Ahalmena eta gupida ( Markos 1,40-45)
Urteko 6. igandea B (2018-02-11)

Pedroren amaginarreba eta beste gaixo asko sendatu ondoren, Jesusen lehen mirari handia dakar Markosek: lepradun bat sendatu izana. Testua sakontasun osoaz ulertzeko, Moisesen eta Eliseoren antzeko kasuak, eta oso desberdinak, izan behar dira gogoan.

Lepra antzinako Israelen: diagnostikoa eta sendatzea

«Lepra, zentzu modernoan, ez zen zehaztu 1872an A. Hansen sendagile norvegiarrak egin zuen arte. Antzina, “lepra” izena beste gaixotasun batzuei ematen zitzaien; esaterako, azaleko gaixotasun psikogenoei [kausa psikologikoak zituztenei: itzultzaileak]» (J. Jeremias, Teologia del AT, 115, 36 oh.).

Levitarrak liburuko 13an azaleko hainbat gaixotasunez hitz egiten da: handituak, legen edo erupzioak, orbainak edo mantxak, azaleko gaitzak, zauriak, erredurak, buruko edo bizarreko gaitzak (ezkabia), leukodermia (azal-une batzuetan kolorea galtzea), alopezia (ilea galtzea). Kasu desberdinak aztertu, eta apaizak ebazten zuen pertsona kutsatu gabea ala kutsatua zen (sendagarria ala sendaezina). Zati horretatik hartua da igande honetako lehen irakurgaia.

Bi lepra-kasu: Moisesen ezina, Eliseoren gupidarik gabeko ahalmena

Lepradun bat sendatzearen miraria bi kasutan bakarrik dator Itun Zaharrean: Moisesek egina (Zenbakiak liburuan 12,10 hurr.) eta Eliseok egina (2 Erregeak 5). Interesgarria da bi kontakizun hauek kontatzea, Markosen ebanjeliokoarekin erkatzeko.

Maria eta Aaron marmar jardun dira Moisesen aurka, ez dakigu zehatz zergatik. Edozein hipotesitan, Jainkoak Maria zigortu du (eta ez Aaron; feministak haserrarazi ditu honek, arrazoi osoz). «Hodeia dendatik apartatzean, Mariak azal guztia kolorea galdurik zeukan, elurra bezala». Konturatu da Aaron, eta beraren alde erregutu dio Moisesi. Honek, ordea, ezin sendatu du. Soilik, Jainkoari eska diezaioke: «Mesedez, senda ezazu». Jaunak onartu du eskaria, baldintza batekin: Maria zazpi egunez kanpamendutik at egotekotan (Zenbakiak liburua 2).

Eliseoren kasua entretenigarriagoa da eta dramatikoagoa (2 Erregeak 5). Naaman, siriar goi-kargudun bat, leprak jo du, eta neska esklabo israeldar batek Eliseo profetagana bisitan joatea aholkatu dio. Neskari kasu eginez, han doa Naaman, uste du Eliseo bidera irtengo zaiola, zati gaixoa ukitu eta sendatzeko. Baina Eliseok ez du nekerik hartu agur egitera irteteko. Morroi bat bidali dio esateko, garbitu dadila Jordan ibaian zazpi aldiz. Haserre bizi jarri da Naaman, baina zerbitzariek konbentzitu dute profetari kasu egiteko, eta sendatu da. Moisesek ez bezala, Eliseok sendatu ahal izan du, errezeta magiko batez, baina ez du sentitu inolako gupidarik gaixoaz.

Jesus: ahalmena eta gupida

Markosen kontakizunak sei osagai ditu: lepradunaren eskaria; Jesusen erreakzioa; emaitza; oharpena; sendatuaren erreakzioa; ondorioak.

Lepradunaren eskaria. Hiru xehetasun dira azpimarratzekoak lepradunaren jarreran: 1) ez dio kasurik egin beste pertsona batzuengana hurbiltzea debekatzen dion legeari; 2) Jesusen aurrean belaunikatu da, begirune sakonaren seinale; 3) konfiantza osoa du Jesusen ahalmenean; arazo guztia, nahi izango ote duen da, eta ez ahalmenik ez izatea.

Jesusen erreakzioa. Hitz lau hauez erantzuten ahal zion Jesusek lepradunaren eskariari: «Nahi dut, izan zaitez garbi». Horrela, Moisesek eta Eliseok ez bezala, bere ahala agerian jarriko zuen: ez zuen zertan eskatu Jainkoaren esku hartzea, ezta zertan jo ere erremedio kuasi-magikoetara. Halaz guztiz, bere ahala azaldu aurretik, bere gupida jarri nahi izan du agerian. Markos Jesusek sentitzen duenaz mintzo da («pena») eta egin duenaz («eskua luzatu eta ukitu zuen»). Horixe espero zuen Naaman siriarrak Eliseogandik: beraren zati gaixoa ukitzea. Bestetik, lepradun bat ukitzen zuena automatikoki likits bihurtzen zen, baina Jesusi ez zaio axola likistasun-mota hau.

Oharpena. Itxuraz, Jesusek bi agindu eman dizkio sendatu berriari: 1) ez diezaiola inori esan; 2) aurkez dadila apaizagana. Lehenengoa (inori ez esatekoa) gauza arraroa da, Jesusek ez baitu gelditu nahi nabarmendu gabe. Daitekeena da bi aginduak elkarrekin erlazionaturik egotea, bat bakarra eratuz: «ez ezazu denborarik galdu inori esaten, baizik eta zoaz apaizagana eta eskaini zeure garbitasunagatik Moisesek agindu zuena». Zer zuen agindua Moisesek? Levitarrak liburuaren arabera, sendatuak bi hegazti garbi (bi usapal edo usakume pentsatu ohi da) eskaini behar ditu, akatsik gabeko bi bildots, akatsik gabeko arkazte bat, olioz oratutako hamabi litro irin-lore eta litro laurden bat olio. Horrekin guztiarekin apaizak erritu-konplexu bat egingo du, zortzi egun iraungo duena. Gainera, sendatuak erabat kendu beharko du bere ile guztia (Lv 14,9) lehen egunean, eta berriro zortzigarrenean.

Jesusen azken hitzek ukitu polemikoa dutela ematen du: «jasoa izan dezaten». Singularretik (apaiza) pluralera (dezaten) igaro da, Jesusek buruan bera onartzen ez duten guztiak izango balitu bezala.

Sendatuaren erreakzioa. Ez du bete Jesusen aginduak, ez bata, ez bestea. Ez da isildu, ez da joan apaizagana. Itzulpen liturgikoaren arabera, «gertatua hots egiten eta zabaltzen hasi zen». Hitzez hitzeko itzulpena beste hau izango litzateke: «asko predikatzen hasi zen eta hitza zabaltzen». Sendatu izan zen lepradunak, Moisesek agindua baino gehiago, kristau-misiolari bihurtu nahi izan balu bezala.

Ondorioak. Jesus ezin sartu da orduz gero inongo herritan. Herriz kanpo gelditu beharko du, eta horrela ere jende asko datorkio. Zer dela eta Jesusen erreakzio hau? Markosek beranduago kontatzen duena jakinik, hau izango litzateke erantzuna: datorkion jendeak azpian harturik ez gertatzeko.

Irakurketa sinboliko bat: gutako bakoitza da lepraduna

Ebanjelioko kontakizunek kutsu sinboliko handia izaten dute beti. Kontatzen duten egoera horretan geure burua ikus dezagun nahi izaten dute. Kasu honetan, lepradunagan. Guztiok daramagu nork bere barnean, neurri handian edo txikian, geure errutzat jotzen dugun zerbait. Uko egin diezaiokegu onartzeari, burua lur azpian ezkutatuz, ostrukak bezala. Edota aitor dezakegu, eta Jesusengana jo apal-apal, ziurtasunez esanez: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Behar diren ahalmena eta gupida ditu berak gure bizitza aldarazteko.

José Luis Sicre