Isaias eta Pedro: Bi bokazio oso desberdin
Urteko 5. igandea C (2016-02-07) (Lukas 5,1-11)

Nazareteko porrotaren ondoren (joan den igandean irakurria), Kafarnaumen predikatzen eta mirariak egiten aurkeztu digu Lukasek Jesus; Kafarnaum baino hego alderako ere bai, Judeako sinagogetan. Baina igandeko liturgian ez dugu irakurriko horretatik ezer (Lk 4,34-44), baizik eta lehen ikasleen bokaziora igaroko gara. Izenburu hori ematen diote pasadizo honi Bibliarik gehienek, nahiz eta, arrazoi handiagoz, «Pedroren bokazioa» deitzen ahal genukeen.
Jesusek Nazaretera egindako bisitari dagokionez, ikusi genuen Markosen ebanjelioan oinarritzen dela Lukas, baina zerbait aldatuz, pasadizoa era berri batean fokatzeko. Gauza bera gertatzen da gaurkoan, lehen ikasleen bokazioarekin. Lukasen kontakizuna ulertu nahi bada, komeni da Markosena gogoan izatea.

Markosen kontakizun laburra lehen ikasleen bokazioaz (1,16-20)

Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zihoala, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak urera botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet». Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten. Aurreraxeago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sare-konponketan ari ziren beren ontzian. Ikusi bezain laster, dei egin zien. Haiek, beren aita Zebedeo eta mutilak ontzian utzirik, Jesusen ondoren abiatu ziren.

Protagonisten bizitza aldatuko duen kontakizuna ezin laburragoa da. Ematen dut, ohar soil batzuk direla, gero Markosek bere elkartean garatuko zituenak. Bi anaia-bikote, laku bat, sareak, ontzi bat, bikoteetako baten aita, soldatapeko batzuk. Giro hain lau eta eguneroko honetan, lehenengoz gertatu da Jesus lau gazte hauekin, dei egin die, eta jarraitu egin diote, dena bertan behera utzirik. Edozein irakurle arretatsu nahasteko moduko erreakzioa.

Lukasen tartekatzen dituen hiru aldaketak

1.- Lehenengoak ulergarriago bihurtu nahi du ikasleen jarraipena. Ez du Jesusek lehen aldia haiekin topo egiten; izana da Jesus Galilean; otordu bat ere egina du Simonen etxean eta sendatua du haren amaginarreba. Ondoren, predikari ibiltari eta bakarti jarraitu du; baina, Kafarnaumera itzuli denean, ez da ezezagun bat. Maisu famatua da eta jendea piloka hurbiltzen zaio entzuteko. Irakurlea ez da harritzen ikasleek hari jarraitu izanaz.
2.- Lehen aldaketak badu bere logika; bigarrena, berriz, nahasgarri gertatzen zaigu: Markosek lau ikasleen bokazioa dakar; Lukasek Pedro ipintzen du erdigunean, beronen Andres anaia ez aipatzeraino. Jesus Simonen ontzira igo da, lehorretik pixka bat urruntzeko eskatu dio; harekin ariko da solasean jendetzari hitz egin ondoren, eta lakuan barnerantz jotzeko agindu dio eta sareak botatzeko; eta Pedrok bakarrik erreakzionatu du, Jesusen oinetara eroriz eta bere burua bekatari aitortuz. Ondoren aipatuko dira Santiago eta Joan ere, Jesusi jarraitu diotenak hauek ere, baina azken hitzak, era erabakitzaile diren haiek, Simoni bakarrik esan dizkio Jesusek: «Ez beldur izan; hemendik aurrera giza arrantzale izango zara».
3.- Hirugarren aldaketa Jesusen garrantzia berrindartzera doa. Ez da mugatu Jesus aintzira inguruan paseatzera (Markosek dakarrenez), baizik eta jendeari predikatzen dihardu, pilaka baitatorkio, ontzi batera igotzera behartzen dutelarik. Ondoren, «Maisu» izena eman dio Simonek eta obeditu egin dio, arrantzura itzuliz, zorakeria badirudi ere. Azkenik, belauniko jarri zaio Simon eta pertsonaia santu aitortu du, eta ez bekatari gizajo, bera bezalako. Jesus gehiago ezagutzen dutela esan nahi du ikasleen bokazioak.

Zer esan nahi digu Lukasek aldaketa hauekin?

Lehenengoaren helburua garbi dago: ikasleen jarraipena ulergarriago egin.
Bigarrenak Pedroren irudia nabarmendu nahi du. Hori bera egingo du Lukasek bere ebanjelioaren bukaeran, ikasleen mihian hitz hauek ipiniko dituenean: «Piztu da Jauna egiaz, eta Simoni agertu zaio» (Lk 24,34). Simon protagonista da Lukasen ebanjelioaren hasieran eta bukaeran. Zergatik? Gerta liteke, kristau batzuek, Paulok Pedrori Antiokian egindako eraso gogorrean oinarriturik (Galaziarrei gutunak dakarrenez), Pedroren agintea koloka jarri izana, eta Lukasek aginte hura bere lekuan jarri nahi izana.
Hirugarren aldaketak gogorazten digu, edozein bokazio dela on Jesus hobeto ezagutzeko. Markosen kontakizunak dio, Jesus ez dela behin behineko jokalari bat, bere lan guztia heriotzarekin bukatuko zaiona; esan nahi du, bere egitekoa aurrera eramango duten jarraitzaile eta lankide bila dabilela. Lukasek irakaspenaren eta agintearen alderdia gehitu du. Baina gauza askoz handiago bat ere iradoki du: pertsonaia santu bat da Jesus, Simonengan duintasun-ezaren sentimendua eragin du. Ikuspegi hau ulertzeko, Isaiasen bokazioa (lehen irakurgaia) gogoratu behar da.

Isaiasen bokazioaren kontakizuna ( lehen irakurgaia 6,1-2a. 3-8)

Zortzi mende atzera goaz, K.a. 739. urtera, Ozias erregea hil zen urtera. Une horretan kokatu du Isaiasek bere bokazioa. Baina beste era desberdin batean kontatu du. Jainkoarekin topo egin duen hasierako une horretan, haren handitasuna eta jauntasuna gertatu zaizkio deigarri, eta hiru kontrasteren bidez agertu du bere esperientzia. Lehena, hil berria den Ozias erregearekin; hilkorra den errege horrengandik hilezkorra den erreagana igaro da. Bigarrena, serafinekin; hauek xeheki deskribatzen ditu, baino dio, Jainkoaz bakarrik esan daitekeela: «haren mantu-hegalak tenplua betetzen zuen». Hirugarrena, bere buruarekin, zikin sentitzen baita Jainkoaren aurrean. Hiru binomio ageri dira Jainkoaren jauntasuna azpimarratzen (bizia/heriotza, ikusezintasuna/ ikusgarritasuna, santutasuna/zikintasuna). Hau guztia, tenpluaren ate-orpoak dardarazten eta tenplua kez bete zuen lurrikara batean kokaturik.
Isaiasen kexua («ezpain zikineko gizona naiz») oinarritzat hartuz, serafin batek garbitu egin dizkio ezpainak, pertsona osoaren garbikuntzaren sinbolotzat harturik. Horregatik, azken ondorioa ez da Isaiasek orain ezpainak garbi dituela, baizik eta «ezkutatu da zure errua, barkatu da zure bekatua». Jainkoak galdetuko duenean «Nor bidaliko dut? Nor joango da nire izenean?», Isaias gai izan da bere burua bere gogoz eskaintzeko: «Hona hemen ni, bidal nazazu».

Isaiasen bokazioa eta Simonen bokazioa

Lukasek ondo ezagutzen du Itun Zaharra. Ematen du, Isaiasen bokazioa berrirakurriz eskaini nahi izan duela Simon Pedroren bokazioa. Interesgarria dateke aldeak agerian ipintzea.
Eszenatokia. Isaiasen bokazioa Tenpluaren eremu sakratuan gertatu da, Jainkoa goi-tronu garaian dela, serafinez inguratua. Pedroren, berriz, aintzira barruan ontzi batean, lagunez eta soldatapekoz ingurua.
Deitu duen pertsona. Isaiasen kasuan Jainkoaren handitasuna eta jauntasuna azpimarratu dira. Jesus, hasiera batean, era oso gizatarrean aurkeztu du Lukasek; halere, jendetza biltzeko gai da, eta Pedro berriro arrantzura joanarazteko gai. Arrantzua egin ondoren bakarrik jabetuko da Pedro bere aurrean pertsonaia handi bat duela.
Deituaren hasierako erreakzioa. Kasu bietan sentitzen da protagonista bekatari. Isaiasen erreakzioa tragikoagoa da («galdua naiz»); uste baitu, ezin duela inork ere Jainkoa ikusi eta bizitzen jarraitu. Pedro, soilki, pertsonaia sakratu baten aurrean sentitu da, zeinen aurrean ezin baita bera egon («aparta zaitez nigandik»).
Bidalia prestatu. Isaias Serafin batek garbitu du, misio bat egin aurreko urrats bezala. Jesusek ez du egin ezer antzekorik Pedrorekin. Prestatzeko era Jesusi jarraitzea da. «Dena utzirik jarraitu zioten».
Misioa. Liturgiak kendu egin du Isaiasen kontakizunaren azken zatia, judu-herriaren bihotza sorgortu eta haren begiak itsutzeko eginkizun nahasgarria ematen dion hura; Isaiasen misio nagusia mezu gogor-gogor bat izango da. Pedrorena, aldiz, baikorra izango da: «giza arrantzale izan».
Deituaren azken erreakzioa. Hemen ez da alderik. Kasu bietan prestasun bera nabari da, nahiz eta ikasleen kasuan, Jesusi jarraitzeko, dena uzten dutela azpimarratzen den.

Azken iradokizuna

Joanen ebanjelioak dakarrenez, behin batean komentatu zien Jesusek ikasleei: «Uzta ugaria da eta langileak gutxi. Erregutu Jaunari uztara langileak bidal ditzan». Jesusek aginduak eman dituen kasu apurretako bat da. Gurea bezalako aro batean, bokazio-krisia hain bortitza den honetan, komeniko litzateke Jaunaren agindu hau gogoan hartu eta betetzea.

José Luis Sicre