Urteko 20. igandea C 2016-08-14
HOMILIA

Anai-arrebok!

Txundigarria da gaurko ebanjelioan datorren Jesusen esaldi hau: munduari su ematera etorri naiz; bataiotik pasatu beharra dut; ez naiz etorri bakea ekartzera, baizik banaketa ekartzera.

Lukasen ebanjelioan aspaldi esana da antzeko gauza bat bera. Jesus haurra gurasoek tenpluan aurkeztu dutenean, Simeon zaharrak esan dio ama Mariari: «Begira, ume hau israeldar batzuentzat erorbide izango da, eta beste batzuentzat altxabide; eztabaida sortuko duen seinale izango da…» (Lk 2,34).

Baina zer da hau? Jesus jaio denean, aingeruek ozen kantatu dute: «Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei!» (Lk 2,14)

Esan liteke, kontraesana dagoela Lukasen ebanjelioan: batetik «bakea… gizon-emakumeei»; bestetik, «ez naiz etorri bakea ekartzera».

Jesusen bizitza osoa dugu «kontraesan» horren argibidea. Baina, besteak beste, Lukasek berak dakarren Jesusen esaldi hau. Esan diote Jesusi: «Ama eta anai-arrebak dituzu kanpoan…». Eta Jesusek: «Hauek ditut nik ama eta anai-arreba: Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak» (Lk 8,21).

Bai. Jesus mundua berritzera etorri da: zaharra desegin eta berria eraikitzera. Sua askotan erabili izan da Biblian sinbolo gisa. Batzuetan zigorraren sinbolo gisa; adibidez, «suzko euria» egin zuen Sodoma eta Gomorra hirien kontra (Has 19,24). Beste batzuetan garbitzearen sinbolo bezala; adibidez, «Ai ene! Leiala zen hiria emagaldu bihurtu da!… Horregatik… Zure aurka ekingo diot, zure zaborrak erabat erreko ditut arragoan, errauts guztia kenduko dizut» (Is 1,21.25). Lukasek berak dakar hau: Joan Bataiatzaileak uraz bataiatzen zuen, Jesusek suaz» (Lk 3,16). Kristauen historian ere, askotan erabili izan da sua grina edo zaletasuna adierazteko: Jainkoaren maitasunak sortutako zaletasuna da sua.

Senideok, Jesus mundua eraberritzera etorri da. Eraberritu: alde zahar edo zaharkituak kendu eta kutsu eta izaera berria ematera. Ikusi besterik ez dago. Donostian, egun hauetan, Gros-eko etxe baten inguruan darabilten liskarra; eraberritzeak banaketa dakar: jende baten hau, besteak hura. Beste horrenbeste Jesusen kasuan. Mundua eraberritzera dator: pentsaera zentzurik gabea, ikuskera zaharkitua, egoismoa, harrokeria desegin, eta berria eraikitzera.
Jesusen abisua dugu: gai zarete eguraldiari antzemateko, baina munduan gertatzen diren gertaera handiei, erronkei, antzemateko itsu. Gaurko honen aurreko igandeetan esan digun bezala, adi egoteko eskatzen ari zaigu Jesus. Eta ñabardura berria dakar gaurkoan: kontu egizue: gizon-emakume bezala, nire ikasle bezala jokatu nahi baduzue, arerio edo kontrako asko izango dituzue. Ez naiz etorri bakea ekartzera: ez naiz etorri guztiei «bai, bai» esatera. Gaurko iruzkinean, Pagolak esan digun bezala: kristaua ezin izan da mugigaitz, kristaua ezin bizi da «bertan goxo» esanez; kristauak, benetako kristauak, sua darama bihotzean, iraultzailea da.
Baina Kristoren iraultza du; maitasunaren iraultza. Buru-eskaintza egiten dakienaren iraultza.
Lagundu gaitzala gaurko lehen irakurgaiko Jeremias profeta iraultzaile handi eta martiriak. Lagundu gaitzala, bere handitasuna Jesus mundura ekarri izanean ez, baizik Jainkoaren hitza bete izanean jarri duen Andre Mariak. Lagundu gaitzatela odolez nahiz odolik gabe martiri izan diren eta diren guztiek. Argitu eta lagundu gaitzala Jesusen espirituak Jainkoaren Erreinuaren seinaleak ikusten eta Erreinuaren harira bizitzen.

Dionisio Amundarain