GARIZUMAKO 5. IGANDEA (C) 2016-03-13

SARRERA

Senideok, Garizumako bosgarren igandea ospatzen dugu gaur. Datorren igandean Erramu igandea ospatuko dugu, hau da, Aste Santuaren hasiera.
Aste Santuan bete-betean ikusiko dugu Jesusen jarrera barkatzailea; baina, gaur ere, era zehatz batean beterik eta aplikaturik ikusiko dugu ebanjelioan barkazio hori: judu-agintariek adulterioan aurkitu duten emakumea hil egin nahi dute harrika, legeak hala eskatzen omen duelako; Jesusek esan die: «zuetan bekaturik ez duenak bola diezaiola lehenengo harria».
Jesusek ez du zehaztu zein bekatu-motaz ari den emandako erantzun horretan. Askotan badirudi, bekatu bakarra sexuarekin zerikusia duena dela. Baina ez. Jesusen esana entzutean, denek hanka egin dute, edozein bekatu dutelarik ere. Eta Jesusek emakumeari: «Nik ere ez zaitut kondenatuko».
Gurutzean dela, otoitz hau egin dio Jesusek zeruko Aitari: « Barka iezaiezu, Aita; ez baitakite zer arin diren». Jesus horrek berak barkatu dio emakume adulteriogileari ere gaurko ebanjelioan. Jesus horrek berak barkatu digu guri ere behin baino gehiagotan. Esan izan digu: «Zoaz bakean, ez egin gehiago bekaturik». Irudika dezagun gaurko ebanjelioko emakume haren bihotza, Jesus esan zionean: : «Nik ere ez zaitut kondenatuko»: esker ona, harridura, poza, bakea, asmo berri bat, damuaren negarra… Dena nahasian ikusiko nik emakume hura. Eta neure burua?

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (43,16-21)

Aurreko igandeetan bezala, Jainkoa salbatzaile ageri da gaurko honetan ere: Egiptotik askatu, basamortuan lagun, bizi berri bat hots egin…
Hain zuzen, hona zer dioen pasarte honek: «Begira, gauzak berri egitera noa, eta nire herriaren egarria aseko duk». Irteera berri bat agintzen digu, Exodo berri bat, askapen: gauzak berri egingo ditu. Egiptotik irteteko aukera eman zien bezala, Babiloniako erbestetik irteteko aukera aurresaten die. Kreazio berria izango balitz bezala mintzo zaie, eta zaigu.
Antzina Jainkoari izen hauek eman zizkioten: zuen santua, Israelen kreatzailea, zuen erregea, itsasoan bertan bidea irekitzen duena.
Gaur zein izen emango diogu? «Begira, gauzak berri egitera noa»; hauxe du izen berria: «mundua berri egin». Hau da arazo larria: jendeak ez duela ikusi nahi seinale hau, ez duela ikusi nahi mundua berri egin behar hau, jendeak ez duela ikusi nahi mundua berri egite hori jende horren beraren bidez egin nahi duela Jainkoak.
Senideok, ez dadila esan horrelakorik gutaz: jar gaitezen Jaunaren eskuetan mundua berri egiteko. Ez dezagun esan: zer egin dezaket nik itsaso handi horretan? Urrats bat, pauso… poz-apur bat sortzeko: zeinek ez?

BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutunetik (3,8-14)

Efesoko kartzelatik atera ondoren, Filipora doa Paulo. Filipon ikusi du judu-kristau faltsuak ari direla kristauak bide zuzenetik aterarazi nahiz. Hitz gogorrak darabiltza Paulok halakoen kontra. Fedea handikeriazko moduan agertu nahi dute. Beren burua agertu eta nabarmendu nahiz dabiltza.
Paulok baluke arrazoi bat baino gehiago, bere burua jende hori baino handiagotzat sentitzeko. Baina Jesusez izan duen esperientziaren ondoren, gizon berri bihurtu da. Gauza guztiak galeratzat jo ditu, Kristo ezagutzearekin konparatuz.
Nork bere burua askitzat ematea baztertu beharra dakar Kristori lotzeak. Hau da garrantzizkoa: «Harengan, Kristogan, bizitzea». Hori, ordea, ez dugu oraindik erabat lortu. Helburu horretara jotzea da inportantea.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (8,1-11)

Entzungo dugun ebanjelio-pasarte hau ulertzeko, kontuan izan behar da Itun Zaharreko Levitarrena eta Deuteronomio liburuek dakartena; biek diote hau: alegia, adulterioan harrapatzen diren gizonezkoa eta emakumea, biak behar direla hil harrika.
Gaurko gure pasarte honetan, gizonezko adulteriogilea ez dute kontuan hartu judu-agintariek. Emakume adulteriogilea bai.
Nolanahi ere, Jesusi tranpa jarri nahi izan diote. Entzuna diote Jesusi mila bider errukiaz eta bekatarien alde hitz egiten. Eta orain ikusi nahi dute zer erantzuten duen tartean lege bat dagoenean; jakin nahi dute zeri emango dion lehentasuna: Moisesen legeari ala errukiari.
Jesus airoso atera da tranpatik. «Zuetan bekaturik ez duenak bota diezaiola lehenengo harria». Beste behin, Jesusentzat, munduko lege guztien gainetik pertsona dago. Maitasuna, errukia.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztion alde: legeak lege, helburutzat maitasuna eta errukia jar ditzagun. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Erruki aren urtea ospatzen ari garen honetan, Elizan kargu bereziren bat dutenen alde: lege guztien gainetik, errukiaren testigu argi eta garbi izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Aita Santuaren alde: esku artean dituen egiteko latzei irtenbide bat emateko Espirituaren argia eta indarra gainezka izan eta onar ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gure hiru elizbarrutien misio-lanean guztiok parte har dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.