Tentatzailea tentaziorik gabe
Garizumako 1. igandea B (2015-02-22)

Garizumako lehen igandeak, hiru urteetako edozeinek, Jesusen tentazioak ekartzen dizkigu gogora. Horrek esan nahi du, atzera jo behar dugula; ahaztu egin behar dugula, Jesus Galilean barna hasia dela bere ikasleekin, eta berritik hasi behar dugula.

Kontakizun bat tentaziorik gabe

Kristauen artean inkesta bat egingo balitz Jesusen tentazioen inguruan (suposatuz, entzuna dutela Jesusez eta tentazioez hitz egiten), harri bat ogi bihurtzea aipatuko lukete batzuek; beste batzuek, berriz, Satanasek aintza guztia eta aberastasun handia eskaini zizkiola Jesusi, bera adoratzen bazuen; argienek, tenpluko hegaletik salto egitea gogoratuko lukete. Horrela, Mateok eta Lukasek dakarten tentazioen kontakizuna ezagutzen dutela agertuko lukete. Markosek, ordea, ez dakar horrelako ezer. Labur idatzi beharraren beharraz, hau dio: Satanasek tentatu duela Jesus, basapiztien artean bizi dela eta aingeruak dituela zerbitzari. Ematen du, Markosek ez duela idatzi nahi izan kontakizun bat, baizik gidoi bat, ondoren bere katekesian garatuko duena. Bost datu ditu esku artean, guztiak ere garrantzizkoak. Lekua: basamortua. Aldia: berrogei egun. Mementoko lagunak: Satanas, animaliak, aingeruak.
Basamortua. Probalekua da; halaxe gertatu zen Israel herria Egiptotik irten zenean, Promes egindako Lurraldera joateko. Han, Jainkoak berak tentatu zuen Israel herria, leial ote ziren. Eta gehienak erori egin ziren probaldian, bihotz gogor eta elkorreko herri zirela adieraziz. Jesusek, aldiz, ondotxo gainditu du tentazioa basamortuan.
Berrogei egunak. Tradizio biblikoaren arabera, Israel herriak basamortuan egin zituen berrogei urteen pareko dira. Betetasuna adierazten duen zenbakia da berrogei hori, aldi borobila (gogoratu, adibidez, uholdearen berrogei egunak, Jesusen piztueraren eta Igokundearen arteko berrogei egunak, etab.).
Satanas. Guk osagai askoz apaindu dugu pertsonaia hau (adarra, buztana eta guzti); baina komeni da argi izatea nola irudikatzen duen Markosek. Bost aldiz ematen dio Satanas izena ebanjelari honek (1,13; 3,23.26; 4,15; 8,33); ebanjelioaren bigarren zatian (9–16 kapituluak), berriz, ez da ageri; gauza bitxia beste hau: Satanas izena aipatzen den azkenekoan, Markos ez da ari deabruaz, baizik Pedro apostoluaz, honek Jesus nekalditik eta gurutzetik apartarazi egin nahi izan duelako. Ondorioz, Jainkoaren egitasmoaren kontra atera izanaren sinboloa da Satanas. Bataiokoan Jainkoak markatu dion bidetik apartarazi nahi du Jesus Satanasek: pobreez eta atsekabetuez ahaztu dadila nahi du Satanasek, utz diezaiola jende tristea kontsolatzeari, utz diezaiola Berri Ona hots egiteari. Edota, geroago Pedrok egin duen bezala, bere egitekoa betetzeko eskatuko dio, baina sufrimena eta gurutzea alde batera utzirik.
Basapiztiak eta aingeruak. Aipamen bitxi honek sinbolismo handia du. Basamortuko animaliak ez dira nekazari galilear batek bere inguruan ikusten dituenak: mando, behi, ardi… Eskorpioiak dira, lupuak, etab. Horixe gogoratzen digu Salmoak (91,11-13), aingeruekin batean aipatzen dituelarik:

«Bere aingeruei aginduko die
zu nonahi ere zaintzeko.
Besoetan eramango zaituzte,
harriekin estropezu egin ez dezazun.
Txakalen eta suge pozoitsuen gainean ibiliko zara,
lehoiak eta dragoiak oinazpian hartuko».

Jesusek, basamortuan, Satanasen tentazioa jasan du. Baina Jainkoa bere ondoan izan du, aingeruak tarteko direla babestu du, eta arrisku guztien gaineko garaipena eman dio.
Osagai hauek (tentazioa, animaliekin bizitzea, aingeruen zerbitzua) Adamen paradisuko kontakizuna dakarkigute gogora, rabinoen tradizioetan kontatu ohi zen hura. Honela, Adam berri bezala aurkeztu digu Markosek Jesus; baina tentazioan erori den lehenengo Adam hark ez bezala, Jesusek garaitu egin du tentazioa.

Bataioa gogoratzea

Antzina Larunbat Santuan bataiatu ohi zituzten katekumenoen bataioarekin lotura handia du Pazkoaren ospakizunak. Eta horrek bere eragina izan du gure Garizumako irakurgaiak aukeratzeko orduan; hain zuzen, bataiorako prestaketan zeregin sinboliko handia izan zuten pasadizoak gogorarazi nahi ziren irakurgai horien bidez. Esaterako, Pedroren gutunak (izen hori eta guzti, gutun hori ez da Pedrorena) bataioaren sinbolotzat hartu du uholdea: Noe eta semeak uholdeko urak zeharkatuz salbatu ziren bezala, hala salbatzen da kristaua bataioko urean murgilduz. Hasiera liburuko irakurgaiak bataioarekin duen erlazioa ez da hain begi-bistakoa; honek, Noez hitz egin arren, lurra ez duela gehiago hondatuko dioen Jainkoaren promesa du ardatz. Baliteke aukera egina izatea, gizakia eta animaliak elkarrekin bizi direla esaten delako; gertaera honek, hain zuzen, Jesus basapiztiekin bizi izan dela dioen ebanjelioa gogoratzen digu.

Jesus, gu geu eta geure bataioa

Jesus Adam berri bezala aurkeztu izanak erlazio estua du kristau baten bihotzean bataiokoan hasten den bizi berriarekin. Garizuma da mementorik egokiena Bataioaren sakramentu honetan sakontzeko; kasurik gehienetan, zer hartu dugun jakin gabe hartu dugun horretan aztarrika sakon bat egiteko.

José Luis Sicre