Aukera bitxi bat
Pazko igandea C 2016-03-27

Igande honetan elizan gehienik errepikatzen diren esapideak dira: «Kristo piztu da» eta «Jainkoak piztu du Jesus». Gai honetaz Itun Berrian sarrienik ageri diren baieztapenak laburbiltzen dituzte.
Halere, igande honetarako aukeratu duten ebanjelioan, protagonista ez dira ez Jainkoa, ez Kristo, ezta aipatzen ere honen piztuera. Aipatzen diren hiru protagonistak gizaki huts dira: Maria Magdalakoa, Simon Pedro eta ikasle maitea. Ez da ageri aingerurik ere. Joanen ebanjelioaren kontakizunak hiru pertsonaia desberdin hauen erreakzioak ditu erdigune.
Astearen lehen egunean, Maria Magdalakoa hilobira joan zen egunsentian, artean ilun zela, eta hilobiko harria kendurik ikusi zuen. Korrika ekin eta Pedro eta beste ikaslea, Jesusek hainbeste maite zuen hura, zeuden lekura joan zen. Eta esan zien:
−Jauna eraman dute hilobitik, eta ez dakigu non ezarri duten.
Irten ziren Pedro eta beste ikaslea hilobirantz. Biak zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino lasterrago zihoan; aurrea hartu eta lehenengo iritsi zen hilobira, eta, begira jarriz, bendak zoruan ikusi zituen, baina ez zen sartu. Iritsi zen Simon Pedro ere haren ondoren eta hilobira sartu zen: ikusi zituen bendak zoruan, baita estaltzeko jantzi zioten buruko zapia ere, ez lurrean bendekin batean, baizik tolesturik beste txoko batean. Orduan sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenik iritsi zen hura alegia; ikusi eta sinetsi zuen. Zeren ordu arte ez baitzuten ulertu Liburu Santuek esana: piztu beharra zuen hildakoen artetik.
Mariak urduri eta presaka erreakzionatu du: aski izan du hilobiko harria kendu dutela ikustea, norbaitek gorpua eraman duela ateratzeko; piztuera ez zaio burutik pasatu ere.
Simon Pedrok polizia-ikertzaile arduratsu batek bezala jokatu du: hilobira korrika joan eta ez da mugatu, Maria bezala, harria kendurik ikustera, sartu egin da, ikusi du bendak zoruan daudela eta buruko zapia, berriz, tolesturik dagoela beste txoko batean. Gauza arraroa. Baina ez du konklusiorik atera.
Ikasle maitea ere korrika joan da, Simon Pedro baino areago, baina patxadan itxaron dio. Pedrok ikusia ikusi du, baina Jesus piztu dela atera du.
Joanen ebanjelioak, urtean barna bere hitzaldi korapilatsuekin hainbeste sufriarazi digunak, mezu bikain hau eskaini digu gaur: Jesusen piztueraren aurrean pentsa genezake engainu bat dela (Maria), zer pentsatu ezinik utz gintzake (Pedro) edota fedearen jauzi misteriotsua egitera eragin diezaguke (ikasle maitea).
Zergatik egon da ikasle maitea Pedroren zain?
Sarritan interpretatu ohi da gertaera hau honela. Ikasle maiteak (Joan izan ala beste bat) kristau-elkarte bat eratu zuen, aski berezia; gainerako elizak baino goragoko zela pentsatzeko arriskua zuen eta, azkenean, haietatik guztietatik bereizteko arriskua. Izatez, laugarren ebanjelioak argi utzi du fundatzailearen intuizio erlijioso handia, Pedrorena baino ikusgarriagoa: aski izan du ikustea sinesteko; gerora ere, Jesus Galileako lakuan agertuko zaienean bezala: bat-batean jabetu da: «Jauna da». Alabaina, bere intuizio bereziak ez du eraman bere burua Pedroren gainetik ipintzera: honen zain egon da hilobi-sarreran, errespetuz. Ikasle maitearen elkarteak, fundatzaileari jarraituz, eliza osoari loturik dagoela sentitu behar du, zeinen erantzule Pedro baita.

Beste bi irakurgaiak: onurak eta konpromisoak

Ebanjelioak ez bezala, igande honetako beste bi irakurgaiek (Eginak eta Kolosarrei gutunak) biribil baieztatu dute Jesusen piztuera. Oso desberdinak diren arren, badute batzen dituen zerbait:
a) biek aipatu dituzte Jesusen piztuerak guretzat dituen onurak: bekatuen barkamen (Eginak) eta geroko aintza (Kolosarrei);
b) biek diote Jesusen piztuerak konpromisoa dakarrela kristauentzat: hots egin eta testigantza eskaini, Apostoluek bezala (Eginak), eta Kristo bizi den goiko ondasunen ametsetan bizi, eta ez behekoen ametsetan (Kolosarrei).

Apostoluen eginak liburutik (10,34a.37-43)

Egun haietan, honela mintzatu zen Pedro: «Badakizue zer gertatu zen Galileatik hasi eta Judea osoan, Joanek hots egindako bataioaren ondoren, Nazareteko Jesusena, alegia: Jainkoak Espiritu Santuaren indarraz gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruak hartutako guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen.

Eta gu gara Hark juduen lurraldean eta Jerusalemen egindako guztien testigu. Jesus hau egur batetik zintzilik hil zuten; baina Jainkoak piztu egin zuen hirugarren egunean eta agertzeko ahalmena eman zion; ez, ordea, herri guztiari, Jainkoak aurrez testigutzat aukeratutakoei baizik: guri alegia, Hura hilen artetik piztu ondoren Berarekin jan eta edan dugunoi.
Jesusek berak agindu zigun herriari predikatzeko, eta aitortzeko Bera dela Jainkoak bizien eta hilen epaile ipini duena. Profeta guztiek aitormen hau egiten dute Hartaz: Harengan sinets dezaten guztiek bekatuen barkamena hartuko dutela, beraren izenean».

Paulo santuak Kolosarrei 3,1-4

Senideok: Kristorekin berpiztu zaretenez gero, bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo, Jainkoaren eskuinaldean eseria. Irrika itzazue goiko gauzak, eta ez lurrekoak, hilik baitzaudete, eta zuen bizia Kristorekin dago Jainkoagan gordea. Kristo, zuen bizia, agertuko denean, zuek ere aintzatsu agertuko zarete harekin batean.

José Luis Sicre