Eukaristia eta San Zirilo Jerusalemgoa

Zirilok guraso kristauak izan zituen. K.o. 315ean jaio zen eta Jerusalemgo gotzain izendatu zuten 348an.
Katekesi eta prediku askoren egile da; kontra egin zion arrianoar heresiari, gogor, eta, horregatik, erbestealdi asko jasan behar izan zuen.

386an hil zen, idazki-ondare ederra utziz.
Eukaristiaz ari den beraren IV. katekesiaren puska bat gogoratuko dugu hemen.

«Hartu eta jan; hau nire gorputza da».
Eta, kaliza hartu eta esker otoitza eginik, esan zuen:
«Hartu, edan; hau nire odola da».

Jesus izan bazen ogiaz hau esan zuena: Hau nire gorputza da, nor ausartuko da aurrerantzean horretaz duda egitera?
Eta Jesus izan bazen hau segurtatu zuena: Hau nire odola da,
nor ausartuko da duda egitera eta ez dela haren odola esatera?

Horrenbestez, sendo konbentziturik gaude Kristoren gorputz-odolak hartzen ditugula jan eta edari.

Izan ere, ogi-itxuran bere gorputza ematen dizu, eta ardoaren itxuran bere odola; Kristoren gorputz-odolak hartzean, berarekin gorputz bat bera eta berarekin odol bat bera izan zaitezen.
Horrela, haren gorputz-odolak gure ataletara igarotzean, Kristoren eramaile bihurtzen gara.
Eta Pedro dohatsuak dioenez, jainkozko izaeraren partaide bilakatzen gara.

Beste garai batean, Kristok, juduekin eztabaidatuz, esan zuen: Nire haragia jaten ez baduzue eta nire odola edaten ez, ez duzue izango zeuengan bizirik.
Baina ezin izan baitzuten ulertu entzuten ari zirenaren esanahi espirituala, atzera egin zuten eskandalizaturik; pentsatu zuten, giza haragia jatera gonbidatzen ari zela Jesusek…
Ez dezazula pentsa, beraz, Eukaristiako ogi-ardoak gai arrunt eta ohikoak direnik: Kristoren gorputz eta odola dira,
Jaunak bipil esan duenaren arabera; eta zentzumenek kontrakoa adierazten badizute ere, fedeak egiazko errealitatea ziurtatzen eta segurtatzen dizu.

Entzun eta ikasi duzun fedeak ziurtasun hau ematen dizu, beraz:
ogi dirudiena ez da ogi, nahiz ogiaren gustua duen, baizik eta
Kristoren gorputza da; eta ardo dirudiena ez da ardo, ahosabaiak hala esaten badizu ere, baizik eta Kristoren odola da; horregatik, antzina jada, David erregeak salmoetan esaten zuen: Ogiak indarra ematen dio bihotzari eta olioak distira beraren aurpegiari. Indartu ezazu, beraz, zeure bihotza ogi espiritual horretatik janez, eta emaiozu distira zeure arimaren aurpegiari.

Eta aurpegia agerian eta arima garbi, [Eukaristian] Jaunaren aintza, ispilu batean bezala, kontenplatuz, ibil gaitezela aintzarik aintza, Kristo Jesus geure Jaunagan, zeini behar baitiogu eman ohorea, ahalmena eta aintza menderen mendetan. Amen.

Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.