Pazkoaldiko 6. igandea C 2016-05-01
HOMILIA

Anai-arrebok!

Mendekoste igandera hurbiltzen ari gara. Dakizuen bezala, Mendekoste igandean Jesusen Espirituaren etorrera ospatuko dugu. Hori dela-eta, gaurko irakurgaiak Jesus berpiztuaren presentzia ondo ulertzeaz ari zaizkigu: Jesusen presentzia eta Jesusekiko harremanak. Ez da jada presentzia fisikoa. Ez dira jada harreman fisikoak.

Lehenbiziko irakurgaia juduentzat funtsezkoa zen errituaz ari zaigu: mutiko jaioberriak erdaintzeaz, edota judu-berri izan nahi zutenak erdaintzeaz. Kristautasunaren hasiera hartan, kristau egindako judu ultrek beharrezkotzat ematen zuten erdainkuntzaren erritu hori kristau egiten ziren paganoentzat ere. Baina Paulok eta Bernabek egindako galderari erantzunez, Jerusalemgo Kontzilioan akordio honetara iritsi ziren: Espirituak eta guk hau erabaki dugu: ez ezartzea inori behar-beharrezkoak diren zamak baino gehiago. Hitz batean, erdaintzea ez zen beharrezkoa.

Esan behar da, erdaindu ala ez delako arazo horretan, erdaintzea bera baino puntu sakonagoak zeudela jokoan. Batetik, Itun Zaharreko erdainkuntza-legeak diskriminazioa ezartzen zuen emakumearen kontra. Gizonezkoak bakarrik erdaintzen ziren. Esan nahi da, gizonezkoek bakarrik ospatzen zuten herritar bihurtzeko sarrera-erritua; emakumea kanpoan uzten zuten sarrera-erritutik. Bigarren, zerk salbatzen zuen pertsona: erdainkuntza-errituak ala Jesusek? Beraz, erdainkuntzaren arazoan, salbazioari buruzko ustea zegoen jokoan. Kontzilioak hartu zuen erabakiak, hau aitortu nahi zuen: batetik, gizonezkoa eta emakumea, judua eta paganoa etab. parekoak garela; bestetik, ez gaituela errituak salbatzen, Kristok baizik. Honek guztiak adierazten digu, gorputza eta haragia eta mundu materiala inolaz ere mespretxatu gabe, Espirituaren arabera ulertu eta bizi behar ditugula gauza guztiak. Zehazki, Jesusen Espirituaren arabera

Ebanjelioan are gehiago azpimarratzen da Espirituaren arabera ulertu eta bizi behar hau.

Kontua ez da bukatzen guk Jesus maitatzearekin. Baizik eta Jesus maite badugu, haren hitza beteko dugu; baina gainera: Jesus maite duena maitatuko du Jainko Aitak, eta gugana etorriko dira Aita eta biak eta gugan biziko dira. Gorputza eta materia berak bakarrik harturik ezin ulertu da gu Jainkoaren bizileku izate hori. Jainkoa Espiritu da eta gugan ere Espiritu bezala biziko da.

Gainera, esplizituki mintzo zaigu Jesus Espirituaz gaurko ebanjelioan. Aitak Espiritu kontsolatzailea, Espiritu bizi-emailea, Espiritu indar-emailea bidaliko du gugana.

Azkenik, bakea emango digu Jesusek. Ez munduak ematen duena bezalakoa. Bake hori Jesus bera da, gugana etorri eta gugan biziko dena.

Den-dena Espirituaren arabera hartu eta bizitze horri dagokionez, oso esanahitsua da Jesusek iturriko emakume samariar hari esandakoa: «badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena» (Jn 4,21). Eta gaurko bigarren irakurgaiak ere, zeruaz ari dela, hona zer dion: «Ez nuen tenplurik ikusi zeren Jauna, Jainko ahalguztiduna, eta Bildotsa baitira hango tenplu» (Ap 21,22). Ondo ulertu zuen hau XV. mendeko Kabir musulman mistikoak Jainkoaz idatzi zuenean: «Ez nago tenpluan, ez meskitan, ez La Mekako santutegian, ez jainkotasun hinduisten egoitzan; ez nago erritu eta zeremonietan; ezta aszetismoan eta haren ukapenetan. Benetan bazabiltza nire bila berehala ikusiko nauzu, eta iritsiko da unea aurkituko nauzuna».

Eginak liburuko kristau argi haiek ere ateak ireki nahian zebiltzan: elkarte guztiek bat egin eta beren artean zituzten aldeak onartzeko. Bigarren irakurgaian ere aingeruek ez diote agertzen Joan ikusleari Jerusalem hiri materiala, baizik «Hiri santua, Jerusalem, zerutik jaitsia». Eta ebanjelioan, Jesusek ez digu agindu berriro fisikoki etorriko denik, baizik «neure Espiritua» bidaliko dizuet.

Senideok, Jesus berpiztua ez dugu ikusiko begi fisikoez, baizik berak bidaliko digun Espirituaren begiez. Ez gaitezen ibili ezin ikusiko dugun moduan edo lekuan. Ez dezagun errepikatu Fray Luis de Leongoaren oda hura edo poesia hura:

Eta horrela utzi behar al duzu, Artzain santua
zure artaldea ibar sakonean, ilunean,
negar eta malko,
eta zuk, aire gardena hautsiz,
joan behar al duzu leku seguru hilezkorrera?

Ez, Jesus ez da joan gu triste eta malkoz utzirik. Baizik pozik ikusi nahi gaitu, bera garaile atera delako, eta beraren garaipena geurea izango dugulako. Horretarako, hori ikusi ahal izateko, betaurreko egokiak jarri behar ditugu: Jesusen Espirituaren betaurrekoak.

Dionisio Amundarain