Urteko 7. igandea C 2019-02-24
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaur Ebanjelioko eskakizunik zailenetakoa entzun dugu: barkatu zeure etsaiari, maitatu zeure etsaia.

Baina fabore txarra egingo genioke Ebanjelioari eta geure fedeari, hitz horiekin bakarrik geldituko bagina. Nik uste, slogan guztiak bezala, engainagarritzat eman beharko genituzke.

Begira. Hona nola hasi den Jesus hitz egiten gaurko ebanjelioan: «Zuek, niri entzuten eta aditzen ari zaretenoi esan nahi dizuet». Jesus, berari entzuten eta aditzen ari direnei mintzo zaie. Esaldi hori Lukasen ebanjelioaren 6. kapituluan dator. Geroxeago, 11. kapituluan, gauza bertsua errepikatu du Jesusek askoz argiago: «zorionekoak Jainkoaren Hitza entzun eta betetzen dutenak! (Lk 11,28).

Eta gaurko ebanjelioan berean, agindu hauek eman dizkigu: maitatu etsaiak, on egin gorroto dizuetenei, bedeinkatu madarikatzen zaituztenak, otoitz egin iraintzen zaituztenen alde.

Horiek horrela, «maitatu etsaiak» bakarrik esatea, gezurra da. Ez da hori Jesusen pentsaera. Horrela harturik, honelako zerbait esan nahiko luke: «hor konpon, baina hori egin beharra duzu». Hori al da Jesusek esan nahi duena?

Ez eta ez. «Zuei, niri aditzen ari zaretenoi ari natzaizue»; esan digu Jesusek; «zorionekoak Jainkoaren Hitza entzun eta betetzen dutenak» esan digu Jesusek.

Hitz horiekin, Jesusek bere burua konprometitu du. Jesusi entzuten dionak badaki bizitzan ez dela bera bakarrik bizi; badaki berekin duela Jesus, berekin duela Jesusen Espiritua: argi-egilea, indar-emailea, adore-emailea. Hau beste gauza bat da.

Jesusek ez digu eskatu berak egin ez duenik. Jarraitu niri, esan digu. Imitatu ni, esan digu. Kontua horixe da: Jesus ezagutzea, Jesusengan konfiantza ipintzea.

Eta Jesusek jarraitzaile asko izan ditu eta ditu. Aste honetan irakurri dut: erdi aroan zen, gizon handiki batek duelu batean arerioa hilik utzi zuen, hiltzailearen semeak hilketa ikusi, halako astakeria ezin jasan eta bakardadera jo zuen, aita eta etxea utzirik; denborarekin, lortu zuen aita ere konbertitzea. Seme horrek noren argia, noren indarra izan zuen, egin zuena egiteko?

Eta hain urrunera joan gabe. Mahatma Gandhiren biloba batek kontatua. Hego Afrikan bizi zen. Hiritik oso urruti. Oso gazterik, ilusio guztia hirira joatea izaten zuen. Behin batean aitarekin joan zen. Aita bere egitekoa egitera joan, eta semeari autoa garajera eramateko eta amaren enkarguak egiteko esan zion, eta halako tokian arratsaldeko 5etan elkartuko zirela. Semea, amaren enkarguak egin, autoa garajean utzi eta zinemara joan zen. Irten zenean oso berandu zen. Autoa hartu eta aitarengana, 5etan ez, baizik 6etan iritsi zen. Aitaren galdera arrunta: «Zer gertatu da berandu etortzeko?» Eta semeak: «garajean luzatu dira». Eta aitak: «Konturatzen naiz, zure eta nire harremanetan zerbait gaizki egin dudala; nirekin konfiantza handiagorik ez izateko; gezurra esateko». Semeak ez zekien, aitak garajera dei egin zuela. Eta aitak jarraitu zuen: «Oker zer egin dudan pentsatuz eta aztertuz, oinez joango naiz etxera». Bide luzea zen, eta askotan bide zakarra. Semeak ondoren jarraitu zion autoz, triste, aita modu hartan penatzen ikusik. Eta semeak erabakia: ez dut sekula gezurrik esango.

Aitaren kasuan, beste edozeini etorriko zitzaion burura, semea zigortzea. Baina aitaren jokabidea zigorra baino efikazagoa izan zen. Semeari pentsarazi zion eta erabaki argi bat harrarazi. Mahatma Gandhik erakutsiko bidea zen: ez-indarkeriaren bidea.

Frantzisko aita santuaren hitzak dira: «Barkazioa bizitza berri batera pizten gaituen indarra da eta geroa esperantzaz ikusteko adorea ematen duena» (Vultus misericordiae, 10. zenb.: Gazteriaren XXXI. Mundu Ekitaldia 2016).

“El perdón es una fuerza que resucita a una vida nueva e infunde el valor para mirar el futuro con esperanza” (Vultus misericordiae, n. 10: la XXXI Jornada Mundial de la Juventud, 2016).

Laburpena

Gaurko ebanjelioan, etsaia ere maitatzera dei egin digu Jesusek. Etsaiari ere barkatzera.
Jesus bera dugu etsenplurik handiena. Lehenik eta behin, Jesusen jokabideak argi eta garbi adierazten digu barkazio-kontu hori ez dela hain gauza sinplea.

Hona hona agertu digun Jesusen jokabide hori, barkazioari dagokionez, José Luis Sicre biblia-adituak. Labur-labur esanda.

1.-San Lukasek, ebanjelioaren hasieran, Joan Bataiatzailearen Zakarias aitaren profezia hau dakar: «Salbatzaile indartsua sortu digu…Hala hitzemana zuen antzinatik… salbatuko gintuela gure etsaien menpetik, gorroto gaituzten guztien eskutik…» (Lukas 1, 69-71).

2.-Masailean jotzen zaituenari beste masaila aurkeztu? Jesusek ez du egin horrelakorik. Gurutzera eramateko, atxilotu zutenean, masaileko bat eman zion soldaduari esan zion: «Gaizki hitz egin badut, esadazu zertan. Bestela, zergatik jo nauzu» (Joan 18,23). San Paulok gogorkiago erantzun zion bera jotzeko agindu zuen apaiz nagusiari (Eginak 23,3); esan zion: «Jainkoak joko zaitu, horma zuritu hori! Ni legearen arabera epaitzeko zaude hor eseria; nolatan hausten duzu legea ni jotzeko aginduz?»

3.-San Paulok 1 Korintoarrei gutunean (6,1-11) dakarrena interesgarria da: «Zuetako norbait, beste baten aurka auziren bat duenean, nolatan ausartzen da jentilen auzitegira jotzen, fededunen aurrera jo beharrean? (6,1)

4.-Jesusek bere etsaiekin izan dituen erreakzioak oso desberdinak izan dira. Etsai oso desberdinak izan ditu. Lege-maisuak eta fariseuak ez ditu bedeinkatu; oso gogor eraso die. Getsemanira bera atxilotzera etorri direnei, leunago hitz egin die, baina aurpegiratu die: «lapurra izango banintz bezala etorri zarete»; gero, isilik gelditu da. Judasi ere leun aurpegiratu dio: «Musu batekin saldu behar al duzu gizonaren Semea?» Eta gurutzekoak dira esanguratsuenak: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren». Barkatu bakarrik ez; gainera desenkusatu egin ditu.

Bukatzeko, Sicrek proposatu diguna: ez zabaldu, ez hitzez, ez sare sozialen bidez, edozein pertsonaren aurka gorrotoa, mespretxua edo iseka eragin dezakeen albiste, txiste edo iruzkinik. Ireki diezazkiogun begiak eta bihotza Jesusen Espirituari.

Dionisio Amundarain