Ostegun Santua: muina (2020-04-09)
(Baionako Elizbarrutiko web orritik hartu eta egokitua)

Kontzilioak egun santuei beren pazko izatea eman dienetik, ostegun santuak bere egiazko nortasuna bereganatu du, gure fedearen erdi-erdian dena ospatzea : heriotzatik piztuerara «pasatzea» (Pazkok hori esan nahi du). Heriotza, heriotza libratzailea lehen irakurgaian erakutsia da : Juduek ospatzen zuten askatasua, bildots bat sakrifikatzea zen. Bildots hura kristoren aitzin-irudia zen, bekatua kentzen duen Jainkoaren bildotsa, bide berez egiazko libertatea ematen diguna. Baina Paulok du agerian ezartzen eukaristiaren eta Kristo gurutzean hiltzearen arteko lokarri hertsia, Jesusen hitzak errepikatzen dituelarik : hau ene gorputza da, zuentzat eman izan den gorputza. Kopa hau Elkargo Berria da, baina gurutzean isuri odolean finkatua. Eta Paulok dio aitzina ogi hau janen eta kopa honetarik edanen duzuen guztiz Jaunaren heriotza mezutuko duzue.

Eta hausnarketa zangoen garbitzearen kondaira ezohiko batekin bururatzen da, solasaz kanpokoa irudi duena. Baina ekintza horrek erakusten du nola Jesusek dena eman duen gurutzean hilez. Eukaristiak, beraz, Kristoren heriotzarekin zuzeneko lokarri du. Egia esan, arrats hartan, historiaren arabera, Jesus ez zen artean aintzan sartua. Baina guk, orain, Kristo aintzatsuarekin ospatzen dugu. Kristo piztua gure artean da, eta geure baitan hartzen dugu, aintzara altxatu duen Espiritua baitan. Gure askatasuna aintzatsuaren afaria dugu hartzen.

Gure askatasuna ! Bai, hori dugu ospatzen gaur arratsetik, bihar eta Pazko gauean eginen dugun bezala. Horra hor zergatik bihurtzen ditugun eskerrak: heriotzan bururatzen den bizi baten itxuragabekeriatik libratzen gaitu Kristok. Kristoren pizteak gure bizi guztiari argi ematen dio. Librantza edo askatze hori Kristok digu ematen. Haatik, onartu behar dugu. Kristori utzi behar diogu gu libratzea. Ez da aise gure segurantzak uztea, gure xede politak baztertzea, Espirituaren haizeak altxa gaitzan.

Atera gaitezen geure baitatik Amodioan sartzeko. Horra Pazkoko liturgia. Gaurko liturgian hor dugu lehenik Pazkoko Bildotsaren kantua : Jesus da lehen irakurgaian aipatua den bildotsa, bildots hila, janaritzat emana. Gero apaizgoa aipatu da : gaur dio Jesusek bere Elizari esaten: hau egizue nire oroigarri. Hamabiak hautatzen ditu eta haiei ematen fededunak zaintzea, haiei uzten Eukaristia ere. Azkenik, horra Amodioaren xaramela, kantua.

Ohartzekoa da liturgiak ematen digula irakurtzera zangoak, oinak, ikuztearen, garbitzearen, kondaira -eta ez azken afariarena- .

Mezaren abiapuntua Kristoren sakrifizioa da, eta helburua ere dohaina, geure buruaz ahaztea geure haurrideen, senideen zerbitzurako. Bat eta bestea ederki emaien ditu argitan zangoak ikuzteak, garbitzeak. Egungo irakurgaiak elkarrekin ondo doazenak dira: Testamendu Zaharrak ematen digu juduek nola ospatzen zuten Pazkoa; Paulok,berriz, nola ospatzen zen Kristoren Pazkoa eta Ebanjelioak nola ospatu behar dugun geure Pazkoa.