Jesus sinestea, hilezkortasunaren elixirra
Garizumako 5. igandea A (2017-04-02)

Duela hamar egun, 2017ko martxoaren 22an, Westminsterreko zubia eta Britainia Handiko Parlamentua enegarren atentatu terroristaren eszenatoki izan ziren. Partikularki, Aysha Frade, beraren bi semeak, beraren senarra, Galiziako beraren familia… ditut gogoan. Heriotza segundo oro izaten dugu gainean eta gutxiena imajinatzen dugunean jotzen gaitu. Nahiago izaten dugu hartan ez pentsatu. Biziraupen-senaz. Laugarren ebanjelioaren idazlea hori guztia baino sakonagoa da: heriotza obsesio bihurtu zaio, eta ez dio uzten hartaz hitz egiteari, baina biziari buruzko fedea eskualdatzeko egiten du hori.
Hitzaurrean Jesus agertu digu, Jainkoaren Hitza, biziaren nagusi bezala. Geroago, diskurtso programatiko batean, Lazaroren piztuera aurreratu du Jesusek: «Egiaz diotsuet, badatorrela ordua, iritsi ere iritsi dela, zeinetan hildakoek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo baitute, eta entzungo dutenak biziko baitira» (Joan 5,25). Eta bukatzeko, ebanjelioak dio: «Gauza hauek idatzi dira, sinets dezazuen Jesus dela Mesias, Jainkoaren Semea, eta, hori sinetsiz, bizia izan dezazuen beraren bidez» (Joan 20,31). Biziarekiko obsesio honek ebanjelioaren erdian datorren (21 kapituluetatik 11.ean) Lazaroren piztuerarekin jo du gailurra.
Beste bizi batera pizteko ideia ez zegoen oso zabaldua juduen artean. Salmo eta testu profetiko batzuetan argi baieztatzen da ezen, heriotzaren ondoren, Leizera (sheol) jaisten dela indibiduoa, non itzal bat bezala biziko baita, Jainkoarekin harremanik gabe, eta inolako gozamen-arrastorik gabe. Kristo aurreko II. mendean, Antioko IV.a Epifanes siriar erregeak burututako pertsekuzioen karietara, hasiko da zabaltzen geroko sari eder baten esperantza, saduzearrak (goi-mailako apaizak) hertsiki aurka direlarik. Herriak, ikasleek bezala, piztueraz entzuten duenean, ez du ezer ulertzen, eta hildakoen artetik pizte hori zer den galdezka dihardu.
Kristauek bat egingo dute fariseuekin piztueraren ziurtasunean. Baina guztiek ez. Korintoko kristau-elkartean, arraroa dirudien arren (San Paulo bera ere harriturik zegoen), batzuek ukatu egiten zuten piztuera. Horregatik, ez da harritzekoa Joanen ebanjelioak gai hori azpimarratu izana. Halere, ez duen bere berezitasuna geroko bizia baieztatze soila, baizik eta bizi hori Jesusekiko fedeari esker lortzen dugula esatea du bere berezitasuna. «Neu naiz piztuera eta bizia: nigan sinesten duenak, hila izan arren, biziko da; eta bizi eta nigan sinesten duena ez da betiko hilko».
Biziaren gaian laugarren ebanjelioak azalpen bat eskatzen du. «Betiko bizia» ez dagokio heriotzaren ondoko biziari bakarrik. Orain jada gertatzen arin den zerbait da, bere betean. Izan ere, Jesusek bere agur-diskurtsoan dioenez, «honetan datza betiko bizia: zu, Jainko bakar hori, eta zure bidalia, Jesus, Mesias, ezagutzean» (Joan 17,3).
Kontaerak dio, Jesus, Maria eta bertakoak negarrez ikustean, dardaratu egin zela (evnebrimh,sato), hunkitu egin zela (evta,raxen) eta negar egin zuela (evda,krusen). Harritzekoa da Jesusen sentimenduei honelako arreta eskaini izana, zeren eta ebanjelioak oso soil izan ohi baitira alde honetatik. Arreta hori, antzinako Eliza hartan zabaltzen hasiak ziren joera gnostikoen aurkako erreakzioa izan zela esan ohi da eskuarki; izan ere, gnostikoen arabera Jesus Jainkoa bakarrik zen eta ez zuen giza sentimendurik. Horregatik, laugarren ebanjelioak azpimarratzen du, Jesus, heriotzaren gain ahalmen absolutua izanik ere, benetako gizona dela aldi berean, giza oinazeagatik sufritzen duena. Jesusek, Lazarogatik negar egin duenean, bizitza honetan ezin piztu izango dituen guztiengatik egin du negar. Aldi berean, geroko bizian parte hartzeko kontsolamendua eskaini die.

Lehenengo irakurgaia, Ezekiel profetaren liburutik hartua, bi hauen arteko erlazioagatik hautatu dute: alde batetik, herriaren hilobiak ireki eta bizia berriro emateko Jainkoaren promesaren eta, bestetik, Lazaroren hilobia irekitzeko Jesusek agindu eta berriro bizia eman izanaren arteko erlazioagatik. Kontaera biak, Jainkoaganako (Ezekiel) eta Jesusenganako (Joan) fede-egintza banakin bukatu dira. Baina komeni da kontuan hartzea, Ezekielen testua ez dela ari piztuera fisiko batez. Herriak, Babilonian erbesteraturik, hildakotzat du bere burua herri gisa. Babilonia du bere hilobia, eta hilobi horretatik aterako du Jainkoak, Israelen lurraldean berriro biziarazteko.

José Luis Sicre