URTEKO 5. IGANDEA B 2015-02-08

SARRERA

Senideok, urteko bosgarren igandea ospatzen dugu gaur. Gai desberdin asko aipatzen digute irakurgaiek.
Lehenengo irakurgaiak Job dakarkigu gogora. Joben liburuaz, gaurko liturgiako pasarte hau bakarrik hartuko bagenu, negargarria izango litzateke Joben liburu hori. Baina, zorionez, hori baino zabalagoa da liburu osoaren ikuspegia. Bestalde, norbaitek galdetu du: Zergatik aukeratu da liturgiarako hain negatiboa eta ezkorra den pasarte hau? Erantzuna: Joben ikuspegi kaskar hori eta gaurko ebanjelioko Jesusen ikuspegi gizakoia eta baikorra elkarrekin alderatzeko, elkarrekin konparatzeko. Mundu argia, Jesus dela azaltzeko.
Bigarren irakurgaian, pertsona jator ageri zaigu Paulo. Beretzat onurarik bilatu gabe, mundu osoari hots egin nahi dio Jesusen Berri Ona.
Ebanjelioan, hainbat gai handi ageri dira. Batetik: Pedroren amaginarreba sendatu du Jesusek; eta, erabat sendatu dela agertzeko, zerbitzatzen hasi da berehala emakumea; Jesusen maitasuna sumatu eta esperimentatzeak, zerbitzari izatera eragiten digu beti; horixe gertatu zaio emakume horri. Bigarren: Jesus zein pertsona harrigarria den ikusirik, jendeak gaixoak ekarri dizkio, senda ditzan, eta Jesusek sendatu. Hirugarren: egunsentian Jesus bazter batera doa zeruko Aitarekin hitz egitera. Laugarren: ikasleek Kafarnaumen eutsi nahi diote Jesusi, baina honek beste herri batzuetara jo du.
Hona hemen, goraxeago aipatu dugun diferentzia edo aldea: Job erabat ezkor ageri da; Jesus, berriz, erabat baikor.
Gaur, bestalde, Manos Unidas ong-aren eguna dugu: munduan gosea erabat kentzea da helburua. Bitartean, ez genuke alde batera utzi behar, gose hori arintzen saiatzeko ahalegina. Mundu honetan ez du balio eslogan honek: dena ala ezer ez, denak ala inor ez. Eslogan faltsua da hori. Pilato bezala, eskuak garbitzera eragiten diguna. Dena ezin badugu konpondu, saia gaitezen ahal duguna konpontzen edo arintzen. Jesusen Espirituak lagundu diezagula.

LEHENENGO IRAKURGAIA Joben liburutik (7,1-4.6-7)

Lehenengo irakurgaia, Job-en liburukoa da. Nobela bat Job-en liburu hori. Hasieratik kasik bukaerara, sufrimenduaren problematika agertzen digu nobelak honek. Oso era bizian agerturik. Job da protagonista. Bat-batean lur jota gelditu da; dena galdu du: ondasunak, seme-alabak, osasuna. Lagunak hor datozkio esanez: egin duan bekatuaren zigorra duk hori guztia, Jainkoak emandako zigorra. Job-ek, ezetz eta ezetz; ez duela bekaturik egin. Azkenean, Jainkoaren kontra ere jo du. Halako batean, ordea, Jainkoak bihotza ukitu dio. Eta Job-ek esaten dio Jainkoari: «Bai, jakin gabe hitz egin dut ulertu ezin ditudan misterioei buruz… Entzutez bakarrik ezagutzen zintudan; orain neure begiz ikusi zaitut»
Benetan, sufritzen ari den fikziozko pertsonaia baten istorioa da nobela hau. Baina liburuan barna gizadiaren misterio handia ageri da. Gaurko pasartea alde horretatik hartu behar da.
Eta sarreran esan zaigunez, pasarte honen guztiz kontrako ikuspegia dakarkigu ebanjelioak. Jainkoak gizadiaren eta munduko miseria ikusirik ere, bere Semea bidali du: zorionerako bidea erakustera. Horra zer egin nahi duen Jesusek, gaur egun gutako bakoitzaren bidez: mundua salbazio-bidean jartzen saiatu.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (9,16-19.22-23)

Bigarren irakurgai honetan, korintoarrei hitz egiten die Paulok, eta gaur guri. Bada jenderik Pauloren kontra hitz egitera ausartzen denik: misoginoa dela, hau da, emakumeen kontrako joera eta jarrera dituela; Jesusek egin zuenaren kontra, Eliza sortu duela etab.
Bere garaian ere, kontrako jende asko izan zuen; batzuetan ulertzen ez diotelako; beste batzuetan ondoegi ulertzen diotelako, baina bizieraz aldatu nahi ez dutelako.
Ausartzen naiz esaten, Paulo gizon jator-jatorra dela; hori bai, bere garaiko eta garai hartako kulturako gizona (ezin izan besterik); baina Jesusen Espirituari leial izan zaion gizona da, eta munduari berri ona hots egiten leial-leiala.
Berak aitortzen digu gaurko irakurgai honetan: berri ona hots egiteko eginkizuna ez dut neuk aukeratu; beste norbaitek leporatu dit eginkizun hori; ez dut hura hots egin beste erremediorik; «zoritxarrekoa ni hots egiten ez badut!»
Baina ez da beste batena hots egiten duen gaia bakarrik; hots egiteko modua ere beste batena du, Jesusena. Hona zer esaten duen: «ahul bihurtu naiz ahulekin, guztien izaerara egokitu naiz. Eta hau guztia, Ebanjelioagatik egiten dut».
Senideok, egin dezagun Pauloren jokabide hori geure jokabide.

EBANJELIOA san Markosen liburutik (1,29-39)

Gaurko ebanjelio honetan lau pasadizo nagusi ageri dira. Lehenik eta behin, esan dezagun, joan den igandeko pasadizoaren jarraipena dela: Kafarnaumeko sinagogan hitz egin zuen, eta jendea harriturik utzi zuen, lege-maisuek ez bezala hitz egiten zuen.
Gaurko honetako lehen pasadizoa: Kafarnaumeko sinagogatik irtenik, Pedroren eta Andresen etxera doa. Pedroren amaginarreba sendatu du han. Eta zerbitzatzen hasteko gai dela sentitu du emakumeak. Horra. Jesusen eskua esperimentatzen duenak, haren zerbitzari izateko gogoa sumatzen du; horixe gertatu zaio Simonen amaginarrebari.
Bigarren pasadizoa: jendeak gaixoak daramatza Jesusengana, senda ditzan. Sendatze orokorra egin du Jesusek: ez du bereizketarik egiten aberatsen eta pobreen artean, boteretsuen eta mendekoen artean. Halere, pasadizo hau ulertzeko, kontuan hartu behar da gauza bat: larunbata izanik, jendea piloka etorri zaio Jesusi; berez, ez litzateke hori gauza normala izango: hainbeste jende legearen kontra joatea, alegia. Baina hara: larunbatean ezin zen legez inor sendatu; alabaina, larunbateko atseden-agindua arratseko bost eta erdi inguruan bukatzen zen. Horregatik, legea hausteko beldurrik gabe, jendea piloka joan zen Jesusena; larunbatekoa bukatu ondoren. Dena den, hor dago Jesusen jokabidea.
Hirugarren pasadizoa: bezperan berandu arte jendeari kasu egiten emanik ere, goizean goiz, inori ezer esan gabe, leku bazter batera doa Jesus, zeruko Aitarekin hitz egitera; otoitz horretan bilatzen eta aurkitzen zuen, bai argia nola jokatu jakiteko, bai indarra aurrera egiteko.
Laugarren, ikasleek Kafarnaumen geldiarazi nahi dute Jesus; baina berak beste leku askotan ere hots egin behar duela adierazten die..

HERRIAREN OTOITZA

1.-Egun hauetako hotzaldi hau era larrian sufritzen ari diren herrien alde: gertaera honek pentsatzera eraman gaitzan, beti ahulenen defentsa egin behar dugula. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Ekialde Hurbilean eta munduko beste hainbat parajetan gerran ari den milioika jendearen alde. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan goseak hiltzen ari diren guztien alde; gertaera horrek, sufritzen ari direnekin benetako solidario izatera eraman gaitzan. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eukaristia hau ospatzen ari garenon alde: estu-estu bat egin dezagun, munduan, Jesusen misioarekin, misio hori geure misio edo eginkizun bihurtuz. Eska diezaiogun Jaunari.