du Jainkoa, eta buru-belarri liluratu du Jainkoak.
10.-Jesusen otoitza dakarkigu horrek gogora: «Goresten zaitut, Aita, … gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu» (Mt 11,25).
11.-Jainkoaren esperientzia bizi horrek are bizikiago lotu zuen Ignazio munduarekin, Elizarekin. Bere buruari eta bere Lagundiari boto berezi bat ezartzeraino: Aita Santuaren esaneko izatea.
12.- Eta boto horrek estualdi bat baino gehiago erakarri zion. Bat oso berezia.1555ean aita santua hil zenean, Caraffa izendatu zuten. Kide batek idatzi zuen, hezur guztiak dardaratu zitzaizkiola Ignaziori. Berehala, ordea, kaperara joan omen zen Ignazio, eta ordu laurden batera guztiz lasai eta alai itzuli zela.
13.-Caraffa eta Ignazio, biak ziren ordena-fundatzaile. Oso ikuspegi desberdineko. Caraffa aita santu ikustean, bere Lagundia ikusi zuen koloka Ignaziok. Bere bizitza guztia emana zuen Jainkoaren borondatea egiten. Bat-batean, ematen zuen, Jainkoak berak jartzen ziola oztopoa Ignaziori berak inspiratu zion bideari.
14.-Ignazioren Jainkoarekiko atxikimendua ez zen, ordea, argialdi batekoa. Gauza guztietan, pertsona guztietan, gertaera guztietan… ikusten zuen Jainkoa. Gogo Jardunak idatzi zituenean; Lagundiko Konstituzioak idazteko gomendatu ziotenean… Hil ondoren, Paulo IV.ak tiraniazko jokabidea egotzi bazion ere, ingurukoek “aita” esaten omen zioten konbentzimendu osoaz.
15.-Ignazio mistikoa izan zen. Jainkoarekiko bere lotura ez zuen besteen konbentzimenduan oinarritua. Jainko Jaunarekin topo egin izanaren esperientzia bizi eta pertsonalean oinarritua zuen. Erromako kapera txiki batean, La Storta izenekoan, “otoitzean ari zela, halako aldaketa sumatu zuen bere ariman eta hain argi ikusi zuen Jainko Aitak Kristorekin, bere Semearekin, jartzen zuela, non ez baitzuen inolako dudarik horretaz, baizik eta Jainko Aitak bere Semearekin jarri zuela ”(Au 96).
Kristau guztiek bizi beharreko esperientzia, Jesusen Espirituaren argiz eta laguntzaz. Munduaren kreatzaile eta salbatzaile den Aitari zabal-zabalik bizitzea da mistiko izatea. (Dionisio Amundarain)