KONFIANTZA IZAN Markos 4.35-41
Urteko 12. Igandea B 2021-06-20

Doi-doi entzuten da gaur egun «Jainkoaren ardura edo probidentziaz» hitz egiten. Erabili ezak jo duen hizkuntza da; gehienera ere, gertaera batzuk debozioz adieraztera mugatu da. Halaz guztiz, Jainkoaren maitasun arduratsuan sinestea kristauaren oinarrizko ezaugarria da.

Dena jariotzen da errotiko konbentzimendu batetik. Jainkoak ez ditu eskutik uzten sinesten dutenak, ez ditu arduragabe uzten, baizik eta maitasun fidel, erne eta kreatzailez eusten dio halakoen bizitzari. Ez gaude halabeharraren, kaosaren edo adurraren pentzudan edo esku. Errealitatearen barnean Jainkoa dago, gure izatea ongirantz gidatzen.

Fede honek ez gaitu liberatuko penak eta lanak jasatetik, baina Jainkoarekiko erabateko konfiantzan errotzen du sinesteduna, zeinak gaitzaren behin betiko atzaparretan erortzeko beldurra uxatzen baitu. Geure bizitzaren azken Jauna dugu Jainkoa. Horra San Pedroren lehen gutuneko gonbitaren jatorria: «Utzi Jainkoari zeuen kezka guztiak, bera baita zuetaz arduratzen» (1 Pedro 5,7).

Honek ez du esan nahi Jainkoak gure bizitzan beste pertsona edo egile batzuek bezala «esku hartzen» duenik. Jainkoaren ardura horrekiko fedeak galdu egin izan du batzuetan bere izen ona, hain justu zentzu interbentzionistan hartu izan delako, Jainkoak gure arazoetan burruntzalia sartuko bailuen, gertaerak lege guztien kontra behartuz edota giza askatasuna ezabatuz. Ez da horrelakorik. Jainkoak goitik behera errespetatzen ditu jendearen erabakiak eta historiaren joan-etorria.

Horregatik, ez litzateke esan behar, zentzu hertsian, Jainkoak gure bizitza «gidatzen duela», baizik eta bere grazia eta indarra eskaintzen dizkigula, guk geure onbiderantz norabidetu eta gida dezagun. Horrenbestez, Jainkoaren presentzia arduratsuak ez digu eragiten pasibotasunera edo inhibiziora, baizik eta ekinaren ekinera eta kreaziora.

Ez dugu ahaztu behar, bestetik, ezen, daitekeena bada ere Jainkoaren maitasun arduratsua sumatzea geure bizitzako esperientzia zehatz batzuetan, beraren jarduerak atzemanezin jarraitu ohi duela. Guri gaur gauza txar iruditu zaiguna, bihar on-iturri izan daiteke. Ezin dugu guk geure bizitza osoa besarkatu, atzeman edo ikusi: ezin dugu harrapatu gauzen azken zentzua; ezin ulertu ditugu gertaerak beraien azken ondorioak eta guzti. Dena gelditzen da Jainkoaren maitasunaren zeinupean, zeinak ez baitu ahazten bere sorkarietako inor.

Ikuspegi honetatik, gauza sakon-sakon ageri zaigu Tiberiades aintzirako eszena. Ekaitzekoan, lo dakusate ikasleek Jesus ontzian lasai asko. Beldurrak hartua duten bihotzetik dei egin diote: «Maisu, ez al dizu inporta guztiok hondoratzea?». Jesusek, bere lasaitasun propioa itsasoari eta haizeari kutsatu ondoren, erantzun die: «Zergatik zarete hain koldar? Artean ez al duzue sinesten?».

Jose Antonio Pagola