Katakonbetako Ituna Etxe Komunaren alde
Aurpegi amazoniar, behartsu eta zerbitzari,
profetiko eta samariardun Elizaren alde

Guk, Sinodo Pan-Amazoniarreko partaideok, poz hau partekatu nahi dugu: Planetako lurralde erraldoi honetako herri indigena askoren, kilonbolen, ribereinoen, migratzaileen, berorien aldiriko elkarteen artean bizitzearen poza, alegia. Beroriekin esperimentatu dugu txikiengan diharduen Ebanjelioaren indarra. Herri horiekin topo egitea erronka gertatu zaigu, eta biziera sinpleago eta doakoa bizitzera gonbidatu gaitu. Berorien intziri eta malkoak entzuteak eraginik, bihotzez onartzen ditugu Frantzisko aita santuaren hitz hauek:

«Anai-arreba asko ari dira jasaten Amazonian
gurutze astunak,
eta Ebanjelioaren kontsolamendu askatzailea
eta Elizaren fereka edo musu maitekorra
espero dute.
Bide egin dezagun elkarrekin
beroriengatik, beroriekin ».

Esker onez gogoratu nahi ditugu gotzain haiek: [Erromako] Santa Domitilaren Katakonbetan, Vatikano II.a kontzilioa bukatzean, Eliza zerbitzari eta behartsu baten alde Ituna sinatu zutenak. Begirunez gogoratu nahi ditugu martiri haiek guztiak: oinarriko eliz elkarteetako kideak, elkarte pastoraletako eta mugimendu herrikoietakoak, lider indigenak, misiolariak (gizon eta emakume), laikoak, apaizak eta gotzainak: beren odola isuri zutenak aukera hau egin zutelako: pobreen aldekoa, bizia defenditzea eta geure Etxe Komuna salbatzeko borroka egitea. Berauen heroismoa eskertzeari, geure erabaki hau gehitu nahi diogu: berauen borrokari jarraipena ematea, irmo eta adoretsu. Premiazko sentimendua da, gaur egun amazoniar lurraldea sarraskitzen ari diren erasoek eskatzen ari diren sentimendua da, sistema ekonomiko harrapatzaile eta kontsumistaren indarkeriaren mehatxua eskatzen ari den sentimendua da.

Hirutasun Santu-santuaren aurrean, Espiritu Santuari dei egin nahi diogu eta segidako konpromiso pertsonal eta elkarteko hau hartzen dugu, Pedro eta Paulo apostoluen oinetan eta Erromako, Amerika Latindarreko eta, bereziki, geure Amazoniako martirien oinetan, Pedroren ondorengoarekin elkartasun sakonean, geure lekuko Elizek, Amerika Latindarreko eta Karibe Elizek eta Afrikan, Asian, Ozeanian, Europan eta amerikar kontinentearen iparraldean solidario diren Elizek:

1.-Konpromiso hau hartzea, berotze globalaren mutur-muturreko mehatxuaren eta berezko baliabideak ahitzearen aurrean: defenditzea geure lurraldeetan eta geure jarreraz, zutik, amazoniar oihana. Beronetik datoz, bai ur-emaitzak Hego Amerikako lurralde-zati handi batentzat, bai ekarpen handia karbono zikloarentzat eta klima globala erregulatzeko, bai giza askotarikotasun aberatsa gizadiarentzat eta Lur osoarentzat.
2.-Aitortzea, ez garela ama lurraren jabe, baizik eta beraren seme-alaba, lurreko hautsez eratuak (Hasiera 2,7-8), apopilo eta erromes (1 Pedro 1,17b eta 2,11), bera arduraz zaintzera deituak (Hasiera 1,26). Horrenbestez, konpromisoa hartzen dugu ekologia integral baten alde, zeinetan dena baitago korapilatua, nola gizadia hala kreazio osoa, izaki guztiak lurraren seme-alaba baitira eta zeinen gainean Jainkoaren Espiritu baitabil (Hasiera, 1,2).
3.-Onartzea eta berritzea egunero, Jainkoak kreazio guztiarekin egina duen ituna: «Ituna egiten dut zuekin eta zuen ondorengoekin, baita zeuekin dituzuen bizidun guztiekin ere: hegazti, abere eta piztiekin, ontzitik atera diren guztiekin» (Hasiera 9,9-10; ikus 9,12-17 ere).
4.-Berriztatzea geure elizetan behartsuekiko lehentasun-aukera, bereziki jatorrizko herriekiko, eta bermatzea, beroriekin batean, gizartean eta Elizan protagonista izateko eskubidea.
Laguntzea beroriei gordetzen beren lurrak, kulturak, hizkuntzak, historiak, nortasuna eta espiritualtasuna.
Haztea kontzientzia eta ustea ezen errespetua zor zaiela, bai lekuan berean, bai mundu osoan eta, ondorioz, hauspotzea, eskura ditugun baliabide guztiez, onartuak izan daitezen pare-pareko bezala beste herrien eta kulturen mundu-abenikoan.
5.-Alde batera uztea, ondorio gisa, geure parrokietan, elizbarrutietan eta taldeetan mentalitate eta jarrera kolonizatzaileen mota guztiak, askotarikotasunari harrera eginez eta balioa aitortuz, mundu kultural, etniko eta hizkuntzakoan, errespetuzko elkarrizketan tradizio espiritual guztiekin.
6.-Salatzea herri indigenen autonomiaren eta eskubideen, berorien nortasunaren, lurraldetasunaren eta bizieraren aurkako indarkeria eta eraso guztiak.
7.-Hots egitea Jesu Kristoren ebanjelioaren berritasun askatzailea, bestea eta desberdina onartzeari dagokionez, Pedrorekin gertatu zen bezala Kornelioren etxean: «Dakizuen bezala, judu batek debekatua du atzerritarrekin inolako harremanik izatea nahiz haien etxean sartzea. Baina niri Jainkoak erakutsi dit ez dudala inor lohi edo kutsatutzat hartu behar» (Eginak 10,28).
8.-Bide egitea, modu ekumenikoan, beste kristau-elkarteekin ebanjelioa era inkulturatuan eta askatzailean hots egitekoan; baita beste erlijioekin eta gogo oneko jendearekin ere, solidario jokatuz jatorrizko herriekin, herri behartsu eta txikiekin, berorien eskubideak babeste aldera eta Etxe Komuna zaintze aldera.
9.-Ezartzea gure lekuko elizetan sinodo-biziera, zeinetan jatorrizko herrien ordezkariek, misiolariek, laikoek, hartua duten bataioa dela bide zor zaienez eta berorien artzainekin bat eginik, ahotsa eta botoa izango baitute elizbarrutiko batzarretan, kontzeju pastoraletan eta parrokietan; hitz batean esateko, elkarteen gobernuan dagozkien guztietan.
10.-Konpromisoa hartzen dugu, eragile pastoralek, katekista indigenek, Hitzaren zerbitzariek gauzaturik, elkarteetan jada existitzen diren eliz ministerioak premiatasunez onartzeko, lehentasuna zaurgarrienak eta baztertuak direnei emango zaielarik.
11.-Gauzatzea edo efektibo bihurtzea, gomendatu zaizkigun elkarteetan bisita pastoraletik presentzia pastoralera pasatzea, segurtatuz Hitzaren Mahairako eta Eukaristiaren Mahairako eskubidea izatezkoa izan dadin elkarte guztietan.
12.-Aitortzea Amazonian gaur egun elkarteak gidatzen dituzten emakume-kopuru handi baten zerbitzuak eta izatezko diakonia, eta halakoak nola sendoagotu saiatzea elkarteetako emakume liderri dagokien ministerio egokia aitortuz.
13.-Ekintza pastoralerako bide berriak bilatzea lan egiten dugun hirietan, laikoen eta gazteen protagonismoaz, arreta bizia eskainiz bertako aldiriei eta migratzaileei, langileei eta langabetuei, ikasleei, hezitzaileei, ikertzaileei eta kulturaren eta komunikazioaren munduari.
14.-Aurre egitea kontsumismoaren oldarrari pozezko biziera soil eta laua biziz, eta gutxi edo ezer ez dutenekin solidario izanez; murriztea, bai zaborraren ekoizpena, bai plastikoen erabilera; faboratzea produktu nekazari eta ekologikoen ekoizpena eta merkaturatzea; garraioa publikoa erabiltzea ahal den guztietan.
15.-Pertsegituak direnen alde ateratzea, dela salaketaren zerbitzu profetikoa eginez, dela zuzengabekerien kalte-ordaina bideratuz; lurraren defentsa eta txikienen eskubideak zaintzea; migratzaileei eta aterpetuei harrera eta sostengua eskaintzea.

Erronka hain galant eta larri hauen aurrean geure ahuldadea, geure pobretasuna eta txikitasuna gogoan ditugularik, Elizaren otoitzari gomendatzen gatzaizkio. Geure eliz elkarteek, bereziki, lagundu gaitzatela beren erreguaz, Jaunaganako txeraz eta, behar izango denean, anai-arreba arteko zentzarazpen maitetsuaz.

Bihotza zabal onartzen dugu Hummes kardinalaren gonbita, Sinodoaren egun hauetan eta geure elizetara itzuliko garenean Espiritu Santuak gida gaitzan uztea:

«Utzi,
Jainkoaren Amaren
eta Amazoniako Erreginaren mantuak
bil-bil zaitzaten.
Ez dezagun utzi,
buru-erreferentzialitateak
(nor bere zilborrari begira egoteak)
garaitu gaitzan,
baizik eta errukiak
pobreen eta lurraren garrasiaren aurrean.
Otoitz asko egin beharko dugu,
gogoeta eta bereizmena beharko ditugu,
baita eliz elkartasuna eta sinodo-espiritua
zehazki praktikatzea ere.
Sinodo hau mahaia-edo da,
Jainkoak pobreentzat prestatua,
eta mahai-zerbitzari izan gaitezen
digu eskatzen guri».

Itunaren Eukaristia hau «maitasun kosmikoaren egintza» gisa ari gara ospatzen. Bai, kosmikoa! Zeren-eta herrixka bateko eliza bateko aldare txikian ospatzen denean ere, Eukaristia beti, nolabait esateko, munduaren aldarean ospatzen baita». Eukaristiak bat egiten ditu zerua eta lurra, kreazio osoa besarkatzen du, guztia hartzen du. Eukaristian, Jainkoaren eskuetatik irtena den mundua, Jainkoagana beragana itzultzen da zoriontsu eta adorazioaz blai: Ogi Eukaristikoan «kreazioak bere burua jainkotzera jotzen du, ezkontza santura, Kreatzailearekin bat egitera». «Horrengatik, Eukaristia argi-iturri ere bada, ingurumenaz ditugun geure kezken motibazio ere bai, eta kreazio osoaren zaintzaile edo jagole izatera eragiten digu».

Santa Domitilako Katakonbak. Erroma 2019-10-20