Familia Santua C Lukas 2,41-52 (2018-12-30=

Bi irakurgai ondo ahokatu (1. irak.: Ben Sirac 3,2-6.12-14) (2. irak.: Kolosarrei 3,12-22)

Familia Santuaren jai batean, espero genezake irakurgaiek geure familia-bizitza bizitzera eragingo gintuzketela. Eta halaxe dagite lehen bi irakurgaiek.

Ben Siraken liburuak seme-alabek gurasoei izan beharreko begirunea azpimarratu du. Segurtasun Sozialik ez zen garai hartan, «aita-amak ohoratzeak» berekin zekarren gurasoei eskaini beharreko laguntza ekonomikoa ere. Ez da, ordea, hori bakarrik; beraien akatsak ere xume jasan behar dira, «burua galtzen hasiak badira ere».

Kolosarrei gutuna, emazteei, senarrei, seme-alabei eta gurasoei azkenean ematen dizkien aholkuengatik hautatu dute. Lehen mende hartako kulturan oso «aurrerakoei» gertatu bide ziren. Gaur egun, haietako lehenak jende askoren haserrea eragin ohi du: «Emazteok, bizi zeuen senarren agintepean, Jaunagan komeni denez». Garai hartako historia ezagutzen denean, ulergarriago egingo zaigu idazle hori.

Ebanjelio desegokia?

Gurasoei begirunea eta obedientzia eskaintzera eragiten diguten aurreko aholku horien ondoren, espero genezakeen gutxienekoa da ebanjelio hau, zeinetan, ematen baitu, Jesusek errespetu-faltaren etsenplurik txarrena eskaintzen duela. Ez da soilik tenpluan inori ezer adierazi gabe gelditzea; gainera, Mariari ematen dion erantzun harroxkoa dago, gurearen aurreko edozein kulturatan masaileko bat irabaziko baitzuen. Etsenplu txarra, beraz, familiaren jai baterako. Zer adierazi nahi digu, ordea, Lukasek berak bakarrik dakarren pasadizo honekin?

Mariari eta Mariaz esan nahi duena

Ondoz ondoko aurreko kontakizunean esan digu ezen Simeonek, Jesus bere besoetan duela, haurraren geroaz hitz egiteaz gain, Mariari adierazi diola arima ezpata batek zeharkatuko diola. Jesus ez zuen izan Mariak poz-iturri huts, baizik eta estutasun eta kezka-iturri ere bai. Hamabi urteko bizitzaldia alde batera utziz, tenplura egindako bisitaz baliatu da Lukas, Maria bizitza guztian zeharkatuko duen ezpataren adibide bat emateko: sufrimena eta nahasmendua (izan ere, Jesus argibide ematen saiatu arren, «berek ez zioten ulertu zer esan nahi zuen»). Mariaren sufrimenduez, Mariaren «doloreez», hitz egitean, kasik beti Jesusen nekaldia eta heriotza ekartzen ditugu gogora. Alabaina, bizitza osoan sufriarazi zion Mariari Jesusek, eta ez azkenean bakarrik. Bere jardueraz eta hitzez sufriarazi zion, jende askoren aurkaritza eragiten baitzuten eta azkenean heriotza ekarriko baitzioten.

Jesusek esan nahi duena

Zer uste zuen Jesusek bere buruaz? Soil-soilik israeldar on bat zen?, egun batean Joanengana jo zuena bataia zezan?, eta ondoren Jainkoak hitz egiten eta misio bat gomendatzen zion esperientzia izan zuena?; Markosen ebanjelioaren hasierak hori iradokitzen du. Lukasek zuzendu egin nahi du irudi hori. Jesusek Jainkoarekin izan duen harreman estu-estua ez da hasi bataioan, betidanik izan du hori.

Pasadizo hau askoz hobeto ulertzen ahal da, Samuel profetaren historia gogoan hartuz. Amak tenplura sagaratu du Samuel, bere bizitza guztia Eli apaizaren ondoan eman du. Harik eta, hamabi urteko dela (Flavio Josefok dakarrenez), gau batean Jainkoak dei egin dion arte: «Samuel, Samuel». Jakina, ez du imajinatu ere Jainkoaren dela dela, eta apaizagana doa korrika. Honek esan dio ez diola dei egin, doala lotara. Baina hitzez hitz errepikatu da eszena, eta idazlea iruzkin hau egitera beharturik sentitu da: «Samuelek ez zuen ezagutzen artean Yahve». Hamabi urte daramatza tenpluan, apaiz nagusiarekin biziz, kultuan parte hartuz, baina «ez zuen ezagutzen artean Yahve». Jesusek, aldiz, hamabi urteko dela, oso ondo ezagutzen du zein harreman dituen Aitarekin: «Ez al zenekiten Aitaren etxean egon behar dudala nik?» Bere Aita du Jainkoa, eta ezagutza horren berri emana die lehenago ere Joseri eta Mariari. Hitz hauek kontrastea egiten dute Samuelen ezjakinarekin, baina baita Mariak esan dionarekin ere: «Hara, aita eta biok estu eta larri ibili gara zure bila». Jesusek, ordea, Jainkoa du Aita bakarra. Eta misioa bataioa baino askoz lehenago hartu du.

Lukasek, Liburu Santuak hain ondo ezaguturik, Jesusek maisu guztiak bere jakinduriaz harritu zituela esatean, 119. salmoa iradoki nahi du nonbait: «Nire maisu guztiak baino jakintsuagoa naiz, zure aginduak hausnartzen ditudalako. Adinekoak baino aztiagoa naiz, zure esanak betetzen ditudalako» (99-100 txatalak). Nahiz eta Jesusek ez duen azpimarratuko sekula aginduen eta manamenduen letra, baizik eta Aitaren nahia betetzea.

Maria eta gu geu

Lukasek gogo berezia du Maria kristauaren eredutzat emateko. Hitz gutxi eginez («Hona Jaunaren mirabea»), isilik geldituz (artzainen eta Simeonen pasadizoetan bezala) eta, batez ere, Jesusi dagokion guztia bere baitan hausnartuz eta gogo emanez. Maria ez da teologoak bezain buru-argia, eta askoz gutxiago gotzainak eta aita santua adinako. Ez ditu ulertu gauza asko. Jesus nahasgarri gertatu zaio. Baina badaki zein den erremedio handia nahasmendua gainditzeko: otoitza. Jesusen jarduerarekin harremanetan berriro hasteko gaudela, mesedegarri izango dugu Maria gogoan hartzea eta hura imitatzen saiatzea.

José Luis Sicre