Nor da hau? Nor gara gu? (Markos 4,35-40)
Urteko 12. igandea B 2018-06-24

Liturgian Markosen ebanjelioa idazleak idatzi zuen bezala irakurriko bagenu, eta ez saltaka, ez estropezuka, ez etenka, ohartuko ginateke Jesusen herrikoitasun hazkorrak hiru erreakzio oso desberdin eragin zituela: mesfindantza beraren familian, ukoa lege-maisuengan, onarpena beraren familia berrian («hauek dira nire anaia, nire arreba eta nire ama»). Bere familia berri hori, parabolen kapituluan eskolatu du Jesusek (parabola horietatik bi bakarrik irakurri genituen joan den igandean) eta, haren ondoren berehala, salbatu egin du.

Baina gaurko kontakizunak urrats handi bat aurrera egin izana adierazten du Jesus agertzeko mailan. Hasieran, Kafarnaumgo sinagogan hitz egiten entzun eta jarduten ikusi duenean, harriturik egin du galdera jendeak: «Zer da hau?» (Markos 1,27). Geroago, elbarria sendatu duenean, adierazi du: «Ez dugu sekula antzekorik ikusi» (Markos 2,12). Orain, Jesusek, ekaitza baretuz, naturaren gaineko ahalmena azaldu duenean, ikasleek egin dute galdera: «Nor da hau?»

Itsasoa indar kaotikoen sinbolo denez (Job 38,1.8-11)

Kreazioaren mito mesopotamiarrean (Enuma elish), Marduk jainkoa, unibertsoa kreatzeko, borroka egin beharrean gertatu da itsasoa irudikatzen duen Tiamat jainkosaren aurka. Itsasoak arriskua sinbolizatzen du, biziaren kontrako mehatxua. (Gaur egungo hizketan, lur lehorra irensten eta suntsitzen duen tsunamia.)

Lehen irakurgaiak, Joben liburukoak, gai hau bera dakar, baina zituen konnotazio politeistak kenduz. Jobenean, itsasoa ez da jainkosa bat, ez da indar kaotiko bat dena estaltzeko mehatxua dagiena; Jaunak ez dio txikitu kaskezurra, ez du zatikatu ere, Mardukek Tiamatekin egin duen bezala; ate bikoitzaz itsasoa hesitzera mugatu da, mugalde bat ezarri dio «zeinen kontra hautsiko baita beraren olatuen harrokeria».

Itsasoa arrisku (Sal 107)

Itsasoa ez da mehatxu lur lehorrarentzat bakarrik; arrisku da, halaber, antzinakoak bezalako ontzi koxkor batean gurutzatu nahi denean. Unerik ustekabeenean, hor iluntzen da ortzia, hor lehertzen ekaitza, hor hasten da ontzia gora eta behera olatuen eraso amorratuaren pean. Soilik, zeure burua Jainkoari gomendatzea gelditzen zaizu orduan. Hauxe da 107. salmoaren puskak jaso duen esperientzia, jende askok jaramon handirik egiten ez badio ere, baina funtsezkoa gaurko ebanjelio ulertzeko.

Jesus, ikasleak eta itsasoa (Markos 4,35-41)

Gaurko ebanjelioaren pasartea bost zaititan bana dezakegu: 1.- sarrera: Jesus eta ikasleak beste ertzera joateko ontziratu dira; 2.- ekaitza: lo dagoen Jesusen eta izuturik esnatu duten ikasleen alderantzizko erreakzioa; 3.- Jesusek ekaitza baretu; 4.- Jesusen hitzak ikasleei; 5.- ikasleen erreakzioa azkenean.

Bost zati hauetako hiruk erlazio berezia dute Joben eta Salmoaren testuekin.

Bigarrenak (ekaitzak) Salmoan deskribatu den arrisku larriaren egoera gogorarazten digu. Baina, ebanjelio honetan, ikasleek ez dute jo Jainkoagana; Jesusengana jo dute; ez dute uste arazoa konponduko duen; soil-soilik, harriturik daude lo jarraitzen duelako, hondoratzeko arrisku bizian direlarik.

Hirugarren zatiak, berriz, Joben testua dakarkigu burura, ez tonu poetikoagatik, baizik eta Jesusek itsasoaren gain azaldu duen ahalmen gorenagatik, Itun Zaharrean Jainkoak azaldu duenaren antzekoa.

Bosgarren zatia ikasleen erreakzioaz ari da. Salmoko nabigatzaileen erreakzioa iradokitzen du, baina funtsezko aldaera batekin: Salmoko marinelak pozez bete dira eta eskerrak eman dizkiote Jainkoari; ikasleek, berriz, beldur handia sentitu dute eta Jesus nor ote den hasi dira galdezka. Gauza bitxia: Markosek ez du esan ikasleek beldurra izan dutenik ekaitzekoan, baina haren ondoren bai; misterioarekin harremanetan jartzeak eragiten duen beldurra da.

Sarrera alde batera utziz, paralelorik gabe gelditu den zatia laugarrena da: Jesusen hitzak ikasleei, beren beldurraz eta beren fedeaz galdera eginez. Paralelorik ezak iradokitzen du, bi galdera hauek funtsezkoak direla kontakizunean. Izatez, pasarteak bi gauza esaten dizkio irakurleari: 1.- Jesusen ahalmena, Itun Zaharrean Jainkoari leporatzen zaionaren antzekoa da: ahalmena itsasoa dominatzeko eta ahalmena salbatzeko; 2.- irakurgaia entzutean, kristauak aitortu beharra da asko dituela bere beldurrak eta txikia bere fedea. Jesus ezagutzea ez da antzinako kontzilioen formulak buruz jakitea. Ebanjelioa egunero gertatu behar zait harridura eta egunero eragin behar dit Jesus nor den galdetzera.

Antzinatik eman zitzaion balio handia kontaeraren alderdi sinbolikoari: Elizaren ontzia, ekaitz-mota guztiek joa, salbatu egin du Jesusek. Maila pertsonalean ere aintzat hartu beharko genukeen ikuspegia.

Nor gara gu? (2 Korintoarrei 5,14-17)

Urteko aldian, Mezako bigarren irakurgaiak ez du zerikusirik izaten lehen irakurgaiarekin eta ebanjelioarekin. Uste xume honetan oinarritzen: igandero San Pauloren puskatxo bat irakurririk, haren pentsaera ezagutzera iritsiko garela azkenean. Ezta hurrik eman ere. Halere, gaurko zatia eman dezakegu Markosen ebanjelioaren osagarritzat.

«Nor da hau?», galdetu dute ikasleek, haizearen eta itsasoaren gain azaldu duen ahalemenagatik zur eta lur. Jesus nor den galderaz Paulok eman duen erantzuna ez da oinarritzen ahalmenean, baizik eta ahuldadean: «gugatik hil zena». Baina itxurazko ahuldade horrek egundoko ahalmen eraldagarria du: kristaua sorkari berri bihurtzen du. Kristauk jada ez du bizi behar beretzat, «baizik eta haiengatik hil eta piztu zenarentzat».

Kristorentzat bizitzea: horra sintesirik hobena Pauloren bizitza, konbertsio ondokoa, zer izan zen adierazteko. Etengabeko bidaiak, hiltzeko arriskuak, elkarteak fundatzea, mota guztietako pertsekuzioak, presoaldiak, gutunak idaztea… horren guztiaren arrazoia Kristoren zerbitzari izateko gogoa izan zen eta harentzat bizitzea. Ispilu bikaina non begiratu izateko.

José Luis Sicre