Garizumako 2. igandea C 2019-03-17
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioan, zerutik datorren hitz hau entzun dugu: «Neure Semea dut hau, hautatua, entzun iezaiozue».

Bestalde, Garizumako bigarren igande honen bezperan, Vatikano II. kontzilioaren gogoeta irakurri ohi dugu irakurgaien liturgian: «Munduan bizi dugun gaur egungo eboluzioa dela-eta, gero eta jende gehiagok planteatzen ditu edota sakontasun handiagoz hausnartzen ditu gizakiaren arazorik funtsezkoenak: Zer da gizakia? Zein da oinazearen zentzua, gaitzaren eta heriotzaren zentzua, hainbat eta hainbat aurrerapen egin dugun arren indarrean eta bizirik jarraitzen baitute?… Zer eman diezaioke gizakiak gizarteari? Zer espero dezake gizakiak gizartetik? Zer dago mundu honetako bizitzaren ondoren?»

Benetan galdera handiak eta latzak. Agian, argitasun-apur bat baino gehiago ere atera genezake gaurko ebanjeliotik. «Entzun iezaiozue» esan digu zerutik datorren ahotsak. Entzun ene Semeari, Jesusi, esan digu zeruko Aitak. Sar gaitezen, pixka bat, ebanjelio horretan.

Jesus hiru irakaslerekin mendira igo da. Otoitzean ari da Jesus. Jesusen aurpegia guztiz distiratsu eta aintzatsu bihurtu da. Bi gizon agertu dira: Moises eta Elias. Jesusen heriotzaz mintzo dira. Pedroren ateraldia: Bai ondo gaudela hemen! Moisesek eta Eliasek alde egitean, hodei batek hartu ditu Jesus eta hiru ikasleak. Larritu egin dira ikasleak, eta zerutiko hitza entzun dute: «Neure semea dut hau… entzun iezaiozue».

Ebanjelioko pasadizo hau baino sei egun lehenago, Jesusek kontatu zien ikasleei, gainean zela beraren azkena: tratu txarra emango diotela eta hil egingo dutela. Baina piztu egingo dela. Eta beraren jarraitzaileen zoria ere horixe izango dela: gurutzetik piztuerara.

Ikasleak triste jarri ziren. Ezin ulertu zuten beren Maisua hilko zutela. Tristura horren harira, Jesusek froga argiago bat eman nahi izan zien. Hitzez esan zien piztuko zela. Baina hori ez zuten nahikoa izan. Froga ikusgarriago eman nahi izan zien. Eta Mendiko Antzaldaketarekin gauzatu zuen hori. Jesusen aurpegia dirdaitsu eta aintzatsu agertzean, esan nahi zuen, heriotza ez zela azken hitza. Moises eta Elias Jesusekin hitz egiten ikusteak esan nahi zuen, Jesus ez zela zoro bat, Jesus ez zela ari Israelgo tradizio sanoa hankaz gora botatzen; izan ere, Moises eta Elias ziren judu-tradizioko profetarik handienak: Moises izan ez balitz, juduen tradizio sanoa ez zen existituko; Elias izan ez balitz, Moisesen tradizio sano hark lur joko zuen profeta horren garaian bizi izan zuen krisialdian; beraz, Moises eta Elias Jesusekin hizketan ikustea berme bat zen, garantia bat. Eta azkenik zeruko Aitaren hitza: «Neure Semea dut hau… entzun iezaiozue».

Senideok, pasadizo honen helburua ez da Jesus bera. Helburua ikasleak dira. Helburua gu gara. Pasadizo honek agertu digu, gizakiaren azkena ez dela sufrimendua, ez dela ezereza, ez dela heriotza. Gizakiaren azkena, Jesusen kasuan bezala, bizia da, piztuera da. Vatikano II.a kontzilioak aipatu dituen galdera horien erantzuna horixe da: Jesusi entzutea

***

Anai-arrebok!

Garizuma, Pazkorako prestaera da. Jesusen helmuga ez zen izan gurutzeko heriotza, baizik eta gurutzeko aintza. Gurutzera altxatuko nautenean, mundu guztia neuregana erakarriko dut.

Jesusek ez zuen onartu gurutzea gurutzeagatik. Ez zuen onartu sufrimendua sufrimenduagatik. Baizik eta mundua salbatzeko.

Vatikano II.a kontzilioak planteatu duen zentzu hori ─oinazearena, sufrimenduarena─ hor ikusi beharko genuke. Mundu honetako gure lanak, gure nekeak, gure sufrimenak… mundua salbatzea dute helburu; baina salbatzea, ez geroko bizitzan bakarrik, baita mundu honetan ere ahal dugun neurrian.

Eta Jesusen gurutze horrek eta geure gurutzeak, begiak argitzen lagundu beharko liguke. Jesusek ezin izan zuen salbatu mundua hitz eginez bakarrik, on eginez biziz bakarrik. Ezta bera hilez bakarrik ere. Gure beharra izan zuen eta du, mundu hau salbatzen joateko. Horrek ondo pentsarazi beharko liguke guztiok mugatuak garela. Guztiok geure mugak ditugula.

Duela gutxi, bilera batean, Lazkaon euskara ikasi zuen mutil nafar baten kasua kontatu nuen. Oso saiatua izan zen. Oso konprometitua. Euskara ikasi eta urte gutxira Tafalla inguruan hil zen bonba maneiatzen ari zela. Konpromisoak horretara eraman zuen. Eta entzuleetako batek esan zuen: «Konpromiso handiegia!» Ez naiz ni inor inor juzkatzeko, baina agian ez zuen jakin beraren eta herriaren mugak zein ziren ikusten. Argitu gaitzala Kristoren misterio handiak. «Neure Semea dut hau… entzun iezaiozue».

Dionisio Amundarain