Zuzentasuna, bakea eta askapena
Abendualdiko 1. igandea C (2015-11-29)

Beste urte liturgiko bat hastera goaz. Prestatzeko, beti bezala, Eguberriak ospatzera. Lehen irakurgaiak Daviden ondorengo baten etorrera agintzen digu; zuzenbidea eta justizia betez izango da errege; Judarentzat bake eta segurtasun-aro bat ekarriko du. Ebanjelioak, berriz, Jesusen bigarren etorrera iragartzen digu; ahalmen osoaz eta aintzaz etorriko da; gure askapenaren puntua izango da. Nola argitu hain desberdinak diren bi etorrera hauen batasuna? Segidako historia honen bidez saiatuko naiz.

Astronautaren emaztea eta Eliza

Behin batean NASAk (National Aeronautics and Space Administration / Aeronautika eta Espazioaren Agentzia Nazionala) misio bat egitea erabaki zuen espazioan, gure eguzki-sistematik landa. Eginkizun arriskutsua eta luzea. Eskarmenturik handiena zuen komandanteari gomendatu zioten. Bere emazteari eta seme-alabei agur esan zienean, familiak orduak eta orduak eman zituen telebistaren aurrean, espazio-ontzia lurretik nola urruntzen zen begira.
Haurrek, denak txikiak, etengabe galdetzen zuten: «Noiz itzuliko da aita?» Eta amak erantzuten zien: «Laster itzuliko da, ez kezkatu». Hilabete batzuen buruan, galdera bera entzuteaz asperturik, jai bat antolatzea erabaki zuen aitaren itzulera ospatzeko. Haurrek gogoratzen zuten jairik handiena izan zen. Hartarainokoa, non sarritan errepikatu baitzuten jaia. «Aitaren itzuleraren jaia» deitzen zioten. Baina haurrak oharkabe ikusteak estu eta larri jartzen zuen ama. Noiz itzuliko zen senarra? Hurrengo hilabetean? Urtebete barru? «Aitaren jaia», hilaren edozein egunetan eta urtearen edozein hiletan ospatu zitekeen hura, tortura bilakatu zitzaion. Burutazio bat izan zuen arte. «Aitaren itzulera ospatu ordez –esan zien haurrei− haren urtebetetzea ospatuko dugu. Badakizue, ondo asko, zein egunetan jaio zen; beraz, ez galdetu gehiago jaia noiz ospatuko dugu».
Elizari antzeko zerbait bururatu zitzaion. Hasiera hartan, laster gertatuko zen itzuleraz mintzatu ohi ziren, igandeko honetako ebanjelioak aipatzen duenaz. Baina itxarote hori ez zen betetzen; hala, Jesusen azken etorrera ospatzetik lehenengoa, jaioteguna, ospatzera pasatu zen. Halere, Elizak ez du ahaztu nahi izan bi etorrek elkarrekin duten zerikusi estua. Horra zergatik entzuten ditugun ospakizun berean hain desberdinak diren testuak.

Zuzentasuna, bakea eta segurtasuna: Jeremias 33,14-16

Ezbaia dago promes hau egin zen garaiaz. Bi hipotesi daude.
a) Jeremiasek egin zuen promesa, Judako azken erregea, Sedekias, berez Matanias zeritzana, kritikatuz. Nabukodonosor babiloniar erregeak Jerusalem konkistatu eta garaiko erregea erbesteratu zuenean (K.a. 598), errege izendatu zuen Matanias izena aldatu eta Sedekias izena emanez: «Yahve da nire zuzentasuna» esan nahi du. Jeremiasek etorkizunerako errege bat iragarri zuen, «Yahve da gure zuzentasuna» deituko dena. Errege bat, zeinen izenak berak erlazio estua adierazten baitu Jainkoaren eta herri osoaren artean, eta Juda eta Jerusalem salbatuko dituena gobernu zuzen batez.
b) Geroagoko beste profeta batek egin zuen promesa, Babiloniako erbestealdian edota, agian, menderen bat geroago. Judak aldi luzea bizi du erregerik gabe. Jainkoak Davidi egindako promesak, tronuan beti izango zuela oinordeko bat dioenak, ematen du ez dela beteko, eta Daviden oinordeko erregea gerora errege miresgarri bat izango dela herriarentzat.
Bi hipotesietako edozeinen arabera, hau da funtsezko ideia: herriaren ongizatea ekarriko duen errege bat etorriko dela. Espero duten Mesias ez da arduragabetu Israelen eta gizadi osoaren problema politiko eta sozialez.

Maitasuna Eguberrietara prestatzeko: 1 Tesalonikarrei 3,12−4,2

Pasarte labur-laburra, baina guztiz inportantea. Kristau-bizitza, beti, zein espirituz edo jarreraz bizi behar dugun adierazten du; partikularki, Abendualdiko aste hauetan: kristauen artean elkarrekiko maitasunez eta mundu osa maitatuz.

Geure askapena espero izan eta prestatu: Lukas 21,25-28.34-36

Ebanjelioa hasi, munduaren azkenaz literatura apokaliptikoan tipikoak diren seinaleekin hasi da (gauza harrigarriak eguzkian, ilargian eta izarretan). Jendeagan larria, izua eta estutasuna sortu ohi dituzten seinaleak dira. Baina, segidan, irudi horien ordez, ebanjelio honetan berean, Jesusek beste zerbait, oso desberdina, dakarkigu: Jesusen etorrera ahalmen handiaz eta aintzatsu; jakina, hori ez da guri beldurra emateko, erabat kontrakoa baizik: «izan adore eta jaso burua, hurbil dat-eta zuen askapena».
Hurrena, esaten digu nola egon Jesusen etorrera horren zain. Ezezka esanik, ez zaitzatela mendean hartu ez galdukeriak, ez mozkorkeriak, ez bizitzako kezka gaixotiak. Baiezka hitz eginda, berriz, bizi erne eta otoitzari emanik.

Urte Zaharreko Gala Afaria

Sevillako Unibertsitatera nindoala, «Aztikeria eta profezia Antzinako Ekialdean» gaiari buruzko kongresura, Hotel Alfonso XIII delakoaren aurretik igaro nintzen. Eguberritako jaien berri ematen zuen iragarki bat irakurtzera gelditu nintzen. Arreta eman zidan Urte Zaharreko Afariaren prezioak: lagun bakoitzeko 365 euro. Bikote batek espainol gehienek hilean irabazten dutenaren erdia botako du ordu gutxitan. Ebanjelioak galdukeriaz eta mozkorkeriaz esaten duena etorri zitzaidan burura.

José Luis Sicre