Jesusen jokabide atipikoa
Urteko 5. igandea B (2015-02-08)

Joan den igandeko ebanjelioak, Jesusen predikuak eta espiritu likitsen gaineko haren ahalmenak eragindako harridura kontatu zigun. Hori guztia larunbat batean gertatu zen, Kafarnaumeko sinagogan. Gaurko ebanjelioak hori guztia nola bukatu zen esaten digu, eta ondorengo egunetan zer gertatu zen.

Jesusek larunbatean sendatu

Jesusen irakaspenak harridura eragin zuen, aginpidez irakasten zuelako, eta ez lege-maisuek bezala. Aginpide hori bera azaldu du larunbatean Pedroren amaginarreba sendatzean. Markosen kontakizuna irakurtzen duenak ez dio erreparatzen sendatzea larunbatean gertatu izanari. Baina beste ebanjelioak ezagutzen direnean, eta dakigunean Jesusen aurkako salaketarik gogorrena larunbatean sendatzea izan zela, garrantzi handiagoa hartzen du xehetasun horrek.

Mirari baten kontakizuna, eskuarki, segidako osagai hauek gauzatzen dute: a) gaixoa aurkezten zaio Jesusi, batzuetan gaixotasunaren larritasuna azpimarratuz; b) dagokionak edo beste pertsona batek sendatzeko eskatzen dio; d) Jesusek sendatu egiten du, batzuetan hitz bakar batez, beste batzuetan egintza-motaren batez; e) sendatua dagoela azaltzen du gaixoak; adibidez, elbarriak esku-ohea bizkarrean hartzen du, herrena saltoka hasten da.

Gaurko kasu honetan, kontakizuna bereziki laburra da, eta dena amen batean kontatua: a) Simonen amaginarreba ohean zegoen sukarrez; b) esan zioten Jesusi; c) Jesus hurbildu, eskua hartu eta jaikiarazi zuen; d) sukarrak utzi zion eta zerbitzatzen hasi zitzaien.

Gaixoaren sukarra ez da indar eskasekoa, oherarazi egin du. Eta Jesusi esan izanak, familiarentzat kezkatzeko gauza dela adierazten du. Jesusek ez du jaulki hitz bat ere; eskua hartu eta jaikiaraztea izan da guztia. Erabat sendatu dela azaltzeko, zerbitzatzen hasi da.

Emakume estatubatuar batek, feminista muturrekoa bera, azken detaile honetatik konklusio hau atera zuen; ebanjelioak berak ere ez duela liberatzen emakumea bizi duen gizonezkoen esklabo-egoeratik. Alabaina, kontakizunaren ikuspegi hori estatubatuarregia da, eta gaur egunekoegia. Markosek esan nahi duena, ez da emakume kristau batek gizonezkoaren zerbitzura egon behar duela, baizik eta amaginarreba erabat sendatu duela Jesusek.

Egun bat Jesusen bizitzan: laguntza eta otoitza

Guk, ez dakit ez noiztik ez zergatik, 0 orduan hasten dugu egun berria; zentzuzko edozein pertsona ohean dagoenean (espainol asko izan ezik). Biblian, eguna eguzkia sartzearekin bukatzen da (17:30 inguruan edota zerbait beranduxeago, urte-aroaren arabera). Horregatik, kreazioaren kontakizunak ez du esaten «igaro zen goiz bat eta igaro zen arratsalde bat, lehenengo eguna», baizik eta «igaro zen arratsalde bat eta igaro zen goiz bat…». Xehetasun hau garrantzizkoa da Markosen kontakizuna ulertzeko.

Eguzkia sartzean bukatu da larunbata; orduz gero, jendea ibil daiteke, eros dezake, etab., eta aukera horretaz baliatu dira gaixo guztiak eta deabrudunak Jesusengana eramateko. Ez da esaten zenbat denbora behar izan duen haietako asko sendatzeko. Pentsatzekoa da, berandu arte ariko zela. Israelen, Mediterraneo guztian bezala, gaua ez da iluntzen istant batean. Ez du esaten ere Markosek, non afaldu duten Jesusek eta ikasleek, ezta nora erretiratu diren lotarako ere. Ebanjelioak ez dira biografia bat, eta ez dira luzatzen bigarren mailako xehetasunak kontatzen.

Alderantziz, Markosek dio goizean goiz jaiki zela Jesus, leku bazter batera joan eta otoitzean jardun zuela. Hitz hauek datoz burura: «Jainko, ene Jainkoa, goizetik nabil zure bila» (Sal 63[62]). Ebanjelioaren hasieran gaude, eta Jesusen bizitzan etengabea izango den zerbait adierazten du Markosek: Jesusen otoitza, Aitarekin egunero eta bizi-bizi egotea, hartatik, bere misioa aurrera eramateko, indarrak hartuz.

Misio honen ezaugarria ez da, ez erosotasuna, ez erraztasuna. Kafarnaumen jende guztia hari da Jesusez galdezka, hura ikusi eta hari entzun nahian. Alabaina, berriro Galilea guztian barna ibiltzea erabaki du Jesusek. Egina zuen hori berak bakarrik, Joan kartzelan sartu zutenean. Oraingo honetan lau ikasle ditu bidelagun. Eta hitz egiteaz gain, deabruak botatzen ditu.

Sekretu mesianikoa

Eguzkia sartzean gertatu denaz hitz eginez, Markosek dio, kasik bidenabar, «deabru asko bota zituen; eta deabruek ezagutzen zutenez, ez zien uzten hitz egiten». Ideia hau askotan errepikatzen du ebanjelariak; ideia honi Wilheim Wrede-k, 1901ean, izen hau eman zion: «sekretu mesianikoa Markosengan». Jesusek ez du nahi jendeak hasieratik jakitea beraren benetako nortasuna; pixkana-pixkana joan behar dute bera ezagutzen, berari entzunez eta jarduten ikusiz.

Job, Jesus eta gu

Ez dakit zerk eragin dien lehen irakurgaitzak Joben testua aukeratzera. Dena den, kontraste handi bat nabari da. Sufrimenduak jota utzi duen gizona da Job; horizonterik gabe gelditu da, bizitza zorakeriatzat emana du. Jesusek, aldiz, gainerakoei laguntzeko egundoko ahalbide bezala ikusten du bizitza. Ez dezagun ahaztu, bere baitan triku bilakatu den pertsona egin duela sufrimenduak Job; Jesus, berriz, Jainkoari eta gainerakoei ireki-irekia bizi da. Geure esku dugu bietatik zein hartu eredutzat.

José Luis Sicre