Edith Stein Gurutzeko Teresa Benedikta santua

Gurutzeko Teresa Benedikta (Edit Stein) 1891n jaio zen Alemanian, judu-familia batean. Edmund Husserlen (judua eta fedegabea) ikasle eta jarraitzaile izan zen. 1914an lehertu zen mundu-gerratean fronte-ospitale batean erizain aritu zen. 1933an Koloniako Karmelon sartu zen, bere familia haserre zuela. 1938an, nazismoaren beldur, Holandako Karmelo batera jo zuen. 1942an Gestapok atxilotu, eta 51 urteko zela martiri hil zen. Joan Paulo II.ak santu deklaratu zuen 1998an.

BIZIRAKO ATEA IREKITZEN ZAIE
GURUTZILTZATUAGAN SINESTEN DUTENEI

Kristo legearen uztarriaren menpeko egin zen, legea osorik betez eta legeagatik eta legearen bidez bizia emanez. Horrela, bizia onartu nahi dutenak liberatu zituen. Baina ezin hartu dute bizi hori, baldin eta berek berena eskaintzen ez badute. Izan ere, Kristo Jesusengan bataiatuak izan direnak, Kristo Jesusen heriotzan izan dira bataiatuak. Haren bizian murgilduak izan dira, haren gorputzaren atal bilakatu eta hark bezala sufritu eta hura bezala hiltzeko, haren atal gisa. Bizi hau ugari etorriko zaigu egun aintzatsuan; halere, orain jada, haragian bizi garelarik, bizi hartan partekatzen dugu, baldin eta sinesten badugu Kristo gugatik hil dela, guri bizia emateko. Fede hau dela medio, harekin bat egiten dugu, atalek buruarekin bat egiten duten bezala; fede honek haren biziaren iturria ireki digu. (Teresa Benediktaren «Gurutzearen zientzia» liburutik hartua)