BIKTIMEKIN BAT (Markos 14,1−15,47)
Erramu Igandea B (2018-03-25)

Ez Erromako botereak, ez Tenpluko agintariek jasan ahal izan zuten Jesusek ekarritako berritasuna. Arriskutsua zen Jainkoa ulertzeko eta bizitzeko Jesusen era. Ez zuen defenditzen Tiberioren inperioa; aitzitik, guztiei egin zien dei Jainkoaren erreinua eta haren justizia bilatzera. Ez zion axola larunbataren legea eta tradizio erlijiosoak haustea; Galileako gaixo-jendearen eta jatekorik gabearen sufrimendua arintzea zuen kezka bakarra.

Ez zioten barkatu hori. Sakonegi egin zuen bat, inperioko biktima errugabeekin eta tenpluko erlijioak ahantziak zituenekin. Gurutzean errukirik gabe iltzez josia den horrengan agertzen zaigu orain Jainkoa, historian izan diren biktima errugabe guztiekin bat egin duen horrengan. Horien guztien oihuarekin bat egiten du orain Jainkoaren beraren oinaze-oihuak.

Gurutziltzatuaren aurpegi desitxuratu horretan harritzen gaituen Jainkoa ageri zaigu, Jainkoaz ditugun irudi konbentzionalak hausten ditu, eta koloka jartzen du, jenderik ahulena eta babesik gabeena gurutziltzatzen jarraitzen duen munduko drama ahaztuz, Jainkoari kultu eman nahi dionaren jarduera.

Jainkoa biktimekin bat eginez hil bada, haren gurutziltzatzea erronka kezkagarria da Jesusen jarraitzaileontzat. Ezin bereizi dugu Jainkoa errugabeen sufrimendutik. Ezin adoratu dugu Gurutziltzatua eta bizkarra emanez bizi, goseak, gerlak, miseriak joa den hainbat eta hainbat jenderen sufrimenduaren aurrean.

Jainkoak guztiok interpelatzen jarraitzen du gure egunetako gurutziltzatuen larrutik. Ez dugu zilegi egundoko sufrimendu horren ikusle bezala bizitzen jarraitzea, geure inguruan errugabetasun-ilusio geldo bat elikatuz. Matxinatu beharra dugu ahaztearen kultura horren aurka; gurutziltzatuengandik apartatzera eragiten baitigu, munduan den sufrimendu zuzengabe hori «urrunera» bidaliz, han oihurik, lanturik, intziririk atera ezin duela.

Ezin hesitu gara geure «ongizatearen gizartean», «gaizki izatearen beste gizarte» horretaz ahaztuz, zeinetan milioika gizaki jaiotzen baita, soilik sufrimen izango den bizitzako urte gutxira erabat akabatzeko. Ez da gizatarra, ez kristaua, geure burua segurtasunean kokatzea, soilik bizitza segurtasunik gabea eta mehatxatua ezagutzen dutenez ahazturik.

Kristauek, Gurutziltzatuari aurpegira begira jartzen garenean, Jainkoaren maitasun ezin atzemana kontenplatzen dugu, gure salbaziorako heriotzaraino emana. Patxadago begiratzen badiogu, aisa aurkituko dugu aurpegi horretan beste gurutziltzatu asko eta askoren aurpegia: gugandik hurbil edo urrunago, gure maitasun solidarioa eta errukibera eskatzen ari direnen aurpegia.

Jose Antonio Pagola