Enigma, mostaza hazia eta zedro arbola (Markos 4,26-34)
Urteko 11. igandea B 2018-06-17

Joan den igandeko ebanjelioan ikusi genuen, nola ari zen eratzen elkarte txiki bat Jesusen inguruan: beraren familia: anai-arrebak eta ama. Pasarte haren segida-segidan, parabola-sail bat dakar Markosek, Jesusek kontatua. Irakurleak aspalditik espero zuen zerbait da; izan ere, ebanjelariak askotan errepikatu du Jesus irakasten ari dela, baina zer irakasten duen adierazi gabe. Diskurtso luze horretatik (34 txatal), bi parabola aukeratu ditu liturgiak (bat, Markosek bakarrik dakarrena, eta bestea, oso ezaguna den mostaza haziarena) eta hitzaldiaren amaiera.

Nekazaria eta lurra (1. parabola)

Lehen parabolak dioenak txorakeria bat dela ematen du: laborariak ereiten du eta ahaztu egiten da erein duenaz, uzta-garaia iritsi arte; lanean ari dena lurra da, honek hazarazten ditu landareak, galburua eta alea. Jesusi entzuten dioten galilear guztiek dute horren berri. Zertan datza parabola honen berritasuna?, Jesusek egiten duen konparazioan, laborariaren jardueraren eta Jainkoaren erreinuan gertatzen denaren artean? Erreinuan ere haziak bere fruitua ematen du, laborariaren lanik gabe, lo dagoen bitartean.

Erantzuteko zail diren galderak datoz hemen: zein edo nor da nekazaria? Jesus bera? Ez du ematen gauza logikoa; izan ere, parabolako laborariak ez daki zer gertatzen den. Ebanjelioa hots egiten duten apostoluak eta misiolariak ote dira?; kasu honetan, ebanjelioak bere fruitua ematen du, hots egileak konturatu gabe. Eta zein da lurra? Kristau bakoitza ote, zeinengan hazia bere fruitua ematen ari baita, ereilea lo dagoelarik?

Beste bide batean bilatu behar da argibidea: parabola prozesu misteriotsu batez mintzo da Jainkoaren erreinua edo kristau-elkartea hazteari dagokionez, laborariak parte hartu gabe eta konturatu gabe haziak izaten duen haztearen antzekoaz. Pentsatzen jartzen garenean, Jesusek eta ikasleek, Erromatar inperioaren urruneko eta garrantzirik gabeko lurralde batean, era misteriotsuan erein duten haziak bere fruitua eman duela, parabolaren esanahia argiago gertatzen zaigu. Jesusen gonbita da, konfiantza ipintzera Jainkoak Elizan eta gutako bakoitzean ari duen ekintza misteriotsuan, betiere uko eginez geure burua historiako protagonistatzat emateari eta den-dena geuk egiten dugunaren esku dagoela uste izateari.

Halaz guztiz, ematen du parabola arrotzegia eta zailegia gertatu zela ulertzeko, eta horregatik, agian, Mateok eta Lukasek (arrazoi pastoralengatik, gaur esaten den moduan) ez zuten kopiatu.

Mostaza hazia eta zedro arbola (2. parabola eta gaurko 2. irakurgaia: Ezekiel profeta 17,22-24)

Bigarren konparazioa argiagoa da eta gaurkotasun handikoa, batez ere mendebaleko lurralde askotan, non kristautasuna gainbehera ari dela ematen baitu. Jesusek kristau-elkartea, Jainkoaren erreinua lurrean, mostaza haziarekin konparatu du; gauza txikarra da, baina, denborarekin, arbol bihurtzen da eta harrera egiten die zeruko txoriei. Ez genuke galdu behar adorerik Eliza zuhaiska bat baldin bada, barazkiak baino apur bat handixeago.

Itun Zaharra ezagutzen duena ohartzen da parabola honek Ezekiel profetaren konparazio bat jaso duela, hura errotik aldatuz. Aipatu profeta hau bere garaiko juduei ari zaie; adore galdurik bizi dira hainbat eta hainbat zoritxar politiko, ekonomiko eta erlijiosorengatik. Esperantza emateko, arbola batekin konparatu du profetak herria. Baina ez mostaza haziak eman duen zuhaiskarekin, baizik eta zedro arbola arranditsuarekin, zeini mendu edo adarska bat kentzen baitio Jainkoak, mendi goi batean aldatzeko, Israelgo mendirik garaienean.

Dena handi-mandi da Ezekielengan; ebanjelioan, dena modu-moduko da. Emaitza, berriz, bera da; arbola bietan egiten ahal dute habia txoriek. Ezekielen konparazioan Eliza unibertsala dominatzaile eta handiosa da, guztiek errespetatua eta miretsia. Jesusena, aldiz, elkarte moduzko bat da, ustekeria handirik gabea, baina alaia beraren premia duenari harrera egiteagatik.

Amaiera

Markosek, hitzaldia bukatzeko, ohar bat egin nahi izan du Jesusen irakasteko eraz, konturatu gabe kontraesanean erori dela. Hasi da esanez, parabolaz hitz egiten zuela Jesusek bere entzuleen ulermenaren mailara egokitzeko. Baina jendeak ez bide zion ulertzen; izan ere, ikasleek berek parabolak argitzeko eskatu zien, pribatuan. Esan dezakegu, asko laburtuz, bi parabola-motaz baliatzen zela Jesus: ulertzeko oso errazak zirenez (seme hondatzailea, samariar ona…) eta jendeari apur bat pentsatzera eragin nahi ziotenez; ikasleek berek ez bazuten erantzunik aurkitzen, berak argitzen zizkien (mota honetakoak ziren gehienak).

Erbestea eta aberria (gaurko 2. irakurgaia: 2 Korintoarrei 5,6-10)

Urteko izeneko aldiak beste problematika bat ere aurkeztu digu: bigarren irakurgaiak aipatzen duena, lehen irakurgaiarekin eta ebanjelioarekin inolako erlaziorik gabea. Eten edo parentesi bat da, laguntza baino gehiago zailtasun. Ez da esan nahi mezu garrantzizkorik gabea dela.

Korintoarrei egindako 2. gutunaren puska labur honek Pauloren barne-sentimenduak ezagutzeko aukera demaigu. Konbertsioak Paulori errotiko aldaketa ekarri zion Jesusi berari zegokionez. Jesus pertsegitzetik beraren zale porrokatu izatera igaro zen, bere gustuz nahiago zuen hil Jaunarekin egoteko. Bere egoerak bere garaikide askorena gogorarazten dio: arrazoi politikoengatik erbesteratuak zirenena, Erromatik edota beste hiri inportante batetik urrun. Bera ere erbesteraturik sentitzen da, Jaunagandik urrun. Gustatuko litzaioke hiltzea; izan ere, hiltzearekin bakarrik itzul baitaiteke bat egiazko aberrira, Jaunaren ondoan bizitzeko. (Mendeak geroago Avilako Teresa santuak antzeko zerbait esango zuen: «Bizi naiz bizi gabe nigan, eta hain bizi garaia espero dut, non hiltzen ari bainaiz hiltzen ez naizelako».) Baina Paulok onartu du errealitatea. Erbestean nahiz aberrian, Jainkoari atsegin izaten behar dugu ahalgindu.

José Luis Sicre