BEKATUA AITORTU (Lukas 5.1-11)
Urteko 5. igandea C

Galileako aintzirako mirarizko arrantza oso herrikoia izan zen lehen kristauen artean. Ebanjelari batek baino gehiagok dakar pasadizo hori, baina Lukasek bakarrik erantsi dio eszena hunkigarria, zeinetan Simon Pedro, aldi berean fededun eta bekatari zen ikasle hura, baita protagonista.

Fede-gizona da Pedro, Jesusek liluratua. Bere esperientziak berak baino indar handiagoa dute harentzat Jesusek hitzek. Ondotxo daki Pedrok inork ez diola ekiten aintziran arrantza egiteari eguerdian, batez ere gauez ezer harrapatu ez badu. Baina Jesusek agindu dio eta Pedrok konfiantza osoa du harengan: «Zure hitzean finkatuz, botako ditut sareak».

Aldi berean, bihotz egiazalea da Pedro. Lorturiko arrainketa izugarriaz harriturik, «Jesusen oinetara erori da» eta berezkotasun miresgarriz diotso: «Aldendu nigandik, Jauna, bekataria bainaiz». Guztien aurrean aitortu du Pedrok bekatari dela eta ez dela gai inolaz ere Jesusen ondoan bizitzeko.

Jesus, ordea, ez da izutu bere ondoan ikasle bekatari bat izateaz. Aitzitik, bere burua bekataritzat badu, hobeto ulertu ahal izango du Pedrok Jesus: guztientzat barkatzaile dela eta bekatarientzat eta desiragarri ez direnentzat abegikor. «Ez beldur izan. Gaurdanik giza arrantzale izanen zara». Ikasle bekatari izatearen beldurra kendu dio Jesusek, eta bere misio-lagun bihurtu du, era guztietako gizon-emakumeak elkartu eta Jainkoaren egitasmo salbatzailean sartzera deitzeko.

Zergatik egiten dio hain gogor Elizak bere bekatuak aitortzeari eta bere konbertsio-beharra agertzeari? Jesu Kristorena da Eliza, baina Eliza ez da Jesu Kristo. Inork ez du zertan harritu Elizan bekatua izateaz. «Santua» da Eliza, Jesusen Espirituak eraginik bizi delako; baina «bekatari» da, hainbatetan Espiritu horri aurre egiten eta ebanjeliotik urruntzen delako. Fededunen baitan eta erakundeetan dago bekatua: hierarkia baitan eta Jainkoaren herrian; artzainen baitan eta kristau-elkarteetan. Guztiek dugu bihotz-berritu beharra.

Oso gauza larri da egia ezkutatzen ibiltzea, bihotz-berritzeko eta berriztatzeko dinamikan konprometitzea eragozten baitigu. Bestetik, ez ote ebanjelioaren antzekoagoa Eliza ahul eta zaurigarria, bere bekatua aitortzeko adorea duena, bere miseriak munduaren aurrean nola ezkutatuko, alferrik eta lortu ezinik, ari dena baino? Ez ote sinesgarriago gure elkarteak Kristoren zeregin ebanjelizatzailean ari direnean, beren bekatuak apal-apal aitortuz eta beti ebanjelioaren antzekoago biziera egiten ahaleginduz? Ez ote dugu gaur ere zer ikasi handia Jesusen oinetan bere burua bekatari aitortu duen Pedro apostoluagandik?

Jose Antonio Pagola