Urteko 7. igandea A (2020-02-23)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko hiru irakurgaiak gizon-emakume guztioi egindako dei honek batzen ditu: «guztiok santu, maitasuna dela bide». Askotan uste izan da, pertsona berezi batzuk bakarrik daudela deituak santu izatera. Liburu santuetan ageri den dei hau indarberritu du Vatikano II.a kontzilioak. Guztiok gaude Jainkoa maitatzera deituak, lagun hurkoa maitatuz.

Duela hiru igande, urteko 4. igandean, Zoriontasunak entzun genituen: Jesusen aldarria edo oihu pobreen alde. Duela 2 igande, urteko 5. igandean, Jesusen baieztapen handi hau entzun genuen: munduaren gatz eta argi zarete. Joan den igandean, giza eta kristau-bizitzan dugun arrisku handi bat agertu zigun Jesusek Mateoren bidez: faltsukeria, itxurakeria; fariseuek eta lege-maisuek egiten zuten bezala, Jainkoaren agindua azaletik bakarrik hartzeko arriskua, dela dibortzioari buruz, dela hilketari buruz… Eta esan zigun, kanpoko egintza bera baino garrantzizkoagoa dela bihotzeko egintza: bihotzez norbait hiltzea, bihotzez adulterioa egitea etab. Eta arrisku horri aurka egin ahal izateko, esperantza hau eman zigun: agindu hauek bihotzez bete eta besteei betetzen laguntzen diena HANDIA IZANGO DA ERREINUAN.

Gaurko ebanjelioan Jainkoaren beste agindu bat dakarkigu: MAITASUNA. Beste agindu guztiak laburbiltzen ditu.

Baina, maitasun-agindu horretara iristeko, aurreko igandeko teknika bera darabil Jesusek. Aurrekoek esan zizueten: «begia begi truk, hotza hortz truk; baina nik diotsuet: maitatu zeuen etsaia».

Antzinakoen hori talio-legea zen. Lege aurrerakoia izan zen bere garaian. Kalte egiten zionari neurririk gabeko kaltea egitea debekatzen zuen. Begira zer datorren Hasiera liburuan (4,23) Lameken ahoan jarria, neurririk gabe erantzuteaz: «Zauritu ninduelako, gizona hil dut; jipoitu ninduelako, mutikoa hil dut. Kainen hilketa zazpi aldiz mendekatuko badute, zazpi mila aldiz gehiago Lamekena».

Jesusek gainditu egin du, ordea, talio-lege hori ere. Ezin onartu du gizon-emakumeengan horrelako jarrerarik. Kristauak jakin behar du barkatzen, jakin behar du bere burua eskaintzen, jakin behar du eskuzabal eta bihotz zabal izaten. Jakina, ebanjelioan entzun duguna ez da zertan hartu hitzez hitz. Jesusek berak, pasiokoan soldadu batek matrailean jo zuenean, ez zion eskaini beste matraila, baizik eta zergatik jo zuen galdetu zion.

Hau da ebanjelioak eskatzen diguna: aztertzea zein hartzen dugun lagun-hurkotzat (familiartekoak, adiskideak… bakarrik), aztertzea zer jarrera daukagun lagun hurkoarekiko; aztertzea ez ote garen mugitzen mendekuaren, gorrotoaren, laguntzarik ez ematearen giroan, aztertzea benetan eskuzabal eta geure burua besteen zerbitzura jarriz jokatzen dugun.

Jesusek etsaia bera ere maitatzeko esan digu. Proposamena oso gogorra da. Ulertu du Jesusek hori. Eta bere eskaria justifikatzeko, arrazoi hau azaldu digu: Jainko Aitak zerga-biltzaileak eta paganoak maite ditu (israeldarren artean, talderik gorrotagarrienak ziren). Eta jarraitzen du: Jainkoak jende onarentzat eta gaiztoarentzat aterarazten du egunero eguzkia.

Kontua ez da norberak nahi duena aukeratzea. Kristaua deitua dago «on-ona izatera, zeruko zuen Aita on-ona den bezala». Deitua dago Jainkoa maitatzera, Jainkoaren seme-alaba guztiak maitatuz.

Dionisio Amundarain