ERABATEKO KONFIANTZA (Joan 12,20-33)
Garizumako 5. igandea B (2018-03-18)

Gure bizitza, eskuarki, aski arin joan ohi da bide egiten. Gutxitan ausartzen gara geure baitan murgil egiten. Zorabio antzeko bat eragiten digu geure barneari begira jartzeak. Zein da neure baitan aurkitzen dudan izaki estrainio hori, beldurrez eta galderez josia, zorion gose eta problemez ase, beti bila eta beti asegabe?

Zer jarrera hartu geure baitan nahastura arraro hori kontenplatzean: jatortasuna eta miseria, handitasuna eta txikitasuna, mugatasuna eta mugagabetasuna? Jabetzen gara San Agustinen nahasmenduaz, bere adiskiderik minenaren heriotzaz kezkaturik, bizitzaz hausnartzen hasi denean: «Neuretzat, enigma handi bihurtu naiz».

Bada lehen jarrera posible bat. Etsi ona deritzo. Eta garenaz konformatzean datza. Eguneroko geure bizitzan kokatu eta geure mugatasuna onartu. Jakina, horretarako isilarazi beharra izango dugu edozein zurrumurru transzendentziaz. Begiak itxi beharra izango dugu mugagabetasunerantz begiratzeko gonbita egiten digun seinale orori. Gor bizi beharra izango dugu Misteriotik datorkigun edozein deiarekiko.

Bada beste jarrera posible bat bizitzaren bidegurutzearen aurrean. Erabateko konfiantza. Onartzea geure bizitzan Misterioaren presentzia salbatzailea. Misterioari geure barnea irekitzea geure izatearen hondoenetik. Jainkoa onartzea geure izatearen sustrai eta zoritzat. Sinestea eskaintzen zaigun salbazioan.

Jainko Salbatzaileaz izan dezakegun konfiantza bete horretatik bakarrik uler daitezke Jesusen hitz nahasgarri hauek: «Bere bizitzaz kezkaturik dabilenak galdu egingo du; aitzitik, bere bizitzari hertsiki lotzen ez zaionak gordeko du betiko biziraino». Gauza erabakitzailea, geure barnea konfiantzaz irekitzea da Maitasun eta Onberatasun ezin atzemana den Jainkoaren misterioari. Aitortzea eta onartzea, «Jainko geure Aitaren inguruan grabitatzen» ari garen izaki garela. Paul Tillichek esaten zuen bezala, «onartzea berak onartzen gaituela».

Jose Antonio Pagola