Urteko 6. urtea B 2018-02-11
HOMILIA

Anai-arrebok!

Duela 15 egun, ebanjelioak jendearen harriduraz hitz egin zigun, Jesusen hitz egiteko moduagatik. Joan den igandekoan, Jesusen jokabideagatik ageri zen jendea harriturik: gaixo asko sendatu zuen Kafarnaumen, Pedroren etxe-atarian. Gaurko ebanjelioak beste harridura bat agertu digu: Jesusek lepradun bat sendatu eta garbitu du.

Baina sendatzea bezain harrigarria izan da beste gauza bat. Batetik, lepradunak debekatua zuen legean jendeagana hurbiltzea; baina debekuen gainetik, konfiantza agertu du Jesusengan: «nahi baduzu, garbi nazakezu». Bestetik, Jesusek ez dio aurpegiratu legea hautsi izana. Aitzitik; esan dio: «nahi dut, gerta zaitez garbi». Duela 15 egun entzun genuen, Jesusek aginpidez hitz egiten zuela, itzal handiz; ez lege-maisuek bezala. Gaurkoak agertu digu, legea betetzeari dagokionez ere, aginpidez jokatzen duela.

Lepradun horren konfiantza ez zen nolanahikoa. Jesusengana hurbiltzearekin egin duenaz gain, Jesusen aginduari ez dio kasurik egin. Apaizagana joateko esan dio Jesusek, legean agindua zegoen bezala. Lepradun izandakoak, ordea, beste modu batean ulertu du agindu hori: bai legearena, bai Jesusena. Apaizagana joan ordez, alde guztietan Jesusen berri ematen hasi da. Ulertu du, apaizagana joateko Jesusen agindu hori, mihi edo mingain puntaz bakarrik esan diola Jesusek.

Ebanjelariak adierazi nahi du, lepradun honena ez dela izan sendatze fisiko hutsa. Bihotza ere sendatu dio. Bihotza ere argitu dio. Honetan ere, aginpidez jokatu du Jesusek: ez da konformatu gorputza sendatzearekin; pertsona osoa sendatu du.

Jesus bizia ematera etorri da. Horrek esan nahi du, ezin onartu duela pertsona loturik eta esklabo bizitzea. Lepradunari bide osoa ireki dio pertsona bezala bizitzeko, nor bezala bizitzeko: familiara joan daiteke, besteekin harremanak izan ditzake. Jesusen izen ona hots egiten ere ibil daiteke.

Gizartea bat egitera etorri da Jesus. Markosek, bere ebanjelioko lehen kapitulu honetan, alde horretatik Jesusek agertutako 7 irizpide bildu ditu: 1) elkartea sortu nahi du; horregatik, bere ikasle izatera dei egin die/digu; 2) jendearen kontzientzia kritikoa sortu nahi du: beraren eta lege-maisuen arteko aldea agerian jarri du; 3) gaitzaren kontra ari da; sinagogan deabruak hartua zuen gizon batetik deabrua aterarazi du; 4) bizitza berritu nahi du zerbitzurako: Pedroren amaginarreba sendatu du, eta berehala zerbitzatzen hasi da; 5) zokoratuei harrera eskaini die: gaixoak sendatu ditu; 6) Aitarekin harremanetan ageri da: otoitz egitera joan da; 7) gizarteak baztertu dituenak, birgizarteratu egin ditu: lepraduna sendatu du.

Bai, berak esana digu zertara etorri den: «bizia izan dezaten etorri naiz, eta ugari izan dezaten» (Joan 19,19). Lepraduna, hildako bat zen bizirik. Sendaturik, bizi-bizi agertu da.

Senideok, izan al dugu sekula lepradun honek bezalako esperientziarik? Sentitu al dugu sekula Jesusengan konfiantza jartzeak, geure bizitza beste modu batean ikustera garamatzala? Horretarako, bihotz-argitasuna ere eskatzen jakin beharko genuke Jesusen Espirituari: argitu, Jauna, nire bihotza; argitu nire iluna; argitu nire bihotza pozik nagoenean; argitu nire bihotza triste nagoenean. Geure bizitzan jakin beharko genuke, ezbeharrean ere bizidun garela agertzen.

Gaur, bestalde, Manos Unidas delakoari jarraituz, gosearen kontrako ekitaldia bizi dugu. Manos Unidasekoek, duela gutxi, mahai-inguru batean agertu dutenez, 815 milioi lagun bizi da goserik. Zergatik? Har dezagun gogoan Gandhik behin batean esan zuen hura: «Jende txarraren gauzarik txarrenetan txarrena, jende onaren isiltasuna da».

Gainera, otsailaren 11 dugu. Duela 160 urte agertu zen lehenbizikoz Andre Maria Lourdesen, 1858an. Egun hauetan, gogoan harturik aurtengo udazkenean gazteei buruzko sinodoa egingo dela, esan nahi handiko hitzaldi bat antolatu dute Lourdesen: «Gazteei fedea eskualdatu». Jakin dezagun ere, Gaixoen Mundu Ekitaldia, XXVI.a, ospatzen dugula munduan, Joan Paulo II.ak 1992an abiatua.

Jesusen Espirituak eman diezagula biziaren zentzu zabala. Mundu osoa aintzat hartzen duena. Bizitza fisikoaz gainera, bizitza psikikoa eta espirituala kontuan hartzen dituena. «Pozik bizi… ez beldur izan» delakoa gogoan hartzea eragiten diguna.

Dionisio Amundarain