Pazkoaldiko 8. igandea B Mendekoste
HOMILIA (2015-05-24)

Anai-arrebok!

Mendekoste igandea dugu gaur. Jesusen Espirituaren etorrera ospatzen dugu; batetik, duela bi mila urte Jesusen ikasleen bihotzera etorri izan; gaur gure bihotzera.

Etorrera esan dut. Beraz, arazoa ez da Espiritua zer den. Baizik zer egiten duen gugan. Ikus dezagun lehenik, Espirituaren etorreraren historia pixka bat, Biblian datorrenez. Ondoren, zertxobait zer egiteko gai bihurtzen gaituen.

Munduaren hasiera hartan, munduko gainerako izakiak kreatu ondoren, gizakia eratu zuen buztinez. Buztin hutsa zen artean. Baina Jainkoak bere Espiritua ufatu zion. Eta buztin hutsa zen ura, Jainkoaren antzeko eta irudiko bihurtu zen. Senideok pentsatzen al dugu geure izaera horretan? Jainkoaren antzeko eta irudiko! Itun Zaharrak esaten duenez, bere ruah, bere hatsa, bere arnasa ufatu zion Jainkoak gizakiari. Arnasak Biblian bizia esan nahi du.

Baina gizakia gizakiarentzat otso bihurtu zen. Besteak beste, Israel herriak jasan zuen, oso gogor, otsotasun hori. Egipton esklabo bihurtu zen. Halere, Jainkoak barnean ezarri zion espirituak eraginda eta lagunduta, Egiptotik ihes egitea lortu zuen. Eta Jainkoak hitzeman zion lurraldeko bidea hartu zuen. Gorabehera handiak igaro zituen bide horretan. Askotan Jainkoaz ahaztu, Jainkoaz ahazteak dakarren gizarteko giro txarra bizi, Jainkoak bihotzera dei egin, herria Jainkoagana itzuli. Behin eta berriz gauza bera, sekuentzia bera. Behin batean, Sinai mendian Jainkoaren esperientzia bizia izan zuten Israel herriak: Jainkoaren Legeari, Jainkoaren bideari «bai» esan zion.

Bihotz-hondoan ezarri zuten Sinaiko esperientzia hura israledarrek. Eta urtero-urtero ospatzen zuten gertaera hura. Legearen eguna. Mendekoste eguna. Horrela, Jesus etorri zen arte.

Jesus etorri zen eta hil zuten. Baina Aitak berpiztu zuen. Penaz eta koldar bizi ziren ikasleak animatzeko, behin baino gehiagotan agertu zitzaien Jesus berpiztua. Agindu ere bat, Espiritua etorri zain egoteko. Hala, denak bildurik zeudela, Espiritua etorri zitzaien bihotzera.

Jesusen Espiritua hartzearekin, beste pertsona batzuk ziren. Dena aldatu zen. Koldar eta beldurti zirenak, bihotz handiko, adoretsu bihurtu ziren.

Bai. Jesusen Espiritua jende harengan bultzada bihurtu zen, motibazio, bizi-arnasa, bizitzari zentzua ematen dion arnasa.

Horixe adierazten dute gaurko irakurgaietan ageri diren seinaleek: trumoiak, haize bortitzak, suak, gogo-berotasunak, dinamismoak.

Mendekostek berritasuna esan nahi du. Bihotzari astindua ematen dion berritasuna. Jesus bera, Espirituaren igurtzia harturik, bere egitekoa betetzeko gai bihurtu zen; buru-belarri ekin zion Jainkoaren Berri Ona zabaltzeari. Askatasuna aldarrikatzeari.

Gauza bera dagi gugan. Egiaren Espiritua etorriko denean, hark gidatuko zaituzte egia ezagutzera, egia maitatzera, egia hots egitera.

Gau/Atzo [larunbatean) dohatsu deklaratu zuten Oscar Romero, San Salvadorreko artzapezpikua. 1980an hil zuten Meza ematen ari zela. Astelehena zen. Bezperan, igandean, katedralean hitz egin zuen. Militarrei eta gobernuari zuzendurik esan zien:

«Anaiok, gure herri berekoak zarete / dira. Landako zeuen anai-arrebak ari zarete hiltzen. Eta gizon batek emana duen erailtzeko agindu baten aurrean, Jainkoaren legeak du nagusitasuna: “Ez hil”. Soldaduak ez daude behartuak Jainkoaren aurkako agindu bat obeditzera. Moralaren kontrako lege bat ezin du bete inork ere. Bada ordua nork bere kontzientzia berreskura dezazuen; bekatuaren aginduari baino lehen, zeuen kontzientziari obedi diezaiozuen. Eliza, Jainkoaren eskubideen, Jainkoaren Legearen, giza duintasunaren, pertsonaren duintasunaren babeslea, ezin gelditu da isilik honelako jokabide higuingarri baten aurrean. Gobernuari esan nahi diogu: har dezala aintzat, erreformak ez direla ezertako, horrenbeste odolek gorriturik badoaz. Jainkoaren izenean eta herri sufritu honen izenean, zeinen lantuak eta garrasia zeruraino baitoaz egunetik egunera kopurutsuago, erregutzen dizuet, eskatzen dizuet, agintzen dizuet Jainkoaren izenean: Geldiarazi ezazue errepresioa»

Bai, senideok, bada ordua nork bere kontzientzia berreskura dezagun, Jesusen egiaren Espirituari antzemateko gai izan gaitzen. Zatoz, Espiritu Santua, eta bete gaitzazue zeure dohainez, gure mundu hau egiazkoago, errespetuzkoago, elkarkoiago bihurtzen ahalegindu gaitezen.

DIONISIO AMUNDARAIN