HOMILIA
Urteko 27. igandea A (2014-10-05)

Anai-arrebok!

Gaurko Mezako lehen otoitzean, Jainkoaren maitasun handia aitortu dugu. Maitasun hori bera ageri da gaurko lehen irakurgaian; Isaias profetak eskaini digun mahastiaren kantan: «bere mahastiari agertu dion maitasun-kanta» abestuko dut, dio Isaias profetak. «Zer gehiago egin nezakeen neure mahastiaren alde», dio Jainkoak Isaiasen lumaz. Isaias profetak agintekeria, errepresioa, berehalakotasuna… salatu nahi izan ditu. Eta salaketa hori, mahastiaren kanta eder honekin gauzatu du

Jainkoaren maitasun hori bera ageri da gaurko ebanjelioko parabolan ere. Jainkoak behin eta berriz bidali ditu profetak maite duen herrira; beti ere, bide zuzena zein den adieraziz. Herriak ez ditu onartu. Azkenean, bere Semea bidali du Jainkoak, eta zer egin diote? Hil. Garbitu.

Zer gehiago egin dezake Jainkoak? «Zuei kendu, eta beste batzuei emango die mahastia».

Egiaz, mezu latza. Batetik, zuei kendu. Bestetik, beste batzuei eman. Biak dira mehatxu gogorrak. Juduek uste zuten, berak bakarrik zirela Jainkoaren herri. Jesusek esan die, hori ez dela egia; oker dabiltzala.

Bai. Jainkoak trataera berezia eskaini zion Israel herriari. Helburu batekin: Israel herriak munduko beste herri guztientzat eredu izan behar zuen, argi eta etsenplu izan behar zuen. Baina Israel herriak kale egin dio Jainkoari.

Alde handi bat dago Isaiasen mezuaren eta Jesusenaren artean. Isaiasek dio, bere mahastia suntsitu egingo duela; Jesusek dio, bere mahastia beste batzuei emango diela. Jainkoak ez du inor hondatu nahi. Lehen Israel herriak egin behar zuena baina egin ez zuena, orain beste herri batek egingo du. Beste herri batek emango du fruitua: zuzenbidearen eta zuzentasunaren fruitua.

Beste hitz batzuez esanda, Jesusek Jainkoaren Erreinua eraiki du munduan; fruitu hauek emango dituena: Bizia, Egia, Zuzentasuna, Bakea, Doakotasuna, Maitasuna. Horra nola agertu duen Jesusek berak hasi duen Jainkoaren Erreinua.

Senideok, 21garren mendekook gara mahasti berria; gure aurretik bizi izan direnekin, gure ondoren izango direnekin batean. Zeruko eta lurreko guztiok osatzen dugu Jainkoaren Erreinua. Alabaina, hasiberria bakarrik da Erreinu hori.

Israel herriak eman ez zituen fruituak ematea dagokigu. Mahatsondoa Kristo bera da; gu aihenak. Mahasti hau ez da galduko sekula, inola ere. Kristo betiko piztu da. Aihenak garenon aldetik dago arriskua: gai izango ote gara mahatsondoari loturik bizitzeko?

Isaiasek salatzen dituen agintekeriaren, errepresioaren, berehalakotasunaren haritik, gaur ere salaketa asko egin genitzake: agintekeria, hau da, bata bestearen gaineko agertu nahi izatea: harrokeria, gezurra, faltsukeria… Errepresioa, hau da, mendekua, zigorra… Berehalakotasuna, hau da, momentuan momentuko probetxuari begira bizitzea, momentukoa ez den beste ezer ez ikusi nahi izatea: dirua, plazera, egoismoa…

Isaias profetak eta Jesus onak, mahatsondoak, beste bide bat urratuko digute. Maitasunaren bidea. Nork bere burua beste batzuei eskaintzearen bidea. Argitu eta indartsu gaitzala Jesusen Espirituak.