Pazkoaldiko 5. igandea A (2020-05-10)
Eliza jaio berri, sufrikario-jasaile, sinesle

Joan den igandean esan nuenez, Pazkoaldiko igandeetako hiru irakurgaiak Elizaren jatorriaz mintzo zaizkigu, Elizaren kontrako pertsekuzioez eta Jesusekin dugun erlazioaz.

Eliza jaio berria (Lehen irakurgaia: Eginak 6,1-7)

Lehen irakurgaiak diakonoen eratzea dakarkigu, eta hasiera hartako kristau-elkartearen ugaltze hazkorra, apaizak ere atxiki zitzaizkiola azpimarratzen duelarik.

Jerusalemgo elkartea, hebreera hizkuntzako juduek eta greziera hizkuntzako juduek (segur aski, jatorriz atzerritarrek, Diasporakoek) osatzen zuten. Bazituzten orduan ere hizkuntza-arazoak, gure garai honetan hain tipikoak direnak. Hebreera hizkuntzakoek goragoko jotzen zuten beren burua, jatorrago eta egiazkoago. Eta horrek bazuen zerikusirik emakume alargunekiko arretarekin. Lukasek, Apostoluen Eginak liburuko beste pasarte batzuetan elkarrekiko maitasuna eta parekotasuna hainbesteraino azpimarratu dituenak, ezin ezkutatu du, kasu honetan bazirela arazoak hasieratik beretik kristau-elkartean ekonomia-arrazoiengatik.

Diakonoak zazpi dira; kopuru sinbolikoa, betearena. Ematen du, eginkizun material hutserako hautatuak izan zirela, apostoluei aukera emateko apostolutzari eta otoitzari emanik bizitzeko; egiaz, alabaina, lehen bi diakonoek, Estebanek eta Felipek, zeregin apostolutarrean ere lan handia egin zuten. Esteban izango da, gainera, lehen kristau-martiria.

Eliza sufrikario-jasailearen duintasuna (Bigarren irakurgaia: 1 Pedro 2.4-9)

Pedroren lehen gutunak gogora dakartza hasiera hartako elizak jasan behar izan zituen pertsekuzioak eta zailtasunak. Ikusi genuen hori joan den igandean eta ikusiko dugu segidakoetan ere. Igande honetan, ordea, Jesusi eta beronen ebanjelioari uko egiten dietenak aipatzen dira; indartsuago gogorarazten zaie, ordea, difamatuak eta irainduak izan direnei Jainkoak eman dien egundoko duintasuna:.

Juduak, Jerusalen erori ondoren (70. urtea), tenplurik gabe eta Jaunari sakrifizioak eskaintzeko aukerarik gabe ziren bitartean, kristauak tenplu berri bilakatu dira, apaiz berri, Jainkoari biktimak eskaintzeko Jesu Kristo dela medio.

Azkenean, Itun Zaharreko zehar-aipamen batzuk bilduz, kristau-elkartearen irudi bikain bat marraztu du: «Arraza hautatua zarete zuek, errege-apaizgoa, nazio sagaratua, Jainkoak eskuratutako herria, ilunpetik irtetera eta haren argi miresgarrian sartzera dei egin zizuen haren egintzak hots egiteko».

Gure garaian, Eliza gero eta garrantzi txikiagoko ageri den honetan eta ingurumen askotan erasoa eta gaitzespena jasotzen dituen honetan, Pedroren gutuneko hitz hauek adore-emaile eta kontsolagarri izan ditzakegu.

Eliza sineslea (Ebanjelioa: Joan 14,1-12)

Ebanjelioak azken afarian kokatu gaitu, Jesusek ikasleei agur esan dien mementoan. Hautatu duten pasarte honetan hiru zati bereiz ditzakegu: hotela, hartarako bidea, mahaikideak.

Hotela. Lehen zati honetan, badu Jesusek, bakarrik gelditzean ikasleei sartuko zaien beldurraren berri. Eta bihotz eman nahi die ikaratu ez daitezen, azpimarratuz, berriro aurkituko dutela bera eta behin betiko elkarrekin egongo direla Jainkoaren hotel handian, gelaz betea den hartan. San Paulok esango lukeenez, beraren heriotza ondoan gertatuko denaz hitz egin die: «Eta, horrela, Jaunarekin biziko gara betiko». Lehen zati honek, aldi guztietako balio duelarik, esanahi berezia du hilabete hauetan, zeinetan koronabirusaren epidemiak hainbat jende hil baitu eta milaka jendek ezin izan baitie agur egin bere familiarteko maiteei. Ez daude bakarrik. Jaunarekin daude.

Bidea, Tomasek, beti bezala errealista, badu zer esatekorik Jesusentzat: «Ez dakigu nora zoazen. Nola jakin bidea?» Honek, bere buruaz definiziorik hoberenetako bat emateko bide eman dio Jesusi: «Ni neu naiz bidea, egia eta bizia». Nola hitz egin, ordea, Jesusez bera ezagutzen ez dutenei edota eskas ezagutzen dutenei? Formularik egokiena ez da Kaltzedoniako Kontzilioaren hau: «Jainkoagandik Jainko, argiagandik argi….». Egokiagoa da Jesusen hori.

Ematen du, Jainkoagana iristeko bide asko direla, baina, Aitatzat harturiko Jainkoagana iristeko, Jesus dela bide bakarra. Musulmanak Indartsu bezala goresten du Jainkoa (Alla hu akbar). Kristauak, berriz, Aita du Jainkoa.

Egia. Jesus, egia da halaber duda-muden artean eta apur bat geroago Pilatok agertuko duen eszeptizismoaren aurrean, Galdera zuzena ez da: «Zer da egia?», baizik eta: «Zein da egia?» Egia ez da kontzeptu bat, ezta sistema filosofiko bat ere; egia, pertsona batengan haragitu da

Bizia. Jesus, guztiok antsiatzen dugun bizia da halaber, betiko bizia, jadanik mundu honetan hasten dena, honetan datzana: «ezagut zaitzatela zu, egiazko Jainko bakarra, eta zuk bidali zenuena, Jesu Kristo».

Mahaikideak. Beste etenaldi bat; oraingoan Felipek eragina. Pasarterik zailenera eta nahasgarrienera garamatza. Orain ez dugu zertan ibili bide batean Aitagana iristeko. Hura ikusteko, aski da Jesusi begira jartzea. Hitz hauek, judu baten belarrietan birao huts izango zirenek, Jesusengan sinestera garamatzate, Jainkoagan sinetsi ohi dugu bezala Jesusengan ere sinestera; sinestera, alegia, Jesus ikusten duenak Aita ere ikusten duela; Jesus ezagutzen duenak Aita ere ezagutzen duela; Jesus Aitagan dagoela eta Aita harengan. Eta azkenean, erronkarik handiena: sinestea, guk, Jesusengan sinesten badugu, berak egin zituenak baino egintza handiagoak egingo ditugula. Ezina dirudi. Haur epileptikoaren aitak esango bide zuena guk ere: «Sinesten dut, Jauna, baina asko falta zait. Ordezka ezazu zuk zeuk, nigan den fedegabearena».

Elizak mendetan eztabaidatu du Jesusen eta Aitaren arteko erlazioaz, eta ez da iritsi behin betiko formulaziora kasik laurehun urte geroago arte, Kaltzedoniako Kontzilioan (452. urtean). Joanen ebanjelioak aurrez eman digu heredatu eta aitortzen dugun fedea.

José Luis Sicre