URTEKO HAMASEIGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

(Jaungoikoa luzakor…)

Zuhurtzia liburutik 12,13.16-19

13 Jauna, ez da zutaz beste Jainkorik, gauza guzien arta duenik,
horrela erakusteko, ez duzula zuzen kontra jujatzen.
16 Zure indarra da zure zuzentasunaren oinarria
eta gauza guzien nagusi izaiteak
egiten zaitu guziekin urrikalkor.
17 Gizonak bere indarra agertzen du,
indarrik ez duela erraiten bazaio,
eta jazartzen zaizkionak lehertzen ditu.
18 Bainan zuk, Jauna, indarraren jabe baitzira,
neurriz jujatzen duzu, eta errespetuz erabiltzen gaituzu,
indarra, nahi duzunean, zure esku baituzu.
19 Horrela eginez erakutsi diozu zure herriari
gizon zuzenak bihotz oneko izan behar duela,
eta zure semeeri esperantza ona eman diozute:
bekatu egin duteneri bihozberritzea emanez.

« Zuhurtzia Liburua » grekaz izkiriatua da. Liburu hunek helarazi nahi diote juduen fedea
greko irakurleeri, heiendako zuhurtzia (filosofia) bertuterik handiena baita. Nor da zuhurtziaren
jabe ? Idazleak ihardesten du : Jainkoa, zeren hura baita bihotz onekoa, barkatzailea. « Gizonak bere
indarra agertzen du indarrik ez duela erraiten bazaio… », bainan Jainkoa beti urrikalkorra da,
zeren hura baita Guziahaltsua. « Zure indarra da justiziaren oinarria eta gauza guzien nagusi
izaiteak guziekin urrikalkor izaitera zeramatza. » Hemen konparatzen du gizonen indarra
Jainkoaren indarrarekin. Gizonek, ez dutelakotz indar hori beren baitan kausitzen, espantu egiten
dute, Jainkoak aldiz bere indarra erakusten du eztitasunean eta pazientzian.
Idazleak esker onezko otoitz luze bat emaiten du. Ainitz mendez egin gogoeten ondotik,
Izraelek badaki Jainkoa luzakor dela bainan ez ahanzkor. Hemen ikusten da Izraelek, bizi arau, gero
ta hobeki ezagutu dituela Jainkoa eta gizona. Mendeen joanean populuak Jainkoa bestela ikusi du,
ikusi Jainkoa goxotasun, eztitasun, barkamendu dela : « bekatu egin duteneri emaiten diozute
bihotz-berritzea .» Izraelek badaki Jainkoaren indarra ez dela arrabotsegilea, ezin garraituzkoa dela,
amodioa bezala. Ondorioz, Izraelek gizona ere bestela ikusten du. Jainkoa ez balinbada amodio eta
goxotasun baizik eta gu haren idurirat kreatuak, bazterrerat utzi behar ditugu
bortizkeriak : « Horrela eginez erakutsi diozu zure herriari gizon zuzenak bihotz oneko izan behar
duela. » Bide luzea eta zaila da bihozberritze bikoitz hori, zeren gizonak Jainkoaren mixterioa ez
baitu sekula menean ukanen. Gure bokazioneak izan behar luke egun guziz haren iduriko
bilakatzea.

Salmoa 85

Leloa : Ona zare zu, ona, Jauna,
Denentzat duzu bihotz ona!

Ona zare zu, dei egilentzat ona, Jauna,
Denentzat duzu bihotz ona.
Entzun, Jainkoa, zuri otoizka nik errana,
Entzun zer deia, zer auhena.
Herri, jendeak zaizkitzu denak etorriko,
Zuri egonen belauniko.
Nihor nola zu miragarrien egiteko,
Zu xoilki handi eta Jainko.
Bainan zuk Jauna, maite baituzu maitatzea,
Eta hoin guti kexatzea.
Zu, amodioz eta egiaz hoin betea,
Nitaz urrikal, neri beha.

Izraelek Davidek bezala otoitz egiten du. Errege handia izan zen David eta maitatua,
baitzakien umiltasunean egoiten, bekatoros zelakotz. Azken egunetaraino miresle egon zen ukan
zituen dohain guziendako : «Jauna, maite baituzu maitatzea eta hoin guti kexatzea », bazakien ttipi
eta pobre egon behar dela, zeren « urrikalkorra » baita Jauna behartsuendako : « Entzun zazu,
Jauna, ihardets, dohakabe eta behartsua naiz. »
Salmo hau otoitzaren ikas-bide bat da : otoitza jalgitzen da Jainkoaren aitzinean girelarik
buruz-buru eta gure miseriaz eta haren urrikalmenduaz ohartzen girelarik, orduan ez dugu hau
baizik erraiten ahal : « Urrikal nitaz, Jauna : zuri deika ari naiz egun guzia. Jauna, entzun ene
oihua ! Itzul nere ganat, urrikal zakizkit.» Hemen Izrael otoitzean ari da, ez zerbaiten galdegiteko
bainan bakarrik otoitzean egoiteko. Jainkoaren ganat itzultzen gira otoitz egiteko ez baitezakegu
egin bertzela. Senditzen dugu hemen ez gindukela Jainko faltsuen ganat lerratu behar, zeren Jainko
bakarra Jainkoa baita.
Oldar berezi bat sortu du Izraelek Jainkoaren leialtasunaren esperientzia egin duelarik. Huna
zer erraiten duen : « Zuk Jauna, maite baituzu maitatzea, eta hoin guti kexatzea. Zu, amodioz eta
egiaz hoin betea. » Salmoak kondatzen dauku nola Jainkoak libratu duen populua. « Handia zira
eta gauza miresgarriak egiten dituzu.» Salmoak erraiten duelarik « gauza miresgarriak » populua
orroitzen da nola libratua izan den Egiptotik. Jondoni Paulok aipu du « Jainkoaren Semeen
libertatea », bainan libertate hori ez da oraino osoa.

Bigarren irakurgaia

( Izpiritu Sainduak dauku otoitz eginarazten )

Jondoni Paulok Erromanoeri 8,26-27

Haurrideak,
26 Izpiritu Saindua gure ahuleziaren laguntzera datorkigu,
ez baitakigu behar bezala otoitz egiten.
Izpirituak berak otoitz egiten du gure alde
ezin erranezko intzirietan.
27 Eta bihotzak ikertzen dituen Jainkoak
ezagutzen du Izpirituaren gogoa:
badaki fededunen alde ari delarik,
Jainkoak nahi bezala ari dela.

Ez dakigula otoitz egiten, dio Paulok. Ez da harritu behar, hain gira ttipiak Jainkoaren
aitzinean, galduak gira Jainkoa den bertzelakoa delakotz. Ardura haren aitzinean hain gira
desohoragarriak nun dudatzen dugun haren baitan eta pentsatzen ez gaituela entzuten.
Bainan Paulok erraiten dauku ere : « Izpiritua heldu da gure ahuleziaren laguntzera. » Ez
dugu beraz arrazoinik etsitzeko, eta gutunean irakurtzen dugu : « Esperantza ez da hutsa izanen,
Jainkoak bere maitasuna bihotzerat ixuri baitauku, berak eman Izpiritu Sainduaren bidez. » Paulok
segitzen du erranez : « Ez duzue ukan esklabo egiten zaituzten Izpiritua, berriz beldurtzerat
eremanen zaituztena ; seme-alaba egiten zaituzten Izpiritua duzue ukan, eta Izpirituaren bidez
« Abba », « Aita » erranez oihu egiten diogu Jainkoari. » Hau da Jainkoak dizipulueri eman
mezua.
Izpiritua gure baitan ari da lanean, dio ere Paulok : « Izpirituak, alabainan, denak ikertzen
ditu, Jainkoaren barne-barnea ere. Nork daki jendearen barneko berri, bere baitan duen giza
izpirituak baizik ? Halaber, Jainkoaren baitako berri nehork ez daki Jainkoaren Izpirituak baizik.
Eta guk ez dugu munduko izpiritua ukan. Jainkoarenganik datorren Izpiritua bai; Jainkoak eman
dohainak ezagut ditzagun.” Idek ditzagun gure bihotzak Izpirituak ereman gaitzan guhaur joaiten
ahal ez giren tokirat. Ez gaiten zinkurinaka ar Jainkoaren aitzinean gure ttipitasunaren gatik, hori
Izpiritu Sainduaren segeretua baita.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia.

Eskerrak zuri, Jainko Aita, zeru-lurren Jaun betikoa:
Haur ttipieri baititutzu Erresumako mixterioak agertuak!

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 13,24-43

“ Zeruetako Erreinuak iduri du
gizon bat hazi ona bere landan erein zuena.
25 Bainan, jendea lo zagolarik, etorri zen etsaia;
iraka erein zuen ogi artean eta joan zen.
26 Ogia handitu eta burutu zenean, orduan agertu zen iraka ere.
27 Etxeko jaunaren mutilak joan zitzaizkion erraitera:
“ Jauna, ez ote zinuen hazi ona erein zure landan?
Nondik du, bada, iraka? ”
28 Harek erran zioten: “ Etsai baten lana da hori.”
Mutilek orduan: “ Nahi duzu joan gaitezen biltzera? ”
29 Nagusiak erraiten diote:
“ Ez, beldurrez eta iraka biltzean, errotik atera dezazuen ogia ere.
30 Utz ditzazue biak batean handitzera uztaraino;
eta uztaroan, uzta biltzaileeri erranen diotet:
iraka bil zazue lehenik, eta espalka, erretzeko;
ogia, aldiz, bil nere salaururat.”
31 Jesusek beste parabola bat erran zioten:
“ Zeruetako Erreinuak iduri du mustarda bihia
gizon batek hartu eta bere landan erein duena.
32 Hazi guzietarik ttipiena da,
bainan handitu denean, beste baratzekariak baino handiagoa da:
zuhaitz bilakatzen da
zeruko xoriak etortzen baitzaizkio adarretan kafien egitera.”
33 Beste parabola bat erran zioten:
“Zeruetako Erreinua altxagarriaren idurikoa da:
emazte batek hartu eta hiru gaitzuru irinetan nahasten du,
eta ore guzia harrotzen da.”
34 Horiek guziak parabolaka erraiten ziozkan Jesusek jendeari,
eta ez zioten deusik erraiten parabolaka baizik,
35 hola betetzen baitzen profetaren errana:
Parabolaka mintzatuko naiz,
munduaren hastetik gordea zena agertuko dut.
36 Orduan jendea utzirik, Jesus etxerat etorri zen.
Dizipuluak hurbildu zitzaizkion, erranez :
“ Argi zaguzu landako irakaren parabola.”
37 Ihardetsi zioten:
38 “ Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da;
landa, mundua; hazi ona , Erreinuko semeak dira;
iraka, Gaixtoaren semeak.
39 Hura erein duen etsaia, debrua da;
uzta, munduaren azkena, uzta biltzaileak, aingeruak.
40 Iraka bildu eta suan erretzen den bezala,
hala gertatuko da munduaren azkenean.
41 Gizonaren Semeak bere aingeruak igorriko ditu,
eta haren Erreinutik berexiko dituzte
erorbide eta gaizkile diren guziak,
42 eta su laberat botako dituzte,
han izanen baita nigar eta hortz-karraska.
43 Orduan zintzoek iguzkiak bezala distiratuko dute
beren Aitaren Erreinuan.
Beharririk baduenak entzun beza!”

Joan den igandean, ereilearen parabolak jakinararazten zaukun Erresumaren hozitzeak huts
eginen duela frangotan. Gaur, irakaren parabolak gauza bera irakasten dauku : huts egite horien
erroak ez ote litazke jalgitzen ahal ?
Alor batean gira, nausiak ogia erein du, etsaiak erein du belar tzarra ogiaren erdian, haren
itotzeko. Errotik ateratzen ahal litake iraka, bainan nausiak ez du nahi. Parabola hunek bi erakaspen
emaiten dauzkigu.
Lehenbizikoa, Jainkoa ez dela gaizkiaren erroa! Iraka ez du nausiak erein. Kreazioaren
ixtorioak jadanik ainitz aldiz errana dauku Jainkoa ez dela hobendun eman behar, erranez
gaizkiaren erroa dela. Job ere gomitatua da Jainkoari konfiantzia egiterat. Jesusek erraiten dauku,
Ebanjelio huntan, etxeko nausiak hazi ona baizik ez duela erein.
Bigarren erakaspena, etxeko nausia izanen da uztaren biltzailea, berak nahiko duelarik.
Jainkoari da eta hari bakarrik gaizkiaren errotik ateratzea: « nor zira zu beste baten mutila
jujatzeko? » Jainkoak gomitatzen gaitu gure baitan nahas-mahas diren gaizkia eta ongia onartzerat.
Ez girea tentatuak farisauek bezala egitera : apaltzen dute herriko jende xehea, ez dituelakotz beti
legea eta manamenduak betetzen. Matiu da bakarra parabola hau kondatzen duena, baitaki ainitz
eliz-elkartek badutela erakaspen horren enzutearen beharra.
Egun batez etxeko nausiak erranen du uztaren tenorea jina dela, berextea egin behar dela.
Jesusek, usaia den bezala Biblia guzian, bi parte eginen ditu, alderdi batean onak, bestean gaixtoak,
bainan ez da nihor osoki gaixtoa ez eta ere osoki ona. Nun da muga onen eta gaixtoen artean? Gure
baitan da! Gure baitan ditugu elgarrekin belar ona eta tzarra.
Nola beraz ulertu behar dugu gaixtoeri erraiten zaielarik « madarikatuak zirezte », eta oneri
emaiten zaielarik saria, ona eta tzarra biak gure baitan balinbadira ? Malakiasek emaiten dauku
errepostua : Justizia bera den Harek sortaraziko du ongi dena eta begia hesteko artean gaizkia
itzaliko da. Lehen salmoak gauza bera dio : belar onaren uzta eginen da eta haizeak eremanen du
belar tzarra. Jesusek ez du besterik erraiten : uzta egilearen nausiak ez duela kondenatuko gure
baitan den ongia, gaizkiarekin batean.
Jesusek parabola hau luzatzen du beste bi parabolaz : mustarda bihiarena eta altxagarriarena.
Biek erakusten daukute zonbat traba baden Erresumaren bidean trebes ; barnean dugun indarrak
lagunduko gaitu handitzen: mustarda bihia eta altxagarria, biak dira galduak bezala, bainan batek
emanen du zuhaitz handi bat, eta ez da ogia alxatuko bestea gabe. Horrela gomitatzen gaitu
konfiatzarat eta umiltasunerat, zendako ez! Ikus dezagun bihia eta altxagarria zoin gauza ttipiak
diren, bainan zer ondorio ederrak dituzten!