URTEKO BOSGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Jainko guziz saindua Izairi agertzen zaio, eta dei egiten dio )

Izai profetaren liburutik 6, 1-2a. 3-8

1 Ozias erregea hil zen urtean,
Jauna ikusi nuen tronu gora batean jarria;
haren jauntziaren hegalak Tenplua betetzen zuen.
2 Zerafin batzu zituen gain aldetik.
3 Elkarri oihuz ari ziren, ziotela:
“ Saindu, saindu, saindua, diren guzien Jauna!
Lur osoa betetzen du haren aintzak.”
4 Oihu hortara, ateen kontzak dardaratu ziren,
eta Tenplua kez bete zen.
5 Orduan erran nuen:
“ Zorigaitz neri! galdua naiz, ezpain kutsatuak baititut,
eta ezpain kutsatuak dituen herrian bizi bainaiz:
eta nere begiek ikusi dute Erregea, diren guzien Jauna!”
6 Zerafinetarik bat etorri zitzaitan hegaldaka,
aldaretik suhatzekin hartu ikatza sutan zaukala eskuetan.
7 Ikatzarekin ahoa hunkitu zautan, erranez:
“ Hunek hunkitu dauzkitzu ezpainak,
eta orai kendu zaizu hobena, barkatu bekatua.”
8 Orduan Jaunaren mintzoa entzun nuen erraiten:
“ Nor igorriko dut? Nor izanen dugu mandatari?”
Eta nik ihardetsi:
“ Huna ni! Igor neza

”Zorigaitz neri! Galdua naiz, ezpain kutsatuak baititut, eta ezpain kutsatuak dituen herrian
bizi bainaiz; eta nere begiek ikusi dute Erregea, diren guzien Jauna“. Ikusi behar ez zuena
ikusirik, ondorioek beldurra emaiten diote. Leize haundi hori, Jauna eta gure artean den hori
ikusi eta, ikara sartzen zaio.
Maizenik, Biblian, holako gertakarietan, Jainkoaren hitz hau errana da: „Ez beldur
izan“. Hemen ez da holakorik. Zerafin baten jestuak du Jainkoa eta gizonaren artean den
leize haundi hori beteko. Jestu horrek gizona garbituko du eta Jainkoarekin harremanetan
sarraraziko : „Zerafinetarik bat etorri zitzaitan hegaldaka, aldaretik suhatzekin hartu ikatza
sutan zaukala eskuetan. Ikatzarekin ahoa hunkitu zautan.“ Nola Jainkoa bera gurekin
harremanetan sartzen den erraiteko molde bat da.
Harreman hunen ondorioa biziki sakona izan da. Izairen lana konfiantxa haundiko lana
izanen da zeren Jainkoaren bozeramaile bilakatuko baita. Profetak Jainkoaren ahoa direla
errana da batzuetan. Hori bera girixtinoaz erraiten ahal da. Zer gauza miresgarria !

Bigarren irakurgaia

(Kristo hil eta piztua, horra zer dugun sinesten )

Jondoni Paulok Korintiarreri 15,1-11

1 Haurrideak,
irakatsi nautzuen Berri Ona oroitarazten dautzuet;
onartu zinuten, hari atxikiak zaudezte.
2 Eta harek salbatzen zaituzte,
nik irakatsi nautzuen bezala begiratzen baduzue;
bestela alferrik sinetsi duzue.
3 Lehen lehenik, hau ekarri dautzuet,
nihaurek ukan nuena:
Kristo gure bekatuengatik hil da, Liburu Sainduek erran bezala;
4 ehortzi dute eta hirugarren egunean piztu da,
Liburu Sainduek erran bezala.
5 Petriri agertu zaio, eta gero Hamabieri.
6 Gero, aldian bostehun baino gehiago haurrideri agertu zaiote;
heietarik gehienak bizirik dira oraino, zenbait hil badira ere:
7 Gero, Jakoberi agertu zaio, eta ondotik apostolu guzieri.
8 Azkenekotz, neri ere agertu zait,
tenorea baino lehen sortu haurra bezalakoa naizen huni.
9 Alabainan, Apostoluetan ttipiena naiz,
apostolu izenik ere merezi ez duena,
Jainkoaren Eliza pertsegitu dutalakotz.
10 Bainan, naizen hau, Jainkoak bere graziaz egin nau,
eta haren grazia ez da fruiturik gabea izan nere baitan.
Beste guziek baino lan gehiago egin dut:
egia erran, ez nik, bainan Jainkoaren graziak nerekin.
11 Dena den, bai heiek eta bai nik, hori dugu predikatzen,
eta hori da zuek sinetsi duzuena.

Bi mila urte hauetan, gizaldiz gizaldi, batetik bertzera Ebanjelioa zabaltzen da. Fedea
emana izan zauku eta guk gure ondokoeri emaiten dugu. Lasterkari batek bertze bati lekukoa
emaiten dion bezala, halaber Ebanjelioa zabaltzen da, Jesusen lagunetarik haste. Jondoni
Paulok ez du bertzerik erraiten : « Lehen lehenik, hau ekarri dautzuet, nihaurek ukan nuena. »
Jondoni Paulo ez zen lehen dizipuluetarik. Jesus ez du ezagutu, ez da haren egintzen
lekuko izan. Gehiago dena, Jesusen kontra ari izan da Damaseko bidean bihozberritu aitzin.
Geroztik egiazko misionesta bilakatu da eta entzun duen berri ona zabaltzen du, kar
haundirekin.
Berri On hori hitz gutiz erraiten ahal da : Kristo gure bekatuengatik hil da. Hirugarren
egunean piztu da. Bi hitz : „hil“, „piztu“. Horiek dira gure fedearen pilareak.
Korintiarreri idatzi lehen epistolan sineste hori du barnatzen. Lehen lerroa Korintiarrek
aski errexki onartzen dute :“Kristo gure bekatuengatik hil da“ . Kristoren hiltzeak du Jainkoa
eta gizaldiaren artean den leizea betetzen.
Jondoni Paulok beraz nahi du entzunarazi, Kristoren heriotzea eta piztea guretzat
direla. Hura da lehen piztu dena eta gu piztuko gira haren ondotik. Hori sinestarazteko
Jondoni Paulok errepikatzen du :“ Kristo gure bekatuengatik hil da,Liburu Sainduek erran
bezala…ehortzi dute eta hirugarren egunean piztu da, Liburu Sainduek erran bezala“.
Jainkoaren xedea zen bezala, Kristo hil da gure bekatuen gatik. Jainkoaren xedea zen bezala,
Kristo piztu da, herioa garraitu du. „Hirugarren egunean“ Testamendu Zaharrean, erranmolde horrek erran nahi du aipatzen den xedea laster gertatuko dela. Hala nola: Moria mendi
kaskoan, hirugarren egunean zion Jainkoak Abrahameri erran zer egin Isaak salbatzeko.
Berdin Egiptoan, hirugarren egunean zuen Josepek bere anaieri askatasuna eman; berdin Zinai
mendian, hirugarren egunean zen Jainkoa bere populuari agertu ; berdin hirugarren egunean
zen Jonas itsas haunditik eta arrainaren tripatik ateratu. Delako hirugarren egun hori ez
daiteke kronologikoa izan, bainan bai esperantza bat beteko dela.
„Kristo hirugarren egunean piztu da Liburu Sainduek erran bezala“ , lerro hunek dio
piztea denentzat dela. Jondoni Paulok errepikatzen du: „Haurrideak, irakatsi nautzuen Berri
Ona oroitarazten dautzuet; onartu zinuten, hari atxikiak zaudezte. Harek salbatzen zaituzte,
nik irakatsi nautzuen bezala begiratzen baduzue.“ „Harek salbatzen zaituzte“ horrek erran
nahi du Kristoren piztean parte hartzen dugula guk ere, bekatuen barkamendua guretzat ere
emana dela.
Salbamendu hau, Jondoni Paulok probatu du. Girixtinoen kontra ibilia luzaz,
bihozberritua, Kristoren lekuko bilakatua, badaki zer salbamendua ukan duen : « Alabainan,
Apostoluen ttipiena naiz, apostolu izenik ere merezi ez duena, Jainkoaren eliza pertsegitu
dutalakotz. » Nehor baino obeki mintzatzen ahal da barkamendu hortaz. Zer gauza miragarria:
Jainkoaren barkamenduan sinetsi, barkatua izaiteko! Hau da hau Jainkoaren amodioa!
Baldintza gabeko maitasuna! Beti opari den maitasuna.
Emaitza bat da, kitorik da. Gure gain da onartzea. Jondoni Paulok, Izaik bezala, Petrik
bezala, bere bekatua ezagutzen du, eta Jainkoaren grazia bere barnean sartzera uzten du.
“Naizen hau, Jainkoak bere graziaz egin nau, eta haren grazia ez da fruiturik gabea izan
nere baitan. Beste guziak baino lan gehiago egin dut: egia erran, ez nik, bainan Jainkoaren
graziak nerekin.”
“hilaur” batez (Paulo bera), Jainkoak apostolu bat egin du, kar haundikoa. Jeremi
gizon gazte uzkur bat zen, eta profeta suhar bat egin du. Izai “ezpain kutsatua” zen eta
Jainkoaren aho egin du. Petrik Jesus ukatu du, eta Elizaren buru egin du. Nolaz horiek ?
Jainkoaren salbamendua onartuz. Bertzerik ez. Egiaz, hau da hau Berri ona! Zabal dezagun
denetara!

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Zatozte nerekin, dio Jaunak
Eta giza arrantzale eginen zaituztet.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 5 , 1-11

1 Behin, Jesus Genezaret aintzira bazterrean gelditua zen;
jendea gainean zuen Jainkoaren hitza entzuteko.
2 Bi txalupa ikusi zituen ur-bazterrean geldituak:
arrantzaleak untzitik jautsi eta sareen garbitzen ari ziren.
3 Igan zen txalupa heietarik baterat, Zimunenerat,
eta leihorretik pixka bat urruntzeko galdegin zion.
Gero, jarri eta untzitik jendeari irakasten ari izan zen.
4 Mintzaldia bururatu zuenean, Zimuni erran zion:
“ Jo zabalerat, eta bota sareak arrantzarako.”
5 Zimunek ihardetsi zion:
“ Irakasle jauna, gau guzian eginahalak egin eta,
deusik ez dugu hartu;
halere, zuk diozunaz geroz, botako ditut sareak.”
6 Hala egin zuten , eta arrainketa gaitza harrapatu,
sareak urratzen ari baitziren.
7 Beste untziko laguneri keinu egin zioten, laguntzerat etortzeko;
etorri ziren, eta bi untziak bete zituzten hondatzerainokoan.
8 Hori ikustearekin,
Zimun Petri Jesusen oinetarat erori zen, erranez :
“ Urrun zaite niganik, Jauna, bekataria bainaiz.”
9 Alabainan, lazturak hartuak zituen, hura eta harekilako guziak,
holako arrainketa harturik.
10 Eta berdin, Jakobe eta Joani, Zebedeoren semeak, Petriren lagunak.
Jesusek erran zion Petriri:
“ Ez beldur izan,
hemendik aitzina giza arrantzale izanen zira.”
11 Orduan, untziak leihorrerat atera zituzten,
eta denak utzirik, jarraiki zitzaizkion.

Jondoni Petri apostolua eta Izai profeta ez dira usu elgarren parean ezartzen, bainan
egungo irakurgaiek hortara gomitatzen gaituzte, bat eta bertzearen bokazionea aipatuz.
Bakotxaren historia berezia da : Izaik, Jerusalemeko tenploan ikuspen bat ukan du, eta Petri,
Tiberiadeko aintziran da, bere txalupan. Batak eta bertzeak, betbetan, Jainkoa « ikusten
dute », ikuspen baten bidez, mirakulu baten bidez, zeren San Lukek aski xehetasun emaiten
baitauku : „Irakasle Jauna, gau guzian eginahalak egin eta , deusik ez dugu hartu“, eta hitz
horiek arraintzale batek erraiten ditu. Eta huna nun harrigarria gertatzen den : gauaz dela
arraintza hoberena arraintzale guziek erraiten dute, eta hemen egunaz da, arraina ez zen
tokian, Jesusen hitz soilak eta Petriren sinesteak sareak betetzen dituzte. « arrainketa gaitza
harrapatu, sareak urratzen ari baitziren. » Biek, Izaik eta Petrik, ikuspenaren aitzinean edo
mirakuluaren aitzinean, erreakzio berbera dute : Jainkoa delako segurtamena, Haren
Saindutasuna, Hura eta gutarteko den leize haundia betbetan beren konzientzian sartzen dira.
Heien hitzek ber itxura dute : « Zorigaitz neri ! galdua naiz, ezpain kutsatuak baititut, eta
ezpain kutsatuak dituen herrian bizi bainaiz : eta nere begiek ikusi dute Erregea, diren guzien
Jauna ! » dio Izaik, eta Petrik Jesusi : « Urrun zaite niganik, Jauna, bekataria bainaiz. »
Jainkoa ez da ez gure bekatuari, ez eta gure txarkeriari beha egoki. Haren aitzinean, giren
bezala ager gaiten nahi du gure gabezia, gure beharra aitortuz. Orduan Jainkoak nasaiki
emaiten ahal du, gure beldurrak haizatuz : « Ez beldur izan », dio Jesusek Petriri. Ondotik,
biek kargu bat ukaiten dute : Izai Jainkoaren mandatari izanen da eta Petri giza arraintzale :
« Orduan, untziak leihorrerat atera zituzten, eta denak utzirik, jarraiki zitzaizkion. »
Dizipuluek ez dute bakarrik entzunen Jesusek errana, haren laguntzaileak bilakatuko
dira. Hau da gauza miresgarria : ez dugu deus egiten ahal Jainkoa gabe eta Jainkoak ez du
deus egin nahi gu gabe. Jondoni Paulok erraiten duen bezala bigarren irakurgaian : « Naizen
hau, Jainkoak bere graziaz egin nau, eta haren grazia ez da fruiturik gabea izan nere baitan.
Beste guziak baino lan gehiago egin dut : egia erran, ez nik, bainan Jainkoaren graziak
nerekin. »
Jainkoak gauza bat galdatzen dauku : konfiantxa, eta haren esku egon gaiten. Dena
hasi da Petrik konfiantxa egin duelakotz : « Irakasle Jauna, gau guzian eginahalak egin eta,
deusik ez dugu hartu. Halere, zuk diozunaz geroz, botako ditut sareak. » Petrik entzuna zuen
Jesus jendetzeari mintzatzen eta konfiantxa egiten dio, bai haren erranak entzuteko, bai haren
erranaren gainean entsegu bat gehiago egiteko arrainik ez zen tokian sareak botatuz.
Mirakuluaren ondotik, ez du erraiten gehiago: „Erakasle Jauna“, bainan „ Jauna“ eta
Jainkoaren aitzinean belaunikatzen da. Jainkoaren galdea, Jainkoaren deia orain entzuten ahal
du. Jesusek galdetzen dion lana egiteko, „giza arrantzale“, Jesus Jainko dela behar zuen
onartu.
Izaik mandatari izaitea onartu zuen; Petri denak utzi eta Jesusi jarraiki zitzaion; Paulo
Damaseko bidearen ondotik, bere bizi osoan Kristoren lekuko izan zen. Guk ere Jesusen
hitzak beharrietan ditugu : „Jo zabalerat eta bota sareak“. Guri da ihardestea : „zuk diozunaz
geroz, botatuko ditugu sareak.“