ENTZUN ESPIRITUAK ZER DUEN ESATEN

Jesusen Bataioa B 2015-01-11

Lehen kristauek konbentzimendu osoa zuten, ezen Jesusi jarraitzeko ez dela aski urez bataiatua izatea edo antzeko erritu bat. Jesusen Espiritu Santuak blai eginik bizi behar du haren jarraitzaileak. Horregatik, hainbat eratara jaso dira Ebanjelioetan Bataiatzailearen hitz hauek: «Nik urez bataiatu zaituztet, baina hark (Jesusek) Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».

Ez da harritzekoa, lehen kristauek, beren krisialdietan, modu berezian gogoratu izana ezen Espiritua gidari, sostengu eta indar izanik bizi beharra zutela. Apokalipsi liburuak, Domiziano enperadorearen agintepean Elizak bizi izandako urte kritikoetan idatzia den hark, behin eta berriz errepikatu die kristauei: «Belarririk duenak entzun dezala zer dien esaten Espirituak Elizei».

Bizitzen ari garen inoiz ez bezalako kultur aldaketa hau inoiz ez bezalako leialtasuna ari zaigu eskatzen kristauoi gaur egun Jesusen Espirituarekiko. Krisiari buruz estrategiak eta errezeta automatikoak asmatzen hasi aurretik, hau aztertu beharko genuke: zer harrera ari gara egiten gaur Jesusen Espirituari?

Haziz doan sekularizazioaz behin eta berriz lantuka jardun ordez, hau dugu aztertu beharra: zein bide berriren bila ari da gaur Jainkoa gure garaiko gizon-emakumeekin egoteko?, nola behar dugu berritu fedea hausnartu, esan eta bizitzeko modua, gizakiak bihotzean sumatzen dituen galderei, duda-mudei eta beldurrei Jainkoaren Hitzak erantzun ahal diezaien?

Azken punturaino moldaturiko egitasmoak landu aurretik, eraldatu beharra dugu egungo munduarekiko geure begirada, geure jarrera eta geure harremanak. Jesusen antzekoago izan beharra dugu. Haren Espirituak molda gaitzan utzi beharra. Jesusek bakarrik eman diezaioke Elizari beste aurpegi bat.

Jesusen Espirituak bizi-bizi eta eragile jarraitzen du gaur ere jendearen bihotzean, Elizatik erabat urrundu direnekin nolako harremanak dituen geure buruari galdetzen ez badiogu ere. Guztientzat, «Jesusen Eliza» izaten ikasteko ordua iritsia da, eta hark bakarrik irakats diezaguke hori.

Ez gaitezen mugatu krisiaz hitz egitera. Ari dira sortzen egoerak, zeinetan ebanjelioaren muinak oihartzun-hots berria izan baitezake. Eliza hauskorrago, ahulago eta umilago batek ekar dezake Jesusen Espiritua modu egiazkoagoan ulertua eta onartua izatea.

Jose Antonio Pagola