Jesusen ezohiko jokabidea (Markos 1,29-39)
Urteko 5. igandea B (2018-02-04)

Joan den igandeko ebanjelioak kontatu zigun, Jesusen predikuak eta espiritu likitsen gaineko beraren ahalmenak txundidura eragin zutela. Hori guztia larunbat batean gertatu zen Kafarnaumeko sinagogan. Igande honetako ebanjelioak, larunbat hura nola bukatu zen kontatzen digu eta segidako egunetan zer gertatu zen.

Jesusek larunbatean sendatu

Jesusen irakaspenak harridura eragin zuen, aginpidez edo itzal handiz irakasten zuelako, eta ez lege-maisuek bezala. Eta aginpide hori bera azaldu du larunbatean Pedroren amaginarreba sendatzean. Markosen kontakizun hau irakurtzen duenak ez dio erreparatuko sendatzea larunbatean egin izanari. Baina beste ebanjelioak kontuan hartu eta jakitean Jesusen aurkako salaketarik handiena larunbatean sendatu izana izan zela, xehetasun horrek garrantzi handiagoa du.

Mirarien inguruko kontakizun bat segidako osagai hauek eratzen dute eskuarki: a) gaixoa aurkezten da, batzuetan gaixotasunaren larria azpimarratuz; b) dagokionak edo beste lagun batek sendatzeko eskatzen du; c) Jesusek sendatzen du, batzuetan bere hitzaz bakarrik, batzuetan egintza-motaren batez; d) gaixoak azaltzen du sendatu egin duela; esaterako, elbarriak lepoan hartu du esku-ohea, herrena saltoka hasi da. Gure kasu honetan, kontakizuna guztiz laburra da eta oso laster kontatu du dena: «Simonen amaginarreba ohean zegoen sukarrez, eta esan zioten. Jesusek hurbildu, hura eskutik hartu eta jaikiarazi zuen. Sukarra joan zitzaion eta zerbitzatzen hasi zitzaien».

Gaixoaren sukarra ez da gauza eskas bat, oherazi egin du emakumea. Eta Jesusi esan izanak adierazten digu kezkagarri izan dela familiarentzat. Jesusek ez du hitzik jaulki, eskutik hartu eta jaikiaraztera mugatu da. Erabat sendatu dela azaltzeko, zerbitzatzen hasi zaie emakumea.

Ameriketako Estatu Batuetako feminista muturreko batek azken xehetasun honetatik atera zuen, ebanjelioak berak ere ez duela liberatzen emakumea gizonezkoen esklabo izatetik. Jakina, ikuspegi estatubatuarregia da hori eta gaurkoegia kontakizunaz. Markosek esan nahi duena, ez da emakume kristau batek gizonezkoaren zerbitzura egon behar duenik, baizik eta amaginarreba erabat sendatu zela.

Egun bat Jesusen bizitzan: laguntza eta otoitza

Guk, ez dakit ez noiztik ez zergatik, egun berria 0 ordutik hasi ohi dugu, edozein pertsona zentzudun ohean dagoela (espainol asko salbu). Biblian, eguna eguzkia sartzean bukatzen da (17:30 inguruan edo zerbait beranduago, urte-sasoiaren arabera). Eguzkia sartzean bukatzen da larunbata, atseden-eguna, eta biharamuneko eguna hasten da. Jendea ibil daiteke artean, eros dezake, etab., eta gaixo eta deabruak hartutako guztiak Jesusi eramateko baliatzen dira abaguneaz. Testuinguru honetan dio Markosek, bidenabar kasik, Jesusek «deabru asko bota zituela, eta deabruek ezagutzen zutelako, ez ziela uzten hitz egiten» Jesusek. Ideia hau, joan den igandean deabrudunaren kontakizunean azaldua eta beste une askotan errepikatua, «Markosen liburuko mesiastar secretu» bezala azaldu zuen Wilhelm Wredek 1901ean. Jesusek, alegia, ez du nahi jendeak hasieratik jakitea beraren egiazko nortasuna, pixkana joan behar du hori aurkitzen, Jesusi entzunez eta jarduten ikusiz.

Gaixoak sendatzeari emanik jarraitu du Jesusek. Ez digu esan Markosek zenbat denbora jardun duen Jesusek lan horretan. Pentsatzekoa da, berandu arte jardungo zuela. Israelen, Mediterraneo guztian bezala, gaua ez da iluntzen kolpetik. Ez digu esaten ere Markosek non afaldu duten Jesusek eta ikasleek, ezta ere non gelditu diren lotarako. Ebanjelioak ez dira inoren biografia, eta ez dira luzatzen bigarren mailakotzat ematen dituzten xehetasunak adierazten.

Aitzitik, Markosek dio, Jesus egunsentian jaiki zela, leku bakarti batera joan zela eta otoitzari eman ziola han. Gogora datoz Salmo 63.aren hitz hauek: «Ene Jainko, zu zara ene Jainkoa, zugatik naiz goizean goiz jaikitzen». Ebanjelioaren hasieran gaude, eta Jesusen bizitzan gauza etengabe izango den zerbait seinalatzen du horrek: otoitza, Aitarekiko harreman eguneroko eta bizia, hartatik aterako baitu indarra bere misioa edo egitekoa aurrera eramateko.

Misio honen ezaugarria ez da izango zerbait eroso eta erraz bat aukeratzea. Kafarnaumen jende guztia ari da Jesusez galdezka, ikusi egin nahi du, entzun egin nahi dio. Alabaina, berak Galilean zehar ibili nahi du berriz ere. Egina zuen ibilbide hori berak bakarrik, Joan Bataiatzailea preso sartu zutenean. Oraingoan lau ikasleak lagun dituela egingo du. Eta ez du egiten predikatu bakarrik, gainera deabruak botatzen ditu.

Job, Jesus eta gu

Joben liburuko testu bat aukeratu dute liturgialariek lehen irakurgaitzat; segur aski, Jesusek sendatu dituen gaixoengan pentsatuz. Alde handia dago, ordea, Joben eta ebanjelioko gaixo guztien artean. Sufrimenduak desegin duen gizona da Job, norakorik gabea, bere bizitza zorakeriatzat du, konbentziturik dago bere egunak esperantzarik doazela gastatzen eta bere begiek ez dutela ikusiko gehiago zorionik. Aitzitik, ebanjelioko gaixoek eta beraien ingurukoek Jesusek sendatuko dituen esperantza arnasten dute, eta lortu ere bai. Jakina, horretatik ezin atera dugu ondorio gehiegizkorik, pentsatuz, Jesusez fidatzen den gaur egungo edozein gaixo sendatuko dela. Halere, Jesusengan konfiantza izan eta harengana hurbiltzen denak ez du bukatu etsirik eta nahigabeturik, Jobek bezala.

José Luis Sicre